"Kontraesanak topatzea gustatzen zait, baita debatea euskaraz sortzea eta sustatzea ere"
Euskaldunok ere Internet bidez jendea ezagutu ahal izateko helburuarekin sortu zuen Iñigo Arandiak ‘kaixomaitia.eus’ ataria, eta gero eta erabiltzaile gehiago ditu. Euskal Herriko harreman afektibo eta sexualei buruzko inkesta egin berri dute, eta laster izango dituzte emaitzak.
Zergatik aukeratu duzu Gorriti taberna?
Nire taberna kutunena Pandora izan daiteke, baina hau aukeratu dut ia goizero etortzen naizelako gosaltzera. Lehen, Rekalde irekita zegoenean, han gosaltzen nuen, eta orain, Pandorara joaten saiatzen naiz, baina hura baino urrutiago daukat. Horregatik, hona etortzen hasi nintzen. Oso jende atsegina da, giro ederra egoten da, eta euskaldunak dira.
‘Kaixomaitia.eus’ atariagatik zara ezaguna, baina zure jardun nagusia beste bat da, ezta?
Tinko Euskara Elkartean nabil. Duela 25 urte sortu zuen nire amak, euskarazko zinema areto komertzialetara eramateko helburuarekin. Hezkuntza proiektu batean bilakatu zen, haurrei euskarazko filmak ikusteko zaletasuna eta ohitura sortzeko. Hezkuntza sisteman zortzi film banatzen ditugu urtero, material didaktikoarekin batera.
Ligatzeko erak aldatzen ari direla adierazten du ‘kaixomaitia.eus’-ek?
Adinari oso lotuta dago hori. 30 urtetik beherako jendea, harremanak egiteko garaian, festa eta taberna giroan mugitzen da oraindik ere. Egia da, hala ere, jende gazteak gero eta gehiago erabiltzen dituela Tinder eta horrelako aplikazioak. Garai batean, tabua zen Internetetik ligatzea, baina uste dut pixkanaka normalizatzen ari dela, eta gaur egun bikotekidea aurkitzeko era nagusienetako bat da: AEBetan esaten dute bikote heterosexualen %50 sarean ezagutu direla. Gaur egun dena egiten dugu Internet bidez, horregatik, nire helburua Interneten euskarazko eskaintza egotea izan da hasieratik.
Nola erabaki zenuen ‘kaixomaitia.eus’ sortzea?
Ikasketak kanpoan amaitu nituen 2000 urtearen inguruan, eta han aukera izan nuen Interneta barrutik ezagutzeko. Era berean, porno produktore baten inguruko dokumental bat ikusi nuen orduan. Galdetu zioten ea bere lanarengatik bikotekidea topatzea zailagoa zen, eta jendea Internet bidez ezagutzen zuela esan zuen. Flash bat izan nuen, eta pentsatu nuen horrek euskaraz ere funtzionatu zezakeela.
Euskal Herrira ideia horrekin itzuli nintzen, eta 2007an kaixomaitia.eus atera genuen. Nahiko aurrerakoia izan zen momentu hartan, eta pozik nago emaitzekin, arrakasta erlatibo bat izan baitu.
Zein da ‘kaixomaitia.eus’-en berezitasun nagusia?
Berezitasun nagusia da euskaraz eta hemen egiten dugula. 2016an sexu inkesta egin genuen, eta orain errepikatu egin dugu. Ikuspegi nazional batetik egin dugu, inkesta euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez zabalduz, Euskal Herriko errealitate linguistiko guztiak hartzeko.
Zein da erabiltzaileen profila?
Horrelako webguneekin gertatzen den moduan, erabiltzaile gehienak gizonezkoak dira, nahiz eta esan beharra dagoen kaixomaitia.eus-ek duen ratioa nahiko ona dela zentzu horretan: emakume bat dago bi gizoneko. Batez besteko adina gizonezkoetan 36 urtekoa da eta emakumezkoetan 38 urtekoa, gutxi gorabehera. Gehienak gipuzkoarrak dira, euskalgintzako ia proiektu guztien moduan. Orokorrean, ikasketa maila altukoak dira, eta gero eta gehiago ikusten ari naiz 50 urtetik gorako jendea parte hartzen ari dela.
Harreman mota guztiak hartzen ditu aintzat ‘kaixomaitia.eus’-ek?
Lau atal ditugu, eta, izena ematen duzunean, nahi duzun atala aukeratzen duzu. Kaixo Maitia atal orokorra daukagu, 55+ atala, LGTBI atala eta Kaixo Maitale atala. Kaixo Maitale atalaren kasuan, 2016tik aurrera fokua altxatzen saiatu gara, ez duelako zertan jende guztiak harreman luze bat bilatu behar. Guk ez dugu epaitzen, eta arrakasta du, gizonezkoen artean, batez ere.
Internetetik kanpo jarduerak egiten dituzue?
Egin genuen azkena Pandorako Ber(ts)o saio erotiko festiboa izan zen, Bagera elkartearekin eta Pandorarekin elkarlanean. Lan dezente da horrelako zerbait antolatzea, eta oraingoz ez ditu oso emaitza onak izan. Aho-mihi jatetxetik deitu digute orain, eta begiratzen ari gara ea zerbait egin dezakegun. Zaila da, herri txikia garelako, eta jendeari lotsa ematen diolako oraindik.
Egunean Behin jokoan egin duzuen kanpainarekin nabaritu duzue erabiltzaileen gorakada?
Bai, esajerazio bat. Bi banner sortu nituen: sexu inkesta betetzeko bat, eta izena emateko beste bat. Inkestarenak sekulako arrakasta izan zuen, 8.000 inkesta bete baitziren, 2016an 2.500 inkesta betetzeko hilabete behar izan genuen bitartean. Izena emateko bannerrak ere arrakasta izan zuen, astebetean 2019 guztian izan genituen izen-emateen erdia lortu baikenuen.
Inkestaren emaitzak dituzue jada?
Inkesta itxi dugu, eta Aztiker datu guztiak biltzen eta balioztatzen ari da, ondoren ponderatzeko. 2016an egin genuen moduan, erantzunak gurutzatuko ditugu, hortik gure hausnarketak egiteko. Datuak publiko egingo ditugu apirila aldera, creative commons lizentziapean, eta baten batek gurekin kolaboratu nahiko balu, gu prest gaude.
Euskal Herrian txortan egiten ez dela eta hotzak garela dioten topikoak hausten ari gara?
Uste dut gazteak gero eta irekiagoak direla, baina klixe hori betetzen da, hein handi batean. Horregatik, sexu kantitateaz gain, garrantzitsua izan da inkestan asebetetze mailaren eta zoriontasunaren inguruan galdetzea.
Kontraesanak topatzea gustatzen zait, baita debatea euskaraz sortzea eta sustatzea ere. 2016ko inkestan jendeak esan zidan gauzarik interesgarriena zera izan zen: gai batzuen inguruan ez zutela inoiz hausnartu. Kritikak ere jaso genituen, baina hori ere garrantzitsua da.
Sukaldaritza ere gustuko duzu, ezta?
Oso txikitatik gustatu izan zait sukaldaritza, bai aita eta bai ama sukaldari onak zirelako, eta gu jatun onak ginelako. Niretzat, sukaldaritza meditatzea bezala da, sukaldean kontzentratzen naiz benetan. Orain, elkarrizketa bukatu, eta Bretxara bakailaoa erostera joango naiz, gauerako marinatzen jartzeko.
HAMABIETAN BERMUTA: Ardo beltza eta ganba.
Non. Gorriti taberna. San Juan kalea, 3 (Parte Zaharra).
Prezioa. 3,90 euro.