Biziraupenaren eta segurtasunaren arteko oreka hauskorra
Azken astean, nabarmen egin du gora koronabirusak kutsatutako pertsona kopuruak. Eusko Jaurlaritzak agindu berri bat argitaratu du, ostalaritzako jarduna arautzeko. Sektorearen «kriminalizazioa» salatu, eta bizi duten egoera txarra kritikatu dute ostalariek.

Azken egunetan hirian izan diren positibo kopuruak jomugan jarri ditu ostalaritzako establezimenduak, bereziki gaueko aisialdi girokoak. Orain arte, Gipuzkoako beste hainbat herritan egon da COVID-19aren komunitate-transmisioaren fokua, besteak beste, Ordizian, Zarautzen eta Tolosan. Nekane Murga Osasun sailburuak esandakoaren arabera, beste herri horietan ez bezala, Donostiaren kasuan ez dago koronabirusak kutsatutako profil bakarra, hain zuzen askotariko hiritarrak daude kutsatuta; beste herrietan, gehienbat, gazteak ziren diagnostiko positiboa izan zutenak.
Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kezka agertu du, gaueko aisialdi giroan birusak izan dezakeen eraginagatik. Hain zuzen, joan den astelehenean, PCR proba egitera deitu zituen abuztuaren 14an, 15ean eta 16an Komplot eta Channel diskoteketan izandako herritarrak, hainbat kasu positibok diskoteka horiekin lotura dutelakoan.
Bestalde, jaurlaritzak aste honetan emandako datuen arabera, hiriko hainbat taberna itxita daude koronabirusaren eraginez: batzuek positibo kasuren bat izan dute langileen artean, beste batzuek legeak bultzatuta itxi behar izan dute. Hain justu, Eusko Jaurlaritzak joan den abuztuaren 19an argitaratutako aginduak nabarmen murriztu du ostalarien jarduna; besteak beste, III. eta IV. taldeetan sailkatutako establezimenduen derrigorrezko itxiera eta tabernetako bezeroak eserita egoteko agindua ezarri ditu jaurlaritzak.
Kalte nabarmena
Kino Martinezek, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusiak, ez du begi onez ikusi agindu berria, izan ere, uste du jasotzen diren hainbat neurrik kalte nabarmena egingo diotela sektoreari: «Zutik kontsumitu beharrak min handia egin dio sektoreari, gehienbat taberna txiki eta estuei, horiek barra besterik ez baitute. Gaueko tabernak ere kalte handiak pairatzen ari dira», salatu du. Horren adibide da Parte Zaharreko Ordizi taberna. Mikel Benitok, jabeetako batek, kontatu du taberna ixtea erabaki dutela, besteak beste, lokal txikia dutelako, eta oso eserleku gutxi dituztelako: «Taberna irekitzen badugu, gastu gehiago izango ditugu irabaziak baino, beraz, ez du merezi irekitzeak». Egoera «oso kaxkarrean» daudela azaldu du Benitok, eta gaineratu du ostalari askoren etorkizunari «oso itxura txarra» hartzen diola. «Ostalaritzako hainbat tokik badute marjina txiki bat, esaterako, terrazak jartzeko aukera dutenek. Baina guk ez daukagu aukera hori: gure taberna dagoen kalea oso estua da, eta ezin ditugu mahaiak jarri», esan du. Halaber, kontatu du ez dutela lokalaren alokairurik ordaindu behar, eta hori arnasbide txiki bat dela. «Hemendik denbora batera taberna irekitzeko asmoa daukagu, baina egoera nolakoa den ikusita, ez dakit zer gertatuko den», aitortu du Ordizikoak.

Mikel Benito, Ordizia tabernako jabeetako bat, artxiboko argazki batean. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Gaueko aisialdia
Kutsatzeek gora egin dutenetik, gaueko aisialdian jarri dute askok fokua, eta hainbat ostalarik pairatzen ari diren «kriminalizazioa» salatzeko protestak egin dituzte abuztuan.
Maitane Uzkudun Sariketa tabernako jabeen alaba eta Spot tabernako jabea da, eta bere ustez, ostalaritzarekiko nabaritzen ari diren kriminalizazioa «sekulakoa da», batik bat, gaueko tabernen kasuan: «Diagnostiko positibo bat ateratzen den unean gertatzen dena izugarria da: esaterako, nola argitaratzen duten tabernaren izena, eta nola prezintatzen duten lokala, beste sektoreetan ikusten ez dugun bezala». «Argi dago, jendeak sozializazio zirkulu handia mantentzen badu, eta segurtasun eta higiene neurriak ahazten baditu, egoera okertu egin daitekeela. Baina, oraingoz, behintzat, gauak ez du kutsatzeetan eragin zuzenik» gaineratu du Uzkudunek.
Martinezen ustez «sektore jakin bat» estigmatizatzen ari dira, eta kritikatu du ostalaritzako esparruez gain, badaudela sozializatzeko beste hainbat esparru ere, hala nola, parkeak, gimnasioak eta kultu guneak. «Nahiz eta espazio horietan kutsatzeak ere gertatzen diren, ez da horiei buruz hitz egiten», esan du elkarteko idazkari nagusiak. Horrela, uste du gutxirako balio duela ostalariek beharrezkoak diren neurri guztiak abian jartzea, bezeroek ez badituzte behar bezala betetzen: «Zertarako balio du ostalariek mahaiak eta aulkiak behar diren distantzian mantentzea, kuadrilla bat etorri eta aulkiak elkartu eta mugitzen baditu?», bota du galdera. Ostalariak «ahalegin handia» egiten ari direla nabarmendu du, eta herritarrei «arduraz» jokatzeko eskatu die.
Halaber, Uzkudunen ustez beharrezkoa da informazioa «behar bezala» zabaltzea: «Uste dut informazioa zuzenagoa eta hobea balitz, horrenbeste aldaketa eta kontraesanik egon gabe, jendeak hobeto beteko lituzkeela neurriak: besteak beste, kutsatzeak nola saihestu, PCR testen datuen ehunekoak eta maskarak noiz eta nola erabili. Hori ere ikasketa berri bat izaten ari da denontzat».
Laguntzarik ez
Egungo egoerak zaildu egiten du gaueko ostalarien negozioen biziraupena eta kontsumitzaileen osasuna bermatzearen arteko oreka. Pandemiaren aurrean hartu beharreko neurriak beharrezkoak direla onartu arren, bizirauteko laguntza ekonomikoak beharrezkoak direla uste dute ostalariek. «Ez dut esaten neurriak ez direnik egokiak, baina horri aurre egiteko laguntzak, non daude? Alokairuak, gastu finkoak, autonomoen zergak, Gizarte Segurantza, eta abar. Nola ordainduko ditugu gastu guztiak lan egin nahi badugu, baina uzten ez badigute?», bota du galdera Uzkudunek.