Ramon Labaien plazako urkia nahita ahultzen ari zirela salatu du Parkea Bizirikek
Zalaparta sortu zuen joan den astean udaleko lorezaintza zerbitzuek Ramon Labaien plazan egindako esku hartzeak, Eguzki eta Parkea Bizirik talde ekologista eta naturazaleek salatu egin baitzuten bertan bizi ziren ahateen habia suntsitu zutela —ondoren, udalak esan zuen arrautzak baserri batera eraman zituztela, eta ondo zeudela— eta erdiko urkia “mutilatu” egin zutela. Hain zuzen ere, nabarmendu zuten udalak hainbatetan aldatu duela urkia azken urteotan, eta nahita ahultzen dutela.
Horri buruzko oharra kaleratu du Parkea Bizirikek, eta salatu du zuhaitzaren sustraiak “metalezko sare bikoitz batean bilduta” zituela. “Helburua hura ahultzea eta ahalik eta lasterren moztea zen. Gero zuhaitz osasuntsu gehiago erosi, berriz ahuldu eta fakturazioak azkartu”, gaineratu dute. Oharrean diotenez, udalak azpikontratatutako enpresak “ezkutatu” egin du hori, baina “hainbat lekukok uhartetxoan egindako esku hartzean ikusi eta zabaldu egin dute”.
Parkea Bizirikek gogorarazi du “urte gutxian” han landatutako “laugarren zuhaitza” dela: “Aurreko urkiak, heriotza eragiteko eta espezie bereko beste ale batzuengatik aldatzeko, enbor nagusitik inolako beharrik gabe lepatu edo mutilatu zituzten. Lorezaintzan eta naturaren zaintzan, urkiek ez dute inausketarik eta are gutxiago lepaketarik jasaten, jakin badakigu; beraz, azken urteotako prozesu errepikakorraren ondoren, esku hartze hauek Donostiako Udalari ordainsariak eskatzeko, inoiz egin behar ez ziren praktiken bidez nahita egin dela ulertzen dugu. Orain gainera badakigu, urkiak lehenago hil daitezen laguntzeko, sustraiak biltzen dizkien hesi metaliko bikoitza jartzen dietela”.
Hiriko zuhaitzak
Parkea Bizirikek hiriko beste gune batzuetako zuhaitzei eta euren kudeaketari buruz ere hitz egin du: “Hainbat espaloi estutan eite handiko zuhaitzak landatzen dira, aldizkako inausketak eta mantentze lanak behar dituztenak, ordainsarien zakua handitzeko asmoz. Legazpi eta San Martin kaleetako ginkgoak honen adibide dira. Gogorarazi nahi dugu, espaloien zabaleraren arabera, zuhaitz txorkoetan zer zuhaitz espezie landatu arautzen eta aholkatzen duten jarraibide batzuk badirela”. Fakturazioaren zurrunbilo horren barruan ere, belar-mozketen hazkunde esponentziala dago, landare bizikor askoren loraldia garatzen uzten ez duena, intsektu polinizatzaileen populazioen gainbehera gehiago hondoratzen lagunduz”, gaineratu dute.
Taldearen ustez, udal agintariek ez dute “behar bezalako aholkurik jasotzen”, eta laguntzeko prest agertu dira: “Behar diren zalantzak argitzeko eta udal kudeaketa hobetzen laguntzeko, naturazaleokin konta dezaketelako mezua helarazi nahi diegu”.