Arzak, pisu handiko abizena Altzan
Arzak oso familia zabala da. Iñigo Landa Altzako Historia Mintegiko kideak nabarmendu du Artzaka izan zela —Arzak de Yuso, dokumentu zaharrenetan agertzen den moduan—familiaren oinetxe nagusia, baina beste bi adar ere egon zirela. Batetik, dagoeneko desagertua dagoen Larrerdi baserria, Lardi izenez deitua; egun, Jolastokieta auzoan kokatuko genuke. Bestetik, gaurdaino zutik dirauen Mirakruz gaineko Parada baserria. Juan Mari Arzak sukaldaria eta haren familia bertakoak dira.
Hirurak ziren familia berekoak, eta Arzak zen euren abizena. Baina adar berrikoek baserriaren izena gehitu zioten abizenari, jatorria azpimarratzeko asmoz. Hala, Artzaka baserrikoek Arzak izaten jarraitu zuten, baina Larrerdikoak Arzak Larrerdi izatera pasa ziren, eta Paradakoak Arzak Parada. Bitxikeria moduan, XX. mende hasierara arte Chillida Lekun dagoen Zabalaga oinetxe dotorea ere Arzaktarren jabetza izan zela aipatu du Landak, Larrerdi baserrikoena, hain zuzen.
Jatorri gaskoiko abizena
Armarriak beste zerbait iradoki badezake ere, eta urte askoan hori pentsatu izan da, Arzak abizena ez dator euskarazko hartz hitzetik. Koldo Mitxelenak baieztatu zuen Arzak abizena ez dela euskalduna, okzitanoa baizik, eta ez duela hartzarekin zerikusirik. Luis Maria Mujika filologo eta linguistak ere ildo bera jorratu zuen, eta Gaskonian kokatu zuen bere jatorria. Gainera, hipotesi horrek bat egiten du Altzan zaharrenetarikoak diren beste zenbait abizenen jatorriarekin; Estibaos eta Casanao, besteak beste.