Tortilla betea

OSAGAIAK
- Tipula.
- Piper berdea.
- Patata.
- Arrautzak.
- Gatza.
- Oliba olioa.
- York urdaiazpikoa.
- Gazta.
PRESTAKETA
Mikel tabernako tortilla betea egiteko, lehenik eta behin ohiko patata tortilla prestatu beharko dugu. Hau da, tipula, patata eta piper berde pixka bat oliotan frijituko ditugu, bigun gelditu arte. Ondoren, zartaginetik aterako ditugu tipula, patata eta piper berdeak, eta lehenago irabiatutako arrautzekin nahastuko ditugu. Hori guztia bakoitzaren gustuaren arabera gatzarekin onduz.
Zartaginean olio pixka bat utziko dugu, eta nahasketaren erdia botako dugu, gutxi gora behera. Egiten ari den bitartean, york urdaiazpikoa eta gazta jarriko ditugu gainean. Amaitzeko, gelditzen zaigun nahasketarekin itxiko dugu tortilla, eta prest dagoenean platerean jarriko dugu. On egin!
“Hogeita hamabi urte beteko dira nire gurasoek taberna hau ireki zutenetik, eta tortilla betea hasieratik egon da”
Zergatik aukeratu duzu pintxo hau?
Hogeita hamabi urte beteko dira nire gurasoek taberna hau ireki zutenetik, eta tortilla betea hasieratik egon da. Beste batzuk berriagoak dira, baina hau hasieratik egon da eta oso ondo saldu da beti.
Beraz, urte asko daramatzazue tabernarekin.
Abuztuan hogeita hamabi urte egingo ditugu. Nire gurasoek ireki zuten, eta gero seme-alabak sartu ginen. Aita hil zen, eta guk hemen jarraitzen dugu. Nire anaiekin batera daramat taberna.
Urnietan ere beste taberna bat daukagu, Guria taberna. Duela sei urte hartu genuen eta hor gabiltza, baina hasierakoa hau da.
Zer bezero mota izaten dituzue?
Astean zehar langileak eta auzoko betiko jendea, gehienbat. Asteburuan, aldiz, paseatzen edo bidegorritik bizikletan etortzen den jende asko izaten dugu. Donostiatik, Hernanitik eta Astigarratik jende asko etortzen da. Hau da, astean zehar eta asteburuetan etortzen den jendea desberdina da. Eguraldia ere nabaritzen dugu, ona egiten badu jende gehiago etortzen baita.
Zein da zuen ordutegia?
Astean zehar, langileak daudenez, 6:00etan irekitzen dugu eta 23:00ak aldera ixten dugu (udan beranduago). Asteburuetan 8:00etan irekitzen dugu, eta normalean baino beranduago itxi.
Zein da zuen eskaintza?
Barrako pintxo guztietaz gain, plater konbinatuak ere ematen ditugu, sandwichak, ogitartekoak… Denetarik. Bazkari azkarrak ematen ditugu, eta ez dugu menua ematen lekurik ez daukagulako.
Bestalde, 19:00etatik 21:00etara 2=1 eskaintza daukagu egunero: Bi pintxo hartzen dituzu eta bat ordaintzen duzu. Gainera, ostiraletan pintxo potea egiten dugu.