What a life!
‘DRUK ‘
Zuzendaria: Thomas Vinterberg
Urtea: 2020
Herrialdea: Danimarka/ Suedia/ Herbereheak
Ikertzaile batek omen dionez, gorputzean alkohol kopuru txiki baten faltarekin jaio da gizakia. Defizit hori betez gero, horditasun puntuak bizitzako eremu ezberdinetan hobe egiten lagunduko gintuzke. Bigarren kopa hustu eta hirugarrena eskatu bitartean, nork ez du bere burua prest sentitu beheak eta goiak irensteko? Teoria haien haragitan frogatzea erabakitzen dute Martin (Mads Mikkelsen) eta bere hiru lankideek, bizitzaren pisuaren pean hondoratzen hasiak diren institutuko irakasleak.
Gosegarritzat premisa sinple zein erakargarri hori aurkeztu eta berehala, lehen edariak zerbitzatzen ditu Vinterbergek (The hunt, 2012). Alkoholak konfiantza eta askatasuna eskaintzen die gizonei, luze galdutako gaztetasuna bueltan sentitzen dute, nolabait. Bigarren erronda. Ikasleen estimua irabazi, emazteak samurki maitatu eta bizitza zoriontsu berria irudikatzen hasten dira.
Hirugarren erronda, laugarrena, bosgarrena… Esperimentuak hain dirudi arrakastatsua non hartzen duten alkohol kopurua handitzea erabakitzen duten. Eta, orduan, aretoko ikusleen barreak ozenen entzuten direnean, «ignizio puntu» izenekora ailegatzen da kontakizuna; non, logura agertu eta biharamunera arte lagunak agurtzen ditugun edo edaten jarraitzen dugun. Lau lagunek, noski, azkenekoa hautatu eta apustua igotzen dute. Prestatu, hemen baitator geure txupito erronda!
Parrandaren ostean, baina, beti dator ajea. Estropezu komikoak eta burutazio zoroak amaitu eta errealitateak gogor jipoitzen ditu. Mendekotasuna eta horren erromantizazioa, alkoholaren normaltasun sozial kezkagarria eta mozkorraldian, denbora tarte laburrez, itotzea lortzen zuten bakoitzaren bizitza miserablea. Zintak drama errealistaren doinua hartu eta modu axolagabean onartutako erabakiaren beste aldera gidatuko gaitu.
Hedonismotik dramarako bidea maisuki marraztua dago eta ez dago, ez alde batean ez bestean, filmaren doinu orokorrarekin disonantea den elementurik. Protagonistek gozatzen zutenean, euforiaz betetzen nintzen ni ere; eta, haien aldi baxuenetan, ni ere han sentitzen nintzen. Gauza xelebrea (txalogarria?) 40 urteko gizon alkoholikoen eta nire arteko antzekotasunak eskas samarrak direla kontuan hartuta.
Amaitzeko, aipamen berezia merezi du, niretzat, lau antzezle protagonisten lanak. Bereziki gogoangarria da Mads Mikkelsen papera. Azken eszena zoragarriak, zalantzarik gabe, urte honetako sari banaketen artean lekua ziurtatu dio aktoreari. Hau, beraz, Druk-en osasunera, skål!