Pandora hanburgesa
OSAGAIAK
-Haragi xehatua
-Tipula
-Emmental gazta
-Gazta freskoa
-Hirugiharra
-Arrautza
-Irina
-Gatza eta piperbeltza
-Ogi birrindua
PRESTAKETA
Lehenik, bi hanburgesa egingo ditugu, haragi xehatua arrautza irabiatuarekin, gatzarekin eta piperbeltzarekin mazeratuz, eta bietako batean bi tipula eraztun jarriko ditugu, gordinik. Eraztunen kanpoaldean emmental gazta jarriko dugu, eta barruan, berriz, gazta freskoa. Ondoren, zartaginetik pasatako hirugiharra jarriko diogu gainean, eta bigarren hanburgesarekin itxiko dugu. Prest edukitzean, irinarekin, arrautzarekin eta ogiarekin birrineztatuko dugu, zartaginean frijitu aurretik. Amaitzeko, entsalada pixka bat eta patata frijituak gehitu diezazkiokegu. On egin!
“Azken urteetan aukera gutxi izan ditut jaietara etortzeko, baina orain festaz egunero gozatzeko prest nago”
Parte Zaharreko Rekalde taberna itxita, Agus Rodriguezek Pandora ireki zuen Grosen, urte hasieran. Taberna berriaren lehenengo jaiak izango dira hauek, eta astelehenetik aurrera kartan eskainiko duten hanburgesa berriarekin, auzotarren sabelak parrandarako behar bezala betetzea espero du.
Jaietarako prest?
Oso gogotsu gaude. Rekalden egin ditugun hamazazpi urteetan zehar aukera gutxi izan dut jaietara etortzeko, baina orain festaz egunero eta egun osoz gozatzeko prest nago.
Zerbait egingo duzue tabernan?
Beti esan izan dut Groseko jaietan auzotarrak protagonista izatea lortu dela. Herritarrak euren ekimen propioak antolatzeko gai dira, eta auzoko hainbat tabernek ere egitarau propioak egiten dituzte. Guk, nola ez, gure ekarpentxoa egin nahi izan dugu, eta Txan Magoaren ikuskizuna antolatu genuen ostegunean. Horrez gain, Groseko Asanblada Feministaren eskutik, Punkaraokea izango dugu gaur gauean.
Zu Grosekoa zara. Zer nolako lotura duzu Zipotz jaiekin?
Hemen ondoan jaio nintzen, Jose Maria Soroa kalean, eta auzoan hazi nintzen. Niretzat esanahi berezia dute Grosek eta bere jaiek. Hain zuzen, garaiko gazte asanbladako kide gisa, Zipotz jaien sorreran parte hartu nuen festak berreskuratu zirenean.
Zein plater gomendatuko zenioke parranda egin ostean tabernara datorrenari?
Ajeari buelta emateko, Pandora hanburgesa gomendatuko nioke. Kontua da ea pertsona bakar bat gai ote den hanburges hori laguntzarik gabe amaitzeko!
Auzoko beste zein taberna gomendatuko zenuke jaietarako?
Asko dira: Kixkurra, Txindoki, Ipotx, Marruma, Zas taberna… Eta ziur beste asko ahazten ari zaizkidala!