"Arropa auzoko dendan probatu eta Interneten erosten hasi da jendea"
Tokiko merkataritzaren egoerarekin arduratuta, azken urteetan mundu honetan lan egiten duen jendea laguntzen saiatzen ari da Eva Villar, Errequerre estudioko diseinatzaile grafikoa. Kanpaina grafiko bat jarri du abian; dendetan banatzen ari da 'Erosi hemen, ez Amazonen' leloa daramaten kartelak.
Mezu argia du zure kanpainak. Nola ondu duzu ideia?
Pandemiak mahai gainean jarri du kontsumoaren inguruko eztabaida, eta agerian utzi ditu herritarren kontsumo ohiturak. Hain zuzen, ohitura hauen inguruan gogoeta egitera bultzatu nahi dut jendea. Saltoki erraldoietan eta Internet bidez egiten den kontsumo masiboa alde batera utzi, eta gertuko merkataritza txikiaren alde egin nahi dut, Erosi hemen, ez Amazonen lelopean. Mundu mailako pandemiak azken urteetan sufritzen ari zen tokiko merkataritzari beste kolpe gogor bat eman dio, eta zerbait egin behar nuela sentitzen nuen. Nire kabuz betiko dendei laguntzeko kartel hauek egin ditut. Musutruk egin dut kartela eta komertzioei banatu diet banan banan.
Zeintzuk dira tokiko merkataritzaren galerak dakartzan albo kalteak?
Tokiko merkataritzaren heriotzarekin, hein handi batean, jakinduria eta lana ondo egiteko gogoak ere hiltzen dira. Semillas Elosegiren kasua garbia da; lehen, haziak edo landareak erosi nahi bazenituen, dendara joaten zinen eta produktuak zure begiez ikusteaz gain, gaiari buruz asko dakien jendeak erabakia ondo hartzen laguntzen zizun, bezeroaren esperientzia ahalik eta onena izan zedin. Gaur egun oso zaila da hazi eta landareetan espezializatutako denda bat aurkitzea, eta gaiari buruz asko ez dakien norbaitek haziak erosi nahi baditu, askotan bere beharretara egokitzen ez den zerbait erosten du.
Gainera, Amazonen moduko plataformek beste modu batean ere egiten diote kaltea ekonomiari, klase honetako enpresa askok zergak kanpoan ordaintzen baitituzte, edo trikimailuen bidez zergen ehuneko handi bat aurrezten baitute. Bertako langileek ere lan baldintza oso txarrak dituzte, asko autonomo faltsuak dira, gehiegizko lan jardunaldiak egiten dituzte edo oso gaizki ordaintzen diete.
Azken urteotan jende askok auzoko dendetan produktuak ikusi eta probatzen ditu, eta ondoren Internet bidez erosten ditu hamar edo hamabost euro aurrezteko. Jarrera hau oso larria da denda hauek aurrera atera nahi dituztenentzat.
Azken urteetan Donostiako hainbat komertziotan interbentzio artistikoak egin dituzu. Zer dira zehazki?
2018an hasi ginen tankera honetako ekintzak egiten, baina ni denden bila 2014an hasi nintzen, nahiz eta ez nuen gauza handirik lortu. Uste dut jendeak ez zuela nire intentzioa ulertu, edo ez nintzela gai izan egin nahi nuena ondo azaltzeko. Artista batzuen laguntzaz ixtear dauden dendak sormen espazio bihurtzea da gure helburua, artea hiritarrei gerturatzeko eta espazio horiei beste bizitza bat emateko.
Lokal bat ixtera doanean, itxieraren aurretik jabeekin hitz egiten dut, eta lokala lau egunez uzteko eskatzen diet, bi edo hiru artisten laguntzaz interbentzio bat egiteko. Bi hilabetez pieza ondo pentsatu eta gero, hiru edo lau egunetan lokal hori adierazpenezko espazio batean bihurtzen da, eta dendaren tipologiaren arabera interbentzioa moldatzen dugu. Baina niretzat garrantzitsuena lokalaren edo komertzioaren beraren izaera da; izan ere, betiko denda bat bere horretan adierazpenezko espazio bat da, gordetzen duen historiaren eta jakinduriari esker; hau da, denda bere horretan pieza artistiko oso indartsu bat da. Emozio handiko egunak izan dira interbentzioenak; barreak, negarrak, algarak…
Susperregi Etxea izan zen interbentzioa egitea ahalbidetu zigun lehen komertzioa, eta behin nahi genuena gorpuztu genuenean jendea interbentzioen xedea ulertzen hasi zen. Lokal bat hainbat belaunaldiren lanaren ostean ixten denean tragedia bat da, baina aukera ona da jendeari mezu garbi bat zuzentzeko: hemen kontsumitzen ez baduzu, komertzio lokala amaitu egingo da, eta berarekin jakinduria eta lana ondo egiteko gogoak.
Interbentzio hauek itxiera gertu duten komertzioetan bakarrik egiten dituzue orduan?
Hasiera batean desagertzear zeuden komertzioetan bakarrik egin genituen pieza hauek, baina aurrera doazen betiko dendetan ere egiten ditugu, urte luzeetan zehar egin duten lana aitortzeko. Interbentzio hauei esker auzoko jendea eta prentsa gerturatzea lortu dugu, eta horrek bultzada eman die denda horiei.
Interbentzio hauekin batez ere jende gaztearengan bertako komertzioetan kontsumitzearen onurak zabaldu nahi genituen, uste baitugu jende helduak ohitura gehiago duela horretarako. Jende gaztea betiko saltoki txiki bat aurrera ateratzeko eta bezeroaren onurarako lan egiteak zenbateko garrantzia duten konturatzeko egin genituen batez ere. Aberastasuna auzo mailan sortzen ari zarenaren sentsazioa gazteek bizitzea garrantzitsua da tokiko merkataritzaren etorkizuna bermatzeko.
Zeintzuk dira interbentzio hauek aurrera ateratzeko dituzuen diru iturriak?
Proiektu hauek egin ahal izateko bi diru iturri nagusi genituen: alde batetik, diru laguntzak lortzen genituen, eta bestetik, Donostia Kulturari, Donostiako Udalari edo beste markaren bati esker lortzen genuen dirua, artistek haien lanagatik merezi duten dirua irabaz zezaten. Oso prekarizatua dagoen sektorea da artistena, gazteena batez ere, eta nik ez dut inoiz aurrera ateratzen artistei ordainduko ez zaien proiekturik.
Koronabirusa dela eta, interbentzio hauek guztiz gelditu dira, diru laguntzak emateari utzi baitute. Tokiko merkataritzaren egoeraz jakitun, Parte Zaharreko kale oso batean interbentzioa egitea zen gure asmoa, denda batean baino gehiagotan aldi berean, baina ez dut erantzunik jaso. Egoera horretan ezin genuen interbentziorik aurrera atera, artistek ere kobratu behar dutelako.
TOKIKO MERKATARITZAREN ALDE
Aberastu auzoak, erosi zure auzoan eta gertuko saltokietan. Denda bat baldin baduzu, hartu Erosi hemen, ez Amazonen kartela eta jarri zure erakusleihoan. RQR estudioaren webgunetik –http://rqer.es/– eta Instagram kontutik –@rqerespacio–ere jaitsi dezakezu. Eta hiriko dendetan erostea gustuko baduzu, eraman gogoko duzun dendara, eta animatu itzazu kartela jartzera! Irutxuloko Hitza Eva Villarren kanpaina oinarri hartuta,tokiko merkataritza indartzeko asmoz, Donostiako hainbat dendarirekin izan da.