"Emakume boteretsu bat izatea ez da erraza, gizarteak gaiztotzat hartzen zaituelako"
Geldi egon ezin duen pertsona horietako bat da Maitena Salinas (Beasain, 1980). ‘Goenkale’-rengatik da bereziki ezaguna, baina kazetari gisa lan asko ere egin du, eta entrenatzaile pertsonala ere bada. Asko bidaiatu badu ere, Donostia bere egin du.
Zergatik aukeratu duzu Kata.4 taberna?
Terraza hau Equilibriumen ondoan dago, nire ahizparen eta nire koinatuaren entrenamendu zentroaren ondoan. Beraz, niretzat zonalde hau oso etxekoa izan da beti. Ni ere entrenatzaile pertsonala naiz, eta urte batzuk eman ditut hemen lanean, baina lanean ez nagoenean ere hona etortzen naiz entrenatzera.
Noiztik zara entrenatzaile pertsonala?
Badira hamasei urte. Nire ahizpa kirol fisiologoa da, eta kazetaritza ikasi ostean, esan zidan entrenatzen hasi behar nuela. Beti izan naiz kirolzalea, baina ordura arte ez nuen gauza handirik egin. Gauza batean sartu behar naizenean, buru-belarri sartzen naiz. Horregatik, entrenatzaile pertsonala izateko formakuntza egin nuen, eta pilatesen ere espezializatu nintzen. Urte batzuk eman nituen hemen lanean, kirola aktore lanekin eta kazetaritzarekin uztartuz.
Dieta asko zaintzen duzu?
Ezagutza minimo batzuk izan behar ditugu, baina gorputzak berak jakituria handia dauka. Askotan, makina baten moduan tratatzen dugu, baina ez da makina bat, gorputza ideiak eta sentimenduak jasotzen dituen tenplua da. Zentzu horretan, norberaren zaintza gustatzen zait, iruditzen zaidalako autoestimurako bide bat dela. Hala ere, ez naiz obsesiboa, bizitza gozatzeko dagoela uste dut, eta gozatzea kirola egitea eta norbera zaintzea da, baina baita noizean behin bermuta hartzea. Grasa aldetik, zer esango dizut, ni beasaindarra naiz, eta odolkiak gustatzen zaizkit.
Beasaingoa bazara ere, Donostian bizi zara, ezta?
Gaur egun bai, baina toki askotan bizi izan naiz.
Adibidez?
Salamancara joan nintzen ikasketak egitera, eta gero hona itzuli nintzen. Ondoren, Bartzelonara joan nintzen tarte txiki batean, eta Madrilera ere bai. ETBn editore moduan lanean ibili nintzenean, Bilbon egon nintzen. Oxforden ere egon nintzen bizitzen, baita Bristolen ere… Dezente mugitu naiz, uste dut 28 mudantza daramatzadala.
Egia da, baita ere, beti Donostiara itzultzen naizela, nire familia hemen bizi delako, beraz, nire oinarria Donostia da. Nirea egin dut jada, nahiz eta Salamancatik bueltatzen nintzenean arrotza egiten zitzaidan. Gaur egun, ordea, ez. Gero eta euskaldunagoa da, eta bizi kalitatea oso ona da; natura hemen ondoan daukagu, eta aldi berean mugimendua daukagu hirian.
Nola eman zenuen ikus-entzunezkotik aktore lanetara saltoa?
Ikasketak bukatu nituenean, proba batzuk egin nituen ETBrako. Proba guztiak gainditu nituen, baina ez ninduten hartu. Gogoratzen dut amari behin bromatan esan niola, ‘nik Santiago Segurak bezala egin behar dut, telebistako saio batera lehiakide gisa joan zela, eta azkenean barrura sartu zela’. Esan eta egin. Kalera saiorako deitu ninduten, eta castingeko galderak gainditu nituen, saioko lau lehiakideetako bat izatera pasatuz. Nire kezka zen lehenengo kaleratua ez izatea, gero herrian lotsa pasako nuelako. Bada, irabazi egin nuen. Hortik, Sorginen Laratzakoek ikusi ninduten, eta deitu egin zidaten.
Salamancan zeunden garaiko bideo batzuk ikusi ditut, eta dagoeneko aktore lanak egiten zenituen.
Bideo horiek 2002an Salamanca Europako Kultur Hiriburua izan zenekoak dira, hango telebistak kultur hiriburutzaren harira egin zuen saio batekoak. Esketx komikoak egiten nituen, eta aldi berean kazetaritza lanak egiten nituen Efe agentziarentzat. Uste dut gerora nire bizitza izango zenaren metafora bat izan zela garai hori, aldi berean kazetaritza lana eta aktore lana egiten, umorearekin eta komunikatuz.
Kazetari gisa lan asko egin duzu?
Ni giza eskubideetan espezializatu nintzen. Beti egon naiz arduratuta, baina erabaki nuen akademikoki ere ezagutzak izan behar nituela. Gaur egun, Argituz elkartearen parte naiz, eta azken 60 urteetako Euskal Herriko biolentzia politikoa aztertzen dugu. Bestalde, feminista hitza entzuten ez zen garaian nik aldarrikatzen nuen feminista nintzela, eta emakumeen indarkeriaren aurkako ekintza askotan hartu dut parte.
Gea dokumentala egin nuen 2012an. Goierriko hainbat emakume elkarrizketatu genituen horretarako, adin desberdinetakoak, eta konturatu ginen denok genituela arazo berdinak, emakume izateagatik.
Nola gogoratzen dituzu Sorginen Laratza saioko urte haiek?
24 urte dituzunean bere prestigioa zuen zuzeneko batean sartzeak ikara pixka bat ematen zuen. Zorionez, bi lagun izan nituen han, Myriam Miranda eta Aitziber Garmendia, eta gaur egun oso lagun minak gara. Erronka berri horretan elkar babestu genuen, ez zelako erraza jakitea zein irudi eman nahi zenuen emakume gisa. Nik ikusten nuen bozgorailu hori nire baloreak transmititzeko erabili behar nuela. Oso argi izan dut hori beti, aktore lanetan ere bai: nolakoa da nire rola, nola dago ikusita, patriarkatutik dago eraikia, eta abar.
Goenkaleko pertsonaiarekin hori islatzen zenuen nolabait, ezta?
Nola ikusten zenuen zuk?
Emakume boteretsua eta izaera handikoa iruditzen zitzaidan.
Lau urtez egin nuen Mireia Mirandarena, eta jende askok esaten zidan gaiztoarena egiten nuela. Horrek harritu egiten ninduen, bere gauzak zituelako pertsonaiak, baina berez ez zen gaiztoa. Kolore handiko pertsonaia zen, eta hori zorte handia da aktore batentzat. Ni eskertua besterik ez nago, gauza asko irakatsi zizkidalako. Pertsonaia horrek pisua hartu zuen, eta emakume boteretsu bat izatea ez da erraza, gizarteak gaiztotzat hartzen zaituelako. Emakume batek zer nahi duen dakienean, beldurra ematen du.
Nola hasi zinen Goenkalen?
Bristolera joan behar nuen sanferminetako txupinazo egunean, eta ez nekien zenbat denbora egongo nintzen han. Joan baino bi aste lehenago, ETBtik deitu zidaten, Goenkalerako proba bat egitera joateko. Lasai joan nintzen, pentsatuz berdin-berdin Bristolera joango nintzela. Hara non, eta hartu egin ninduten. Sartu nintzenean, papera txikiagoa zen, baina gorputza eta pisua hartzen joan zen, eta aktore zein pertsona moduan momentu handiak bizi izan ditut Goenkalen.
Non ibili zara gusturago, aktore lanetan ala kazetari lanetan?
Nik oraindik ez daukat seme-alabarik, baina hori zein seme edo alaba maite duzun gehiago esatea bezala da. Ni hiru gauzak naiz: aktorea, kazetaria eta entrenatzaile pertsonala. Jendea harritzen da hiru gauza horiek naizela esaten dudanean, joera daukagulako pertsonak etiketatzeko. Niretzat kazetaritza da ideien mundua analizatzera eramaten nauena, jendea ezagutzera. Aktore lanak egitea terapia egitea iruditzen zait, besteak hobeto ezagutzeko laguntzen didalako, eta bizitza bat baino gehiago izateko aukera ematen didalako. Azkenik, entrenatzaile lanari dagokionez, askotan, burua, bihotza eta gorputza banantzen ditugu, eta, niretzat, hiru gauzak jakituria iturri eta zure espresioaren bide dira.
Jendeak kaletik ezagutzen zaitu Goenkalerengatik oraindik?
Bai, eta ilusio handia egiten dit bereziki amonekin [barreak]. Ez dago amonak baino publiko hoberik. Askotan, semaforo batean geldirik zaudenean, begira gelditzen zaizkizu, eta, ‘Zu Goenkalekoa zara!’ esaten dizute. Momentu hori oso polita da, zu beraien etxeetan sartu zarelako.
Nola ikusten duzu Goenkaleren ondorengo helduentzako euskarazko telesailen produkzioa?
Falta direla iruditzen zait. Aurrekontu handiko euskarazko telesail handiak egitea falta da. Ohituta gaude aurrekontu txikiekin gauza handiak egitera, eta ona izan daiteke hori, baina edozein alorretako apustuak egiteko dirua behar da. Talentua badago herri honetan, eta euskaraz nahi dugun guztia eta gehiago egin daiteke, beti ere, baliabideak baditugu.
Gaur egun aktore gisa lan egiten ari zara?
Ez, ia urtebete daramat Albaola Museoaren Pasaia Itsas Jaialdiko koordinatzaile moduan. Jaialdia antolatzen ari gara, eta itsas kontuetan erabat murgilduta nago; asko ikasten ari naiz. Maiatzaren 28tik ekainaren 1era ospatuko dugu, eta aukera paregabea da etxekoei helarazteko zer garen eta zer izan garen.
Aktore lanetara itzuliko zara?
Esaten didazu, eta tximeletak sentitzen ditut. Aktore lanarekin daukadana zoragarria da, zerbait mugitzen dit barruan, eta oraintxe hori esan didazu, eta maitemintzen zarenean sentitzen duzun hori sentitu dut sabelean. Horrekin dena esaten dizudala uste dut [barreak].
HAMABIETAN BERMUTA: Bermuta eta gilda.
Non. Kata.4 taberna. Santa Katalina plazatxoa, 4 (Erdialdea).
Prezioa. 4,50 euro.