Biodibertsitatea eta Plan Orokorra: gure etorkizuna jokoan
Bada garaia biodibertsitatea eta haren kontserbazioa dagokion tokian jartzeko. Udalarentzat Plan Orokor berria aldaketarako aukera paregabea da. Mantentzeko ezinbestean euskarrian dauden habitatak babestu beharko ditugu eta loturak bermatu, gerriko berde-urdina barruko sare berdearekin batuz. Egingo al du?
Joan den maiatzaren 22an Biodibertsitatearen Eguna izan zen. Datak eraniztasun biologikoaren garrantzia gogora ekarri nahi digu, besteak beste, gu horren froga bizia garelako, eta hura gabe bizirik irauterik ez genukeelako. Era berean, gure kausaz dibertsitate biologikoaren galera gero eta handiagoa izateaz gain, gero eta azkarrago gertatzen ari dela salatu nahi du, eta haren kontserbazioa suposatzen duen erronka agerian utzi nahi du. Politikarien agendan lehentasunezko gaia behar lukeena noiz edo noiz egiten duten diskurtso batean baino ez da islatzen. Bestela, galdetu iezaiezue biodibertsitateaz. Entzun al zenieten agintariei ospakizunaren harira? Egun hauetan ezer gutxi esan ez bada, pentsa urteko gainontzeko egunetan zer gertatzen den.
Pasa berri dugu pandemia bat biodibertsitatearen galeran sorburua izan duena, krisialdi ekologikoa honezkero ekonomikoa ere bada, baina halere guk berdin dihardugu. Tximuaren baztanga dantzan dabil orain, eta gero eta ugariagoak izango dira animalietan jatorria duten gaixotasunak. Afrikatik zetozen hainbat, eltxoak eta tarteko, Europan bertan gertatzen hasi dira. Klima aldaketak areagotu egingo ditu. Bitartean gu intsektujaleak akabatzen ari gara, eta populazioak etengabe gainbehera datoz. Polinizatzaileak, erleak ezagunenak, bide beretik doaz, nekazaritza produkzioaren kalterako. Nola ulertarazi gure politikariei aberastasun biologikoaren balioa zenbatezina dela, baina horretan bizia jokatzen dugula?
Sentsibilizazioan aurrerapausoak eman dira, bai, baina ez espero zitekeen abiaduran eta moduan, oraindik berehalako mozkinak lehenesten direlarik, betiko begirada miopean. Legeak garatu ditugu, motzegiak agian, baina horiek ere beteko balira… Gizartearen beste arlo batzuetan ingurumenarekin gertatzen dena pentsaezina litzateke. Genero indarkeria, sexu-askatasunaren aurkako erasoak, laneko jazarpena eta mobbing-a, eskola jazarpena, sexu-abusuak… Esnatzen hasiak gara, Ingurumenaren aurkako delituak, ordea, atzean daude oso. Arazoaren tamainaz eta larritasunaz konturatzen ez garen bitartean, jai daukagu. Martxa honetan jabetu orduko guretzat ere beranduegi izango da, urtero desagertzen ari diren espezie eta populazioentzat den legez.
Aurten Haritzaldek 30 urte betetzen ditu naturaren defentsan, eta badira 25 urte Igeldoko igeltxoarekin, hegoaldeko zuhaitz igelaren alde, lanean hasi ginela. Mendizorrotzeko populazioa kinka larrian zegoen, desagertzeko zorian, eta, zoritxarrez, babestu behar zuten Erakunde Publikoen aurka borrokatu behar izan genuen. Euskadi mailan mehatxatutako espezie bat berreskuratzeko indarrean jartzen zen lehenengo kudeaketa plana izan zen. Putzu berriak eratu ziren, igeltxoa famatu egin zen, eta egun autobusetan dugu, baina populazioak hobera egin al du? Zer gertatzen da galzorian dauden edo interes ekologiko handia duten espezie eta populazioekin? Babes zorrotza dute teorian, baina praktikan?
Gipuzkoa osoan Unanueko kobazuloan baino ez zegoen aitatua ferra saguzar mediterraniarra eta haitzuloa ez zen inoiz babestu. Egun, Añorgako inguru hartan mehatxatuta dauden beste hainbat saguzar espezie topa daitezke oraindik, gerriko berdearen parte den eremuan gordetzen diren balio naturalei gehitu behar zaizkienak, baina udala temati dabil enpresa gizon batzuen interes partikularren defentsan interes orokorraren kaltetan. Bai, Belartza Goikoaz ari gara, Belartza 2 bilakatu nahi dutela. Hor dihardute Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko epai irmoa bete gabe, eta badira jada hiru urte!
Antondegi ere gerriko berdearen parte da eta politika publikoak gorabehera, biodibertsitatearen gordailu dugu, bereziki hegaztiei begira, baina ez soilik. Landa zabala ekosistema aberatsa da eta azken hamarkadetan %40 murriztu da Donostian. Antzandobi arrunta habitataren egoeraren adierazletzat jotzen da eta Antondegin oraindik hainbat bikote habia egiten dute. Ez da kasualitatea. Han ere badirudi udalak enpresa pribatu baten apetak eta negozio gogoa asetu nahi dituela olatu artifizialen faktoria itsasoaren ondoan, baina mendi kasko batean jarrita.
Zer egin du udalak Santa Klara uharteko sugandila arrea, «sebastiani» izendatu zena kontserbatzeko edo zer egin zuen kaio beltzaren habia babesteko? Herri funtsak «eroso eta erraz» edonork edozein unetan bisitatu dezakeen eskultura batentzat bideratu zituen.
Lehengo batean azaldu genuen moduan, biodibertsitatea espazioak (habitatak), espezieak eta geneak dira. Natura guneen kontserbazioa funtsezkoa da: nahitaezkoa da gerriko berde-urdina blindatzea eta indartzea, berdeguneen arteko konektibitatea bermatuz eta hiri barneko parke eta lorategiekin matriz berde oso bat eratuz. Udal gobernuak aukera paregabea du orain arteko joera aldatzeko eta biodibertsitatearen kontserbazioari bultzada handia emateko: Plan Orokor berria. Izan gaitezen baikorrak.