Uda honetan ere, surfaz gozatzera
Zurriola Surf Eskolak adin eta maila askotako pertsonentzat ikastaroak eskainiko ditu berriro ekainaren 22tik aurrera. Surfaz gain, kirol horri lotutako balioak irakastea dute helburu.

Urte osoan surfaz gozatzeko aukera eskaini ohi du Zurriola Surf Eskolak. Duela hamar urte ireki zutenetik, euren filosofian dago udako ikastaroetatik harago Donostian surf eskaintza bermatzea. “Surfa egunero-egunero bizitzen duen jendea gara, eta horregatik 362 egunez irekitzen dugu”, dio Mikel Gastearenak, eskolako arduradunak. Aurten, koronabirusa dela eta, jarduera eten egin behar izan zuten hainbat hilabetez, baina gogotsu ekin diote lanari berriz ere, urte osoan surfa egiten duten taldeekin. Orain, udako eskaintza prestatzen ari dira, segurtasun neurri guztiak bermatuz.
Eskolaren egoitza Groseko Usandizaga kalean dago, Zurriolako hondartzatik bi minutura. “Haurrei, nerabeei, gazteei, helduei eta 50 urtetik gorako pertsonei surfa irakastea eta kirol honi lotutako askotariko arlo eta balioak ezagutaraztea da Zurriola Surf Eskolaren helburua”, azaldu du Gastearenak. Alegia, eskaintza integrala dute, eta askotariko mailak dituzte. «Surflari berriei beraien lehenengo olatuak hartzen zein maila goreneko surflariei helburuak lortzen laguntzen gozatzen dugun lantaldea gara», gehitu du eskolako arduradunak.
Hori dela eta, aurten ere udako eskaintza zabala prestatu dute. Alde batetik, Multisurf akademia eskainiko dute etxeko txikienentzat. Adinaren arabera, bi taldetan banatzen dira ikasleak: 5 eta 8 urte bitarteko haurrak talde batean eta 9 eta 12 urte bitartekoak bestean. Ikastaroak goizeko 9:00etatik 13:30era izan ohi dira. «Surf klaseak emateaz gain, oreka eta koordinazio jolasak, eta itsaso eta ingurumenari buruzko jarduerak ere egiten ditugu Multisurfean», azaldu du Gastearenak.
Bestetik, nerabe, gazte eta helduentzat astebete edo hamabost eguneko surf ikastaroak eskaintzen dituzte, goizeko 8:30etik iluntzeko 20:00ak arte. Taldeak osatzeko, maila eta adinak kontuan hartzen dituzte. Horretaz gain, teknifikazio entrenamenduak egingo dituzte, besteak beste, itsasoan apnea eta igeriketa hobetzeko, eta bideoak ere grabatuko dituzte. Nahi izanez gero, ikastaro pertsonalizatuak egiteko aukera ere badago, bakarka, bikotekidearekin, lagun artean edo familiarekin.
Ikastaro gehienak ekainaren 22tik aurrera eskainiko dituzte, nahiz eta ekainaren 15etik aurrera ere hainbat ikastaro egingo dituzten. Dena den, informazioa eskatzeko eta izena emateko epeak zabalik daude dagoeneko, Zurriolasurfeskola.com webgunean. Bestalde, 943-01 13 91 telefonora deituz edo 685-87-84-28 zenbakira Whatsapp bidez idatziz ere