Egiako parkeko beheko bidea konpontzen ari dira
Egiako parkeko beheko bidearen konponketa lanak direla eta, oinezkoen ibilbideetan hainbat aldaketa egin ditu Donostiako Udalak. Mundaitz kalearen paraleloan dagoen bidea higatuta dagoela azaldu dute, eta konponketa lanek bi aste iraungo dute; obraren kostua 24.000 eurokoa izango da.
Joan den astearen erdialdean hasi zituzten lanak, Mandasko Dukearen jauregirantz doan bidea lotzen duen mendi hegala konpontzeko lanak amaitu ondoren. Orain, bidean detektatu dituzten zuloak garbitzeko eta konpontzeko lanak egiten ari dira. “Jarduketan, bidea garbitzeaz gain, konpondu beharreko gainazalak araztuko dira eta zoladura zabalduko da”, azaldu du udalak. Parkera sartzen direnek, urmaelaren eta Ingurumen Baliabideen Zentroaren aldera igotzen den bidea hartu beharko dute, nahitaez, azpiko mapan ikusi daitekeen bezala; gorriz dauden bideak itxita egongo dira.
2007. urtean Egiako parkea berritu zutenetik, hainbat lan egin ditu udalak, bideak konpontzeko. 2011. urtean, esaterako, hainbat konponketa lan egin zituzten, izan ere, zoladura egiteko aukeratutako material naturala porotsuegia da, eta hori dela eta, errazago higatzen da; Loiolako Erriberako pasarela ezarri zutenetik, nabarmen hazi da higadura.