Irailaren 5ean jokatuko dituzte Antiguako Pilota Txapelketako finalak

Larunbatean ziren jokatzekoak 72. Antiguako Pilota Txapelketako finalak, baina asteburuko eguraldi txarra dela eta, bertan behera utzi zituzten, pilotalekuaren egoera txarra izaten baita euriarekin. Antolatzaileek, ordea, badute finaletarako data berria: irailaren 5a.
Partidak 11:00etan hasiko dira, eta emakumezkoen finala jokatuko da lehenengo, ondoren promesen kategoriakoa eta, azkenik, gizonezkoena. Hain zuzen, Olatz Arrizabalaga eta Miren Larrarte aurrez aurre arituko dira emakumezkoetan, Olaetxea eta Lizeaga bikotea Fernandez eta Apezetxea bikotearen aurka promesen kategorian eta Elola eta Sarasa bikotea Espinal eta Gascue bikotearen kontra gizonezkoen kategorian.