"Auzoetako tabernek Erdialde ingurukoek baino hobeto aguantatuko dute"
Loiolako Erriberako Apitxin tabernak ezin izan dio koronabirusaren krisiari aurre egin, eta zazpi urteren ondoren ateak ixteko erabakia hartu du Aitor Formoso jabeak.
Formosok 30 urte daramatza ostalaritzan, eta zazpi urte zeramatzan Apitxin tabernarekin, baina, hala ere, iza izan du COVID-19aren krisia gainditu. Hala ere, lasai agertu da Formoso, eta orain lanposturen bat aurkitu eta lasai egoteko beharra duela azaldu du. Era berean, taberna itxi behar izateak pena handia eman diola nabarmendu du, auzoarekin batera hazi baita; gainera, hasieratik Erribertxo kultur elkartearekin eta auzoko beste eragile batzuekin elkarlanean aritu da. Gai horiek guztiak eta beste batzuk jorratu ditu Irutxuloko Hitzak Formosorekin, eta elkarrizketa osoa datorren astean irakurri ahal izango da. Bitartean, hemen duzue elkarrizketaren lehenengo zatia:
Taberna gehiago itxiko direla uste duzu?
Ez dut ezkorra izan nahi, baina uste dut urria heltzen denean, uda pasata, pentsatzen duguna baino askoz taberna gehiago itxiko direla. Era berean, nire ustez, auzoetako tabernek Erdialde ingurukoek baino hobeto aguantatuko dute. Izan ere, zona horretakoek turismoarekiko eta udako jarduerekiko menpekotasun handia dute, eta aurten askoz mugimendu gutxiago izango da.
Auzoko beste ostalariekin hitz egin duzu euren egoeraren berri izateko?
Bai, eta esan didate orain ondo ari direla lan egiten terrazengatik, baina beldur asko dute. Gainera, batzuek dirua zor diete banatzaileei, eta gaur egungo egoeran ez diete gehiago saltzen, banatzaileek ere jan behar dutelako, jakina. Ulertzen dugu, baina zaila da, lan egin nahi dugulako, baina ezin dugu.
Zu Loiolako Erriberakoa zara?
Ez, ni Pasai San Pedrokoa naiz.
Nola integratu zinen auzoan?
Erdialdeko taberna batetik nentorren, eta lan egiteko modua oso desberdina da Erdialdean edo auzo batean. Hala ere, oso ondo integratu ginen, eta hasieratik elkarlanean aritu gara Erribertxo kultur elkartearekin, auzo elkartearekin, eta abar. Jarduera ugari antolatu ditugu elkarrekin, eta kobratu gabe, izan ere, auzoarentzat ona dena guztiontzat da ona.
Taberna auzoarekin hazi da, ezta?
Guk hartu genuenean, bi urte zeramatzan irekita beste jabe batzuekin, baina, bai, auzoarekin hazi gara. Gainera, asko hazi gara, nik taberna hartu nuenean ez baitzuten guk bezain beste lan egiten. Oso sukaldaritza desberdina zuten, eta nik beldurra nuen, sukaldaritza tradizionala eta kalitatezkoa egiten dudalako. Gauza batzuk ez dira bereziki merkeak eta hau langile auzo bat da, baina, hala ere, taberna funtzionatzen joan zen, eta jendea etortzen zen. Kritikari ugarik oso balorazio onak egin dizkigute, eta sari gastronomikoak ere irabazi ditugu.
Nola ikusten duzu auzoa?
Duela zazpi urtetik hona asko aldatu da, hein batean, etxebizitza gehiago egiten joan direlako. Ni hemen sartu nintzenean, Loiolako Erribera ia lo auzo bat zen, jendea bizi zela ikusten zenuelako, baina ez zegoen kontsumorik. Auzoan ateratzeko ohitura handitzen joan da, gizarte segurantza ondoan daukagu, hotel bat eraikiko dute laster eta lehen baino taberna gehiago daude orain. Horrek guztiak, azkenean, mugimendua sortzen du auzoan.
Proiekturen bat daukazu buruan?
Momentu honetan ez daukat proiekturik buruan, ez epe laburrean, ezta epe luzean ere. Zazpi urtez egunean hamalau ordu lan egiten izan ondoren, orain lasaitasuna behar dut. Urtean astebeteko oporrak hartzen nituen, baina taberna irekita mantentzen nuen, eta denbora guztian telefonoari adi egoten nintzen.
Urte hauetan ia ez ditut nire bi semeak ikusi, eta, alde horretatik, konfinamendua pozgarria izan da niretzat, beraiekin gozatu ahal izan dudalako. Beraz, orain lanpostu bat bilatzea tokatzen zait, eta nire esperientzia erakustea; 30 urte daramatzat ostalaritzan, eta norbait horretaz aprobetxatuko da. Hori bai, ezin dut geldirik egon, orain esaten dizut ez dudala negozio berririk irekiko, baina, agian, bihar zerbait interesgarria eskainiko balidate sartuko nintzateke, baina ez dut uste. Gainera, nire ekonomia pertsonala oso ahul gelditu da.