Iñaki Kijera omendu dute, bere erailketaren 41. urteurrenean

Bihar, irailak 1, 41 urte beteko dira Espainiako Poliziak Iñaki Kijera Antiguako gaztea hil zuenetik, eta haren omenezko lore eskaintza egin dute Miramarreko monolitoan. Hainbat herritar bildu dira monolitoaren aurrean, eta Kijeraren omenezko aurresku baten eta irakurketa baten ostean, herritar guztiak banan-banan pasa dira monolitoaren aurretik, lore eskaintza egiteko. Ekitaldiaren bukaeran, Eusko gudariak abestu dute han bildutakoek, ukabila altxata.
Hilketa
1979ko abuztuaren 31n, HB, EE, LKI, PTE eta EMK-OIC indar politikoetako 40 hautetsik baino gehiagok Gipuzkoako Aldundian itxialdia egin zuten Ipar Euskal Herriko errefuxiatuen babes eskubidearen alde. Irailaren 1ean, Amnistiaren Aldeko Batzordeek hegoaldeko lau hiriburuetan manifestazioak deitu zituzten, baina Donostiakoa debekatu egin zuen Joaquin Argote Gipuzkoako gobernadore zibilak. Ordea, manifestazioa egin zuten eta Bulebarretik atera orduko Espainiako poliziak bortizki jo zuen parte hartzaileen aurka.
Kijerak manifestazio horretan parte hartu zuen lagun batzuekin, eta poliziak martxa sakabanatu zuenean Parte Zaharrean sartu zen, babes bila. Agenteak kaleetan sartu zirenean, neska batekin batera, Alderdi Ederreko lorategietara abiatu zen, baina polizia batek tiro egin zion fusil batekin, hamar metrotik. Lurrera jausi zen bularretik odola zeriola, eta udaletxe atzealdean gelditu zen, lurrean botata.
Hamabost minutu inguru egin zituen horrela, poliziak Kijerarengana hurbiltzea kolpeka eta pilotakadaka eragotzi baitzien horretan saiatu zirenei. Era berean, Gurutze Gorriko mediku eta erizain bi hurbildu zirenean poliziek borrekin kolpatu zituzten, Gurutze Gorriko kideak zirela identifikatu ondoren ere. Borrokaldi baten ostean artatu ahal izan zuten. Azkenean, lagunek pilotakada artean Kijera auto partikular batean sartu eta anbulantzia bateraino eramatea lortu zuten. Ordea, ospitalera iritsi ondoren hil zen gaztea.