Txokolatea, haur errefuxiatuen hezkuntza sustatzeko
Txokolatezko irribarreak, sormenezko testuak eta errezetak biltzen ditu Kikarakada proiektuko liburuak, eta irabaziak haur errefuxiatuen hezkuntzara bideratuko dituzte.
Lesbosen (Grezia) dauden haur errefuxiatuentzako proiektua da Kikarakada. Txokolatea du ardatz proiektuak, eta errefuxiatuen salbamendu jakak irudikatzen dituzten kikara laranjak salduz, Durangoko Azokan aurkezten ari diren liburua finantzatu dute. Hortik ateratzen duten dirua haur errefuxiatuen hezkuntzara bideratuko dute.
Lesbosen dauden errefuxiatuen inguruko berriak telebistan ikusten ari zela, Kikarakada proiektua abiaraztea bururatu zitzaion Galder Izagirre Diapositivisme Studio atariko argazkilariari: “Zer egin nezakeen pentsatu nuen, eta hortik sortu zen proiektua. Momentu horretan oso haur txikiak nituen, eta hurbiletik sentitzen nuen zenbat desberdintasun dauden jaiotzen zaren lekuaren arabera”.
Horrela, Kikarakada proiektua aurkeztu zien Gaztezulo hedabideko Gaizka Izagirre kazetariari eta Zaporeak egitasmoko Oraitz Garciari. Gaizkak azaldu duenez, ez zuen inolako zalantzarik izan egitasmora batzeko orduan: “Oso erraza egin zitzaidan erabakia hartzea, haurrekiko sentsibilitate berezi bat dudalako. Gaztezuloko lantaldean ere oso harrera positiboa izan zuen”. Zaporeaken jarduna errefuxiatuei elikagaiak eramatean datza, baina Garciaren arabera, argi ikusi zuten Kikarakadan ere sartu behar zirela: “Hezkuntzaren inguruko proiektu batean sartzea positiboa iruditu zitzaigun”. Hezkuntzara bideratutako proiektua da, baina zubi lana txokolateak egiten duela adierazi du Galderrek, “poztasunerako elikagai unibertsal gisa ulertuta”. Izan ere, argazkilariaren arabera, “hezkuntza, txokolatea bezala, haur bati ukatu ezin zaion eta inoiz falta behar ez zaion zerbait da”.
Euskal Herriko haurrak fotografiatzen hasi zuen proiektua Galderrek, txokolatea jaten zuten bitartean, euren poztasuna islatuz. Ondoren, hirurak Lesbosera joan ziren, eta han txokolate jana antolatu zuten, haur errefuxiatuen erreakzioak ere fotografiatuz. Bisita horrek asko markatu zuen Gaizka: “Moriako errefuxiatuen kanpamentuan egindako janari banaketak bereziki markatu ninduen. Proiektuan sinesten banuen, are gehiago sinetsi nuen orduan”. Horren harira, txokolatearekin munduko haur guztiak abstraitzen direla azpimarratu du Galderrek, eta momentu hori haur errefuxiatuekin “magikoa” izan zela, nahiz eta “askoren aurpegietan ikusten zen ez zitzaiela irribarrea ateratzen”.
Liburua, proiektuaren emaitza
Euskal Herriko eta Lesbosko haurrei txokolatea jaten zuten bitartean egindako argazkiekin, bilduma bat egitea zen hasierako asmoa, baina Garciak azaldu du hori zabaltzeko erabakia hartu zutela: “Hainbat esparrutako pertsonari eskatu genien testuak idazteko, ‘haur errefuxiatuak eta txokolatea’ gaiarekin askatasun osoa emanez”.
Arrakasta izan zuen eskaerak, eta Euskal Herriko hainbat kazetarik, idazlek, musikarik eta bertsolarik idatzi dituzte testuak, hala nola, Ane Irazabalek, Harkaitz Canok, Fermin Muguruzak eta Miren Amurizak. Emaitzarekin pozik agertu da Garcia: “Testu ederrak daude liburuan, eta oso argazki bilduma ederra osatu dugulakoan gaude”.
Testu horietaz gain, txokolate beroa prestatzeko hamazazpi errezeta ditu liburuak, Elena eta Juan Mari Arzak, Pedro Subijana eta Anne Otegi sukaldariek idatzitakoak, besteak beste. Izan ere, Gaizkak nabarmendu du proiektuak euskal kulturaren “hiru zutabeak” uztartzen dituela: “Sukaldaritza, sormena eta artea”.
Liburuak, beraz, Euskal Herriko zein Lesbosko kanpamentuetako haurren argazkiak biltzen ditu, txokolate kikara bat hartzen duten bitartean. Horretaz gain, aipatu testuak eta errezetak ditu, beraz, “lasai irakurtzeko eta erabiltzeko liburu bat da”, Garciaren arabera. Kikara laranjekin batera erosi ahal izango da liburua Durangon, eta eskuratutako dirua Pikpa eta Refugee 4 Regufees erakundeetara bideratuko dute, haur errefuxiatuek hezkuntza duin bat izan dezaten.
Proiektua harrera ona izaten ari da, eta hala jarraituko duela uste du Garciak: “Euskal jendartea osoa solidarioa dela uste dugu, eta proiektua elkartasun horren ikur bilakatzea nahi dugu”.