Harri Berri-Oletan euskaraz hazi eta ikasi
Harri Berri-Oletako ikasleek, beste eskola askotan bezala, gaztelera erabiltzen dute euren arteko harremanetan. Euskara ezagutzen eta dakiten arren, askotan, eskola orduetan irakasleekin bakarrik erabiltzen dute. Hori horrela izanik, ikasturte hasieran, euskararen erabilera bultzatu eta motibatzeko nahian ‘Euskaraz hazi eta ikasi’ proiektua martxan jarri zen 3. zikloko ikasleekin.
Helburu nagusia haurrak euskara egunerokotasunean erabiltzea eta euskararekiko duten jarrera «aldatzea» da, euskara ez baita eskolako hizkuntza soil bat, zerbait gehiago baizik.
Ikasturteko lehenengo hilabeteetan proiektua sortu eta guztia planifikatzeko denbora hartu genuen, eta urtarrilaren hirugarren astean martxan jarri genuen proiektua; aurretik, ikasle talde guztiekin saio batean jolasen arauak azaltzeko eta beraien zalantzak argitzeko tartea hartu genuen. Ikasleak beraien artean euskaraz harremandu zitezen, eskolako orduetan praktikan jarri zezaketen jolas bat aurkeztu zitzaien: Euskal tonbola. Egunero goizeko lehen saioan txartel banaketa eginez, ikasle bakoitzari egunero bost puntu banatzen zitzaizkien, eta euskara erabiltzen ez zutenean, puntu bat galtzen zuten. Talde kohesioa lantzeko jolas bat ere bada, taldeko kide guztien puntuak zenbatzen baitira sariak lortu ahal izateko, akordioetara ere iritsi behar dira sari horien eskuratzeko.
Hilabetero, bakarkako eta taldeko zenbaketa egin da, eta talde eta ikasle bakoitzak erabaki du zer egin puntu horiekin: erabili, edo gorde, ondoren sari potoloago bat eskuratzeko. Taldeko oparietan, erabakia hartzeko eztabaidak sortu dira, eta ikasleek beraien iritziak defendatzeko estrategiak ikasi dituzte, baita elkarrizketa osasuntsuak gauzatzeko moduak ere. Proiektuaren emaitzak oso positiboak izan dira, haurrak jolasean murgildu baitira.
Pausoak eman ahala hobekuntzak nabaritu dira eta beste erronka batzuk aurkeztu zaizkie. Jolaslekuko euskararen erabilera eta ahozkotasuna bultzatzeko, patioan egiteko jarduerak antolatu behar izan dituzte ikasleek. Alde batetik, jolasak asmatu behar izan dituzte. Ondoren, jolasen araudiak eta zirriborroak sortu, eta, bukatzeko, patioan material gabeko jokoak margotu dituzte lurrean. Ez genuen proiektua 3.ziklora bakarrik mugatzea nahi; horregatik, beste zikloko ikasleengana joan behar izan dute jokoak azaltzera eta jolasetan parte hartzera animatzera.
Sortutako jolas bakoitzarekin talde bakoitzak taulatxo bat sortu du, eta, bertan, jolasaren kokapena, jolasteko modua, araudia eta egileak nor izan diren azaldu dute. Horrez gain, guzti hori biltzen duen bideotxo bat ere sortu dute 1. eta 2. zikloetan ikasleen parte-hartzea sustatzeko eta jolasen inguruko argibide guztiak nonbait jasota edo bilduta gelditzeko.
Amaitzeko, esan, aipatutako jolasen margoketak ikastetxeko patioari kolorea eta bizia emango diola, ikasleen jolaserako grinari erantzunez eta adin ezberdineko ikasleen arteko elkarbizitza positiboa hauspotuz.
Lan honekin ikastetxeko hezkuntza komunitatean zeresana dutela adierazi zaie, eta beraien saiakerak komunitatean eragin positiboa duela ikusi dute ikasleek. Beraiek sortutako zerbait eskolan geldituko dela jakiteak, eta ikastetxera etortzen den edonork beraien eginkizun horietan parte hartu dezakeela jakiteak ikastetxearekiko duten atxikimendua handituko duelakoan gaude. Gainera, patioan futbolarekiko menpekotasun hori gutxitzea lortu da, beste jolasteko modu batzuk gailenduz eta beste dinamika batzuk ere ongi pasatzeko baliabide interesgarria izan daitezkeela jabetzera bultzatuz.
Beste zikloetako ikasleen harrera bikaina izan da. Patioan margotutako jolasak gustatu zaizkie, eta euskara patioan gehiago entzuten hasi dela esan genezake, gure helburua betez. Orokorrean, jolaslekuan jolasak margotzeak ikastetxean irribarreak, kolorea eta euskal hizkuntzan oinarritutako bizikidetza positibo bat sustatu duela uste dugu, eta modu honetako proiektuak gauzatuz ildo honetan lanean jarraitu beharra dagoela sinesten dugu.