Ez da kandelarik ezta argi-zuzirik izango aurtengo abuztuaren 31ko ekitaldian
Udako beste ospakizun eta ekitaldi ugari bezala, abuztuaren 31ko ekitaldiak ere aldaketa nabarmenak izango ditu aurten, Covid-19aren pandemia dela eta. 1813ko abuztuaren 31ko gertakariak oroitzeko antolatzen dituzten ekitaldietan presente izan ohi dira kandelak eta argi-zuziak, baina aurten, ez da horrelakorik ikusiko Parte Zaharreko kaleetan. Hain zuzen, antolatzaileek urtero egin izan dituzten jarduerak osasun neurrietara moldatu dituzte, pilaketak saihesteko.
Donostiarrentzat eta Parte Zaharreko bizilagunentzat egun seinalatua da abuztuaren 31a, 1813an tropa anglo-portugaldarrek eragindako sutea oroitzen delako. Donostia Festakek eta Donostia Sutan elkarteak antolatu ohi dituzte egun horretako jarduerak: Donostia Festakek Abuztuaren 31 kaleko argien itzalaldia eta kandelen piztea, eta hildakoen omenezko kontzertu koralak antolatu ohi ditu; Donostia Sutan elkarteak, berriz, 1813ko gertakariak irudikatzeko kale antzezlan bat eta hitzaldiak antolatu izan ditu, besteak beste.
Donostia Sutan elkarteak jakinarazitakoaren arabera, aurten kartel informatiboak jarriko dituzte Parte Zaharreko kaleetan, duela bi mende izandako suteak hirian eragin zuenaren berri emateko. Donostia Festakek, aldiz, adierazi du “jendetsuak izango ez diren” hainbat jarduera antolatu dituela, egun tamalgarriaren oroimena bizirik mantentzeko asmoz.
Egitarau xumea
Horrela, abuztuaren 31n egingo dituzten jarduerak izango dira honakoak: 1813ko gertakarien kartel informatiboak, bi kontzertu, kanpai-hotsen emanaldia, lore eskaintza, eta Chernobil Elkarteari omenaldia.
11:30ean, meza egingo dute Santa Maria elizan, eta parte hartuko dute Araoz Easo Abesbatza Gazteak, Txistularien Udal Taldeak, hainbat dantzarik eta Koro Saenz organo joleak. Mezarako ez da gonbidapenik eskatu beharko, elizaren edukiera mugatuta egongo delako. 12:30ean ohiko lore eskaintza egingo dute, San Jeronimo kalearen hasieran, harresiaren Lurreko Atea zegoen lekuan.
Era berean, Kañoietan Elkarteak urteroko ohiturarekin jarraituko du aurten ere: egindako lana eskertzeko, hiriko erakunde bat aukeratzen dute urtero. Aurten, Chernobil Elkartea omenduko dute, eta 13:00etan izango da ekitaldia, udaletxeko udal batzar aretoan; ekitaldira joan ahal izateko, gonbidapena eskatu beharko da www.abuztuadonostian.eus webgunean.
20:30ean izango da beste kontzertua, San Bizente elizan, eta honetan ere edukiera mugatuta egongo da. Gonbidapenak eskatzeko aurretik aipatutako webgunera sartu beharko da. Kontzertuan parte hartuko dute Easo Abesbatzak, Txistularien Udal Taldeak, Aiert Beobide eta Irati Sorondo dantzariek, Oscar Candendo organo joleak, eta Andoni Aleman errezitatzaileak; ekitaldia aurkeztuko du Xabier Otaegik. Kontzertua amaitzean, 21:30ean, kanpai-hotsak entzun ahalko dira hiriaren erdialdean.
Azkenik, aurten ez dute egingo Bretxako erasoaren irudikatzea, eta horren ordez, Bretxako plazako lokal batean efemeridea oroitzeko erakusketa bat antolatu dute.