Antiguako bizilagunek larunbatean Ertzaintzak izandako jarrera "biolento eta neurrigabea" salatu dute

Antiguako bizilagunek agerraldia egin zuten atzo. Modu honetan, larunbatean, abenduaren 19an, gertatutakoa azaldu eta Ertzaintzaren jarrera salatu nahi izan zuten. Gertaera Antiguako frontoiaren eta Mikel Laboa plazaren inguruan jazo zen, etxeratze agindua baino ordu erdi lehenago gutxi gora behera. “Hainbat auzokide […] inguruan zeuden bilduta, gaueko 10ak eman eta etxera joan bitarteko azken tartea probestuaz”, azaldu dute. Helduak ez ezik, haurrak ere zeuden, parkean jolasean “ohikoa den bezala”. 21:30ak aldera, Ertzaintza azaldu zen, “modu oldarkor” eta “erasokor” batean. “Dozena bat kaputxadun, euren borra, kasko eta ezkutuekin, aurrez inolako abisurik eman gabe Mikeletes Pasealekutik agertu ziren, lasterka”, gehitu dute.
Egoera ikusita, auzokide gehienek ospa egin zuten, “Ertzaintzaren indarkeriatik ihesi”. Dena den, “operazioaren bortizkeriaren aurrean”, auzokide batzuk “ertzainei […] azalpenak eskatzera joan zitzaizkien”. Momentu horretan, adierazi zutenez, Ertzaintza euren kontra “oldartu” zen, “batzuk jipoituz” eta beste batzuri atxilotzeko mehatxua eginez. Plazatik joatea erabaki zuten.
Antiguako bizilagunek “gogor” salatu dute gertatutakoa. Izan ere, euren ustez, “era baketsuan” agertu zitezkeen. Are gehiago, beste batzuetan horrela egin dute. “Aurrez inolako abisurik eman gabe haurrak dauden gune batean halako indarrarekin sartzeak ez dauka justifikaziorik”, nabarmendu dute.
Horren aurrean, hainbat galdera plazaratu dituzte: “zergatik bat-batean halako bortizkeria? Nork agindu zuen plaza hustuaraztea? Nork erabaki zuen indarrez egitea? Benetan uste al dute pandemiari aurre egiteko indarra eta beldurra erabiltzea baliagarriak direla?”. Era berean, gertatutakoa “zuritu dezakeen argudiorik” ez dagoela azpimarratu dute: “Herritarroi arduraz jokatzea eskatzen zaigun bezala arduradun politiko eta funtzionarioei ere arduraz aritzea dagokie”.
Agerraldi amaieran, gogora ekarri zituzten Donostian jazotakoak. Izan ere, joan den astean, istiluak izan ziren Parte Zaharrean.