Ozeanoetan plastikoek eragindako arazoaz kontzientziatzea helburu duen 'Itsaslaminak' proiektua aurkeztu dute
Donostiako Cristina Enea Fundazioak, Malandain Biarritz Balletak eta Iruñeko Udalak hartzen dute parte ‘Itsaslaminak’ proiektuan, eta Donostiako, Iruñeko eta Biarritzeko Udaletako ordezkariak egon dira gaurko aurkezpenean. Joan den ikasturtean proiektuaren fase pilotu bat egin zuten Donostiako, Iruñeko eta Ipar Euskal Herriko eskolatan, eta aurten aipatu lurraldetako 45 eskola-taldetara (1.500 ikasle) iritsi nahi dute, fase pilotuko hirukoitza, hain zuzen.
Hondakin plastikoak ozeanoetan eragiten ari diren kalteetaz gazteak kontzientziatzea du helburu proiektuak. Izan ere, antolatzaileek azaldu dutenez, urtero hamabi tona zabor heltzen dira, eta gehienak hondakin plastikoak dira. Horregatik, DBHko lehen mailako ikasleekin arituko da proiektua, eta dantza arloko profesionalek ingurumenaren sentsibilizazioaren inguruko profesionalek elkarlanean egingo dute, arte eta zientzia uztartuz. Lau etapa izango ditu proiektuak:
1- Saio mistoa: Ingurumenaren arloko hezitzaileek programa aurkeztuko diete gazteei, eta Goel Domenger koreografoak dantzaren mundua hurbilduko die.
2- Dantza ikuskizuna: Ikasleek Biarritzeko Malandain Balletaren Itsaslaminak obra ikusiko dute. Izan ere, itsasoetan ematen den plastikoen kutsaduraren gaia planteatzen du obra horrek.
3- Saio koreografikoa: Obra ikusi ondoren, Ione Miren Agirre dantzariak ikasle talde guztiekin obran sakonduko du, eta koreografia bat prestatuko dute.
4- Baliabide pedagogikoak: Ikastetxeek beren esku izango dute baliabide didaktiko sorta bat. Bertan 7 unitate izango dira ikasgelan lantzeko metodologia pedagogiko desberdinak proposatuz.