Euskararen aldeko aktibazio sozialari buruzko ikastaroa egingo dute ekainaren 27 eta 28an
Euskararen aldeko aktibazio soziala: aukerak eta proposamenak ikastaroa egingo dute, ekainaren 27 eta 28an, EHUren udako ikastaroen barruan. Bigarren urtez aztertuko dute aktibazio soziala, eta aurtengo ikastaroa iazkoaren jarraipena izango da. Donostian egingo da, EHUren Gipuzkoako campusean dagoen Elbira Zipitria zentroan.
Euskaltzaleen Topaguneak jakinarazi duenez, iaz marko teorikoa eta ikuspegi praktikoak landu ziren ikastaroan, eta aurten praktika zehatzetan jarriko da fokua. Munduko beste hizkuntza gutxituetako hainbat aktibazio-esperientzia ezagutuko dira (Galesko kasua bereziki landuz), beste mugimendu sozialetako esperientzietan arakatuko da eta berauen artean, euskararen aldeko dinamiketarako baliagarriak izan daitezkeen proposamenak aztertuko dira, eta azkenik, begirada euskalgintza barruko egitasmo berritzaileetan jarriko da.
Hizlari izango dira, besteak beste, Garabide elkarteko Maddalen Sobrino, Galesko Cymdeithas yr Iaith erakundeko lehendakari Mabli Siriol Jones, Greenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzaile Lorea Flores, June Fernandez kazetari feminista, Gorka Julio ziberaktibista eta kooperatibista eta Emagin elkarteko kide Miren Aranguren.
Ikastaroan izena emateko epea zabalik dago, eta lotura honetan aurkitu daiteke horretarako formularioa.