Larrialdi egoerara egokitutako neurriak nahi dituzte presoentzat
Koronabirusaren eraginez, espetxeetan ere neurri bereziak hartu dituzte, eta horrek eragin zuzena izan du euskal presoen eta euren senideen arteko harremanetan eta ongizatean.
Duela ia hiru aste, alarma egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak, COVID-19 birusaren zabalpenaren aurkako neurri gisa. Horrek nabarmen eragin du herritarrengan, eta zer esanik ez espetxeetan itxita dauden presoengan, baita euren senide eta lagunengan ere. Lehen eragina izan zen bisitak etetea, eta Sareko Inaxio Oiarzabalen arabera, «begi onez» ikusi zuten lehen neurri hori, izan ere, presoen osasuna lehenesten zela ulertu zuten.
Hala ere, kritikatu du horren aurrean ez dituztela beste neurri batzuk ezarri, presoen eta senideen arteko komunikazioa bermatzeko: «Adibidez, dei telematikoak egiteko aukera ezartzeko eskatzen dugu, oso garrantzitsua baita presoentzat senide eta ingurukoak ikustea». Era berean, kontatu du dei kopurua handitu dietela: preso sozialei sei dei gehiago egiteko aukera ematen diete orain, eta euskal presoei lau gehiago egitekoa. «Guretzat, hori ez da nahikoa familia eskubidea bermatzeko», esan du Sarekoak.
Joan den ostiralean, Sare herritarrak eta Etxerat-ek saio berezi bat eman zuten euren sare sozialetan eta Hamaika Telebistan, «bisitarik gabeko ostiralak goxatu», eta euskal presoei elkartasuna adierazteko; dagoeneko ikusgai dago sarean. Saio berezi horretan, hainbat pertsonak hartu zuten parte: presoen eskubideen aldeko eragileetako kideek, kultur munduko artistek, eta senideek, besteak beste.
Horietako bat izan zen Etxerateko Patricia Velez, eta saiorako grabatutako bideoan aldarrikatu zuen presoek «kanpoan gaudenon neurri berak hartu ahal izateko eskubidea» dutela. Izan ere, salatu dute espetxeak bereziki kutsatze leku arriskutsuak direla: «Kartzelak ezagutzen ditugunok badakigu nahiko leku zikin eta narrasak izaten direla; horrelako gaixotasun bat, ziztu bizian hedatu daiteke kartzela barruan. Dagoeneko pertsona bat hil da koronabirusagatik, eta gaixo dauden beste batzuen berri ere izan dugu», azaldu du Oiarzabalek. Horren aurrean, «berandu baino lehen» neurri berriak har ditzan eskatu diote Pedro Sanchezen gobernuari.
Presoen eskubideen alde ari direnek, beste hainbat eskaera zehatz egin dizkiete erakundeei: alde batetik, larriki gaixo dauden eta 70 urtetik gora dituzten presoen berehalako askatasuna; bestetik, baldintzapeko askatasuna lortzeko aukera dutenen berehalako askatasuna; eta, azkenik, dagoeneko baimenekin atera diren eta hirugarren graduan daudenen kaleratzea. Aipatutako lehen taldea da «zaurgarriena» Oiarzabalen ustez: «Gogorarazi nahi dugu, osasun larrialdi egoera honetan zaurgarriagoak direla gaixorik dauden eta adinduak diren pertsonak; bada presoen kasuan ere berdina da».
Beraz, Sarekoen ustez, bakoitzak bere etxean jarraitu beharko luke zigorra betetzen, izan ere, baieztatu dute gaur egun badaudela baliabideak hori ahalbidetzeko. Hain zuzen, Nazio Batuen Erakundeak batez ere arrisku taldeetako presoak askatzeko eskatu die estatuei aste honetan, kartzelek segurtasun neurriak babestu ezin ditzaketela argudiatuz.
Jagoba Codoren kasua
Sareren datuen arabera, une honetan hogei dira preso donostiarrak. Horietatik bakarra da emakumea, eta beste euskal presoekiko bakartua dagoela azaldu du Oiarzabalek, «ia euskal emakume preso guztiak bezala». Gaixo dauden presoei dagokionez, «ofizialki» bakarra dago Donostian: Jagoba Codo. Amarakoak espondilitis ankilosante izeneko gaixotasun erreumatikoa dauka, eta ingurukoak aspalditik ari dira salatzen Codoren egoera okerrera egiten ari dela espetxean.
Gentzane Callejok, Codoren izebak, azaldu duenez, 2001eko apirilean Mexikotik estraditatu zuten, eta kondena osoa beteta 2020ko azaroan aterako da: «Horregatik, preso sozialei bezala Espainiako legea aplikatu izan bazitzaion, aspaldi egongo zen etxean», adierazi du Callejok. Lehenengo graduan eduki dute 2017ko martxoa arte, Auzitegi Nazionalak auto baten bidez bigarren gradua onartu zion arte. 2018ko azaroan Logroñoko kartzelara gerturatu zuten.
Presoaren izebak jakinarazi duenez, momentu honetan ez dago bere moduluan preso kutsaturik, baina beldur dira, Codoren egoera oso zaurgarria delako: «Neurri batzuk hartu dituzten arren, hala nola bisitak eta bisak kentzea eta espetxera funtzionarioak bakarrik sartzea, presoak dutxak, jangela, eta patioa konpartitzen ari dira, eta uste dugu Jagoba arrisku larria duen pertsona dela», salatu du Callejok.
Era berean, jakinarazi du bisitak eta bisak egiten ez dituzten arren, telefono bidezko deiak egiten dituztela harekin, eta Codok senideak lasaitzeko etengabeko saiakera egiten duela: «Berak lasaitu nahi gaitu, baina ez da posible gu lasai egotea, hain zaurgarria den pertsona bat egoera hain arriskutsuan egonda».
Konfinamendu neurriek presoen eskubideen alde borrokan ari diren eragile eta pertsonengan ere eragina izan du, eta orain arte kalera eramaten zituzten aldarrikapenak balkoi eta leihoetan eta sareetan egin behar dituztela azaldu du Oiarzabalek. «Uste dugu hau ez dela egun batetik bestera amaituko, eta presoen egoerak ere ez duela onera egingo, beraz lanean jarraitu beharko dugu. Guztiok egin beharko ditugu gure ekarpentxoak espetxe zuzendaritzek eta gobernuek erabaki berriak har ditzaten, azken finean, guztion osasuna lehenesten ari gara, eta zalantzarik gabe, presoena ere lehenetsi behar da», gaineratu du Sarekoak.