"Konfinamenduarekin eguneroko arazo estruktural asko geratu dira agerian, eta ez dira berriak"
Ia hiru aste igaro dira jada alarma egoera ezarri eta konfinamenduan gaudela. Nor bere etxean, pandemia bati aurre egiteko. Itxialdi garaietan elkarrizketak ere ez dira ohi bezala egiten, kasu honetan, aurrez aurre eta kafe baten bueltan elkartu beharrean, posta elektroniko bidez egin dugu, konfinamendutik konfinamendura.

Donostiako Mugimendu Feministako kideei hainbat galdera helarazi dizkiegu koronabirusaz hitz egiteko, eta modu kolektiboan erantzun dizkigute, nork bere etxetik baina batera.
Egilea: Malen Aldalur Azpillaga / Klitto.
Mugimendu feministak azken urteetan ozen atera du bizitzak erdigunean jartzearen aldarria plazara. Konfinamendu garaian inoiz baino ageriago geratu da behar hori. Zergatik?
Konfinamendu momentu honetan garbi geratzen ari da zaintzak ezinbestekoak direla bizitzaren iraupenerako. Horregatik uste dugu zaintza lan horiek politika eta erabaki guztien erdigunean egon behar dutela. Gainera, lan hauek, batez ere, emakumeok egiten ditugu eta ikusezinak eta bigarren mailakoak dira: osasun munduko langileak, etxeko langileak, garbitzaileak, dendetako langileak, ongizateko langileak, etxez etxeko langileak, etxeko andreak, zaintzaileak… Denok bizitza bizigarriak edukitzeko lan eta jarduera guzti hauen aitortza beharrezkoa da, zaintza lanak lehentasunezko lanak izan behar dira eta guztion ardura da.
Euskal Herriko gainerako herri eta hirietan bezala, Donostian ere auzoko hainbat zaintza sare osatu dira.
Konfinamendu egoerak behar ezberdinak sortu ditu; besteak beste etxetik atera ezin direnei erosketak egitea, haurrak eta adineko pertsonak zaintzea edo bakarrik dagoen jendearekin telefonoz hitz egitea. Nola bermatu hori ez bada auzotarrek sortutako sareen bidez?
Zein da Donostiako egoera?
Egunez egun geroz eta dei gehiago jasotzen ari gara eta udalaren kudeaketa agerian geratu dela esango genuke, beste behin ere. Sortutako beharrak kudeatzeko ezintasuna eta herritarrok sortutako ekimenenganako mesfidantza azaleratu dira. Beste herri batzuetan herritarrek udalarekin batera elkarlanean antolatu dituzte sareak, baina Donostian ez da halakorik gertatu. Sareak herritarrok sortu ditugu, eta hamar egun pasa direnean, udala deiak gure sareetara bideratzen hasi da, beraz, argi gelditu da ezinbesteko lan bat egiten ari garela. Hala ere, udalak baliabideak eta erraztasunak eskaintzea eskertuko genuke.
Zaintza sareetan izena eman duten boluntarioen kasuan ageri da genero aldetik datu esanguratsurik?
Zaintza sareak auzoka antolatu dira, eta bertan parte hartzen duten boluntarioen ehuneko handi bat, ia kasu guztietan, emakumeak dira. Ez gaitu harritzen zaintza eta borondatezko laguntzaz ari garenean emakume gehiago egoteak. Bestalde, zaintza sare bakoitzeko ordezkari batek edo bik Donostia mailako koordinazio batean parte hartzen dute, eta bertan boluntarioen parte hartzea antzekoa dela esan daiteke genero perspektibatik. Argi dago, beti bezala, ez dela kasualitatea koordinazio espazio horretan orekatuta egon arren, bigarren mailan edo azpiko lanetan gero emakume gehiago egotea.
Non dago oreka erakundeek hartu beharreko arduren eta herritarren auzolanaren artean?
Gure beharrak modu kolektiboan erantzutean zapaltzen gaituen sistema arrakalatzen dugula eta herritarron arteko sareak indartzen ditugula sinestuta gaude. Azken finean, kontra boterea sortzen ari garela uste dugu, subjektu politiko ahaldunduak bilakatzen ari gara, eta bizitza duinak izateko ezinbestekoak diren zaintza lanei aitortza egiten ari gara. Horregatik, horrelako egitasmoen autonomia mantentzea oso garrantzitsua dela uste dugu, baina era berean, erakunde publikoek, eta kasu honetan, Donostiako Udalak dituen baliabideak jarri beharko lituzke horrelako egitasmoen eskura, hau da, herritarren eskura.
Donostiarron ongizatea bermatzea da haien ardura politikoa, baina ikusten ari gara udalaren politikek eta aurrekontuek ez dituztela bizitzak jartzen erdigunean. Metroaren obretan xahutzen ari dira zaintza lanetan inbertitu beharko luketena. Uste dugu herri mugimenduaren eta erakundeen arteko harremana garrantzitsua eta ezinbestekoa dela, baina premisa batean oinarritu behar dela argi daukagu: herriak agindu, erakundeek bete.
COVID-19ari aurre egiteko neurri gogorrak hartu ditu gobernuak. Konfinamendu egoerak zein kalte ekarri ditzake genero ikuspegitik?
Genero indarkeria areagotuko da eta emakume askok ezin izango dute hortik alde egin. Bestalde, hainbat zapalkuntzen ikusezintasuna ere ekarriko du: besteak beste, indarkeria sexistarena, arrazakeriarena edo pobreziarena. Konfinamendu garaiak lanen eta bizitzen prekarizazioa ere handituko du, eta horrek ondorio psikologiko larriak ekarriko ditu; klasismoa ere azaleratuko du.
Azkenik, agerian geratu dira, besteak beste, militarizazioaren justifikazioa, jazarpen eta abusu poliziala, mugen itxierak eta deportazioak, eta, baita, farmakologiaren inbertsio justifikatua, industria farmakologikoaren gorakada ekonomikoa edo sistema ekobiozidaren erreprodukzioa ere.
Konfinamendua hasi eta gutxira erailketa matxista geratu zen Soraluzen eta Abanton eraildako bien hilketak salatzeko antolatutako elkarretaratzeak ere bertan behera geratu ziren birusari aurre egiteko neurriak direla eta. Arriskua areagotu dezake konfinamendu egoerak?
Oso zaila da jakitea zer ondorio zehatz ekarri ditzakeen isolamenduak erasotzaileekin bizi diren emakumeentzat, eta egoera mota desberdinak egongo dira, baina hainbeste egun zure erasotzailearekin giltzapetuta igarotzearen arrisku larria feministok ikusarazi dugun lehen alarmetako bat izan da. Euskal Herrian konfinamendua hasi eta 48 ordura emakume bat akabatu zuen gizon batek Soraluzen, eta gerora beste sei eraso egon dira gutxienez herri eta hiri ezberdinetan.
Orain eskuartean dugun erronka da nola iritsi arriskuan egon daitezkeen emakumeengana. Badakigu kasuak egon badaudela, etxeetan gertatzen dena entzuten dugu orain, beraz, ezinbestekoa da bizilagunen paperetik pentsatzea; hau da, bizilagunen presentziak gehiago pentsarazi diezagukeela komunitatetik kontroletik baino.
Euskal Herriko mugimendu feministak zaintza krisiari erantzuteko mahai bat sortu du. Nola baloratzen duzue?
Balorazio positiboa egiten dugu, beharrezkoa iruditzen zaigu horrelako mahai bat sortzea eta mugimendu feminista krisi honetako mintzakideetako bat izatea. Mugimendu feministan urteak daramatzagu zaintzari buruz hitz egiten, bizitza erdigunean jarri behar dela aldarrikatzen, eta krisi honetan argi geratu da mugimenduaren ekarpenak oso pertinenteak direla.
Gure genealogia eta lanari aitortza egiten diogu, eta lehen lerroan egoteko prest gaude, erantzun indibidualez harago, kolektiboki antolatzeko beharrari erantzun nahi diogulako.
Krisi egoera guztietan bezala, ahulenak aterako dira okerren. Konfinamendua ere ez da berdin guztiontzat, ezta?
Konfinamendu honen bidez hainbat egoera azaleratzen ari dira. “Etxean geratu” leloak batzuentzat biolentzia dakar inplizituki: etxeak ez dira mundu guztiarentzat espazio seguru, izan ere azken egunetan indarkeria kasu askoren berri izaten ari gara. Klase irakurketa ere gurutzatu behar diogu konfinamendu egoerari, etxe guztiek ez baitituzte bermatzen bizi baldintza duinak.
Horrez gain, Donostian pertsona asko dago gaur egun kalean bizi dena, eta orain inoiz baino ikusgarriago bihurtu dira normalean ikusezin bihurtzen diren arazo hauek. Konfinamenduarekin eguneroko arazo estruktural asko geratu ditu agerian, eta ez dira berriak.
Fanzinea zabaltzeko Twitterren honako esaldia erabili zenuten: “Badakigulako konfinamendua ere feminista izango dela, edo, bestela, basakeria. Konfinamenduaren aurrean ere, feminismoa da bide bakarra!”. Zer esan nahi du konfinamendu feminista batek? Nola egiten da hori?
Konfinamendu feminista bat deskribatzea zaila den arren, konfinamendu bizigarriago baten hurbilpen bat egiten saiatu gaitezke. Ikuspegi kolektibo batetik pentsatuta, kontzientziatik jardunda.
Geure buruaz eta patroiez jabetu behar dugu, ea konfinamendu honetan zerk gogaitzen gaituen eta nola jokatzen dugun horren aurrean. Era berean, lankidetzaren eta laguntzaren ideia datorkigu burura, aspaldian josten goazen emakumeen arteko babesa, adi egotea eta berehala konturatzea etxe barruko indarkeria ere areagotu egingo dela. Konfinamenduak errazago ateratzen du argitara arazo hau, biktima den pertsonak ezin du burbuila horretatik atera, zuzenean aurre egin behar dio, eta auzokide edota bizilagun garen heinean, guk ere aurre egin behar diogu. Konfinamenduaren aurretik “agian eztabaida bat da” pentsatu genezake, baina orain etengabe entzuten aritzeak telefonoa hartu eta salatzera behartzen gaitu. Denak gara erantzule.
Azken finean, konfinamendu feministak kontzientziadun konfinamendua esan nahiko luke guretzat, bizitzen ari garen isolamendu honen aurrean agertzen zaizkigun oztopo horien guztien aurrean kontzientzia hartzen joatea, eta konponbide politikoak modu kolektiboan eratzea.
FANZINE FEMINISTA ABIAN DA
Donostiako Mugimendu Feministak Fanzine feminista batean parte hartzeko deia egin du: “Derrigorrezko konfinamendu egoera honetan, ziur gauza pila bat pasatu zaizkigula buru zein gorputzetatik. Baina ziur, krisi txiki eta handien erdian, barre egiteko, dantzatzeko edo gauzak sortzeko uneak ere baditugula”, azaldu dute. Konfinamenduko azken egun ofizialera arte bidali daiteke proposamena helbide honetara: donostikoordifeminista@gmail.com. Lanak berriz, edozein motatakoak izan daitezke (gehienez 500 hitzetan eta 300pp-tan sartuta). Oraindik ez dakite zer aterako den, baina seguru irakurtzeko eta ikusteko modukoa dela!