Arraunean, elkarrekin naturaz gozatuz
Begi Bistan enpresak Gipuzkoako kostaldean dibulgazio lanak egiten ditu hainbat jardueraren bidez. Donostiatik oso gertu, Orion, arraunarekin lotutako uretako kirolak egiteko aukera eskaintzen dute, eta naturaz gozatzen egun pasa paregabeak egin daitezke haiekin.
Negu luzearen ostean udaberrian gaude dagoeneko, eta berehala iritsiko da uda ere. Familiarekin eta lagunekin planak egiteko unea da, eta Begi Bistanek horretarako aukera paregabea eskaintzen du Donostiatik kilometro gutxira, Orion bertan.
2000. urtean sortu zen enpresa bat da, eta Gipuzkoako kostaldean dugun altxorraren inguruko dibulgazio lana egiten du, jarduera eskaintza zabal baten bidez. Zumaian flyscharen inguruan oinezko ibilbideak egiten hasi ziren, eta pixkanaka, proiektua zabaltzen jarraitu zuten Zumaian, Deban eta Mutrikun bisita gidatuak eginez. Ondoren, itsasontzi bat gehitu zuten eskaintzan. «2010ean Euskadi Turismo Saria eman ziguten kolaborazio publiko-pribatuan (Zumaiako, Debako eta Mutrikuko udaletxeekin) flyscheko ibilbideko produktua sortzeagatik, eta hortik hilabete gutxira, zonalde hori Geoparke izendatu zuten», azaldu du Naiara Malavek, Begi Bistaneko nagusietako batek.
Begi Bistanek hiru kokaleku ditu. Alde batetik euskal kostaldeko Geoparkea (Zumaia, Deba eta Mutriku), bigarrena Orio eta hirugarrena Itsas Ondarea lantzen dutena, Getaria eta Orio artean egiten dena nagusiki. Kostaldea ezagutzeko ibilaldiak eta itsasontzi irteerak egiten dituzte, baina egun pasa aktiboago bat egin nahi duenak Orioko eskaintza aprobetxatu behar du.
Arrauna, funtsezko tradizioa
Geoparkea izendatu ostean, Orion lanean hasteko aukera suertatu zitzaien, eta arraunarekin erlazionatutako jarduerak eskaintzen hasi ziren: traineruak, trainerillak, batelak, kayak-ak eta arraun surfa, besteak beste. «Arrauna Kantauri itsasoko edozein lekutan egin dezakezu, baina Oriok daukan tradizioa sekulakoa da. Kontxako bandera gehien irabazi dituen taldea da, eta herrian nabaritzen da hori. Oso berezia da instalazio hauetan arraunean aritzea», azaldu du Malavek. Orioko Arraun Etxean dute egoitza, eta espazio horrek 6.000 metro karratu eskaintzen dizkio arraunari eta piraguismoari.
Hiru dira Orioko bisita nagusiak. Lehenengoa, Orioko jaitsiera: «Bisitariekin Arraun Etxean geratzen gara. Arraun Etxeak kiroldegi gisa funtzionatzen du, eta aldagelak eta dutxak ditu. Bisitariak aldatzen direnean, Txokoaldera (Aginaga) eramaten ditugu furgonetetan eta bertatik zortzi kilometroko jaitsiera egiten dugu kayakean edo arraun surfean. Oso polita da ibilbide hori, izan ere, ibaia itsasorantz sartzen den lekuetako bat da, lautadak daude eta ez dago industrializaziorik», azpimarratu du Malavek.
Horrez gain, traineruak, trainerillak eta batelak eskaintzen dituzte, eta jende kopuruaren arabera bat edo beste aukeratzen dute. «Arraun egiteko erabiltzen ditugun traineruak Kontxa irabazi duten traineru zaharrak dira. Eta gure patroiak traineru horietan Kontxako banderak irabazi dituzten arraunlariak dira», nabarmendu du.
Eta emozio gehiago nahi dutenek arraunpotea ere egin dezakete. Arraun Etxetik zortzi edo hamar pertsonako arraun surfeko taula batean ateratzen dira taldeak eta herriko plazaraino joaten dira ibaian zehar. Bertan, pintxo pote bat egiten dute, jarraian ginkana moduko bat, eta ondoren, uretara itzultzen dira berriz. Uretan joko desberdinak egiten jarraitzen dute, eta bi orduko jarduera bat da, gutxi gorabehera. «Publiko guztiarentzat da, eta oso dibertigarria da», adierazi du. Materiala alokatzeko aukera ere badute, eta ikastetxeentzako eskaintza ere oso zabala da.
Naturarekiko konpromisoa
Begi Bistanek garraio publikoa sustatzearen aldeko apustua egiten du. Donostiatik autobusak ordu laurdenean behin iristen dira Oriora, eta trenak ere Arraun Etxetik bi minutura uzten ditu bisitariak. Ingurumena zaintzeko helburuarekin, beraien jardueretan Hartu Hiru kanpaina ere bultzatzen dute: «Edozein bisita egiten dugunean eta naturagune batean gaudenean, naturalak ez diren hiru gauza jasotzeko eskatzen diegu bisitariei. Gure helburua ez da bertako garbitzaileak izatea, baina pentsa bakoitzak hiru plastiko zati jasotzen baditu, adibidez, nolako inpaktu positiboa eragin dezakegun», esan du Malavek, beraien filosofian «naturarekiko kontzientziazioa» oso garrantzitsua dela gaineratuz.