Atlantikoko Hiriek Donostiako Adierazpena sinatu dute, klima aldaketaren aurka
Donostian izan da Atlantic Cities sarearen batzar nagusia astearte eta asteazkenean, Eneko Goia delako sareko lehendakaria. Alkateak nabarmendu duenez, “Makroeskualde Atlantiko bat sortzeko aukera leiho bat irekiko zaigu epe laburrean. Arku Atlantikoa osatzen dugun hirientzat garrantzia handiko gaia da, proiektu berrietan elkarrekin lan egitera eta konpromiso komunak hartzera behartzen gaituelako”.
BC3 Basque Centre for Climate Change erakundeko zuzendari zientifiko Maria Jose Sanzek klima aldaketak Atlantikoko hirietan dituen eraginak azaldu ditu: “Klima aldaketa errealitate bat da, eta muturreko gertaerak, hala nola, tenperatura altuak, euri-jasak edo lehorteak, maiztasun eta intentsitate handiagoz errepikatzea eragiten du. Hiriek funtsezko zeregina dute zentzu horretan, baina baita egokitzeko behar handia ere”.
Munduko biztanleriaren % 70 hiriguneetan bizi da, hiriek munduko energiaren % 78 kontsumitzen dute eta gasen isurketen % 60 eragiten dute. “Bero boladen, uholdeen eta suteen aurka prestatzeko, inbertsio handiak egin behar dituzte hiriek. Ezinbestekoa da ekintza planek arintze zein egokitze alderdiak barne hartzea”.
Hirien eraldaketa
Alkateen mahaian Atlantic Cities sareko bost hirik hartu dute parte: Ines Rey A Coruñako alkateak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Ana Gonzalez Gijongo alkateak, Maider Arosteguy Biarritzeko alkateak eta Manuel Vitorino Viana do Casteloko lehendakariordeak.
Reyesek A Coruñan egiten ari diren neurriak eta proiektuak aipatu ditu: orduko 30 kilometroko abiadura-mugari aurrea hartu zioten, 21.000 argi puntu baino gehiagoko argiteria publikoa erabat berritzeko lanean ari dira, bizilagunek kudeatzen dituzten lau ekobaratze eremu sortu dituzte, eta udal energia-operadore bat eratu nahi dute, besteak beste. “Gure hiria erreferente izan da klima-aldaketaren aurreko politika publikoak diseinatzen. Hiri hurbilagoa, bizigarriagoa, iraunkorragoa eta gizatiarragoa eraiki nahi dugu, eta atzera bueltarik ez duten ekintzak gauzatzen ari gara”. Goiak, bere aldetik, itsas mailaren igoerari buruz hausnartu nahi izan du: “Arku atlantikoko hiriek mezu argi bat bidali behar dugu, konponbideek gure gaitasunak gainditzen dituzten esku hartze handiak eskatzen baitituzte, eta itsas mailaren igoera kostaldean izaten ari den inpaktuari buruzko erantzun eta estrategia faltak kezkatzen gaitu”.
Adierazpenaren sinatze ekitaldia
Atsedenaldiaren ostean, sareko hiriak Batzar Orokorrerako bildu dira, eta bertan onartu eta sinatu dute klima aldaketaren eta haren ondorioen aurka borrokatzeko Donostiako Adierazpenaren testua. Agirian hirietan berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko neurriak bizkortzeko konpromisoa hartu dute, eta klima aldaketa arintzeko eta haren ondorioen aurrean egokitzeko bitarteakoak indartuko dituztela berretsi.
Gainera, jardunbide egokien trukea sustatu eta erraztuko dute, ildo horretako prozesuak eta ekintzak bizkortuko dituzte, eta esperientzia partekatuak eta proiektu pilotuak bultzatuko dituzte. Aurrea hartzeko gaitasuna hobetzen saiatuko dira, arriskuen analisiak planifikatuz eta landuz, eta klima aldaketaren ondorioen aurrean erresilientzia hobetzeko planak jarriko dituzte indarrean.
Adierazpenaren bidez, Atlantikoko Hirietako alkateek eskualdeko gobernuei, estatuei eta Europar Batasunari dei egin diete, Glasgowko Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentziaren (COP26) konpromisoak erabat onartu ditzaten eta hiriak zein tokiko gobernuak ahalduntzeko tresnak ezarri ditzaten.