28 pilotarik hartuko dute parte 74. Antiguako Pilota Txapelketan
Hemen da berriz ere Antiguako Pilota Txapelketa. Astearte arratsaldean aurkeztu zuten aurtengo txapelketa, 74.a, Miramar jauregian: 28 pilotarik hartuko dute parte, eta irailaren 3an izango da finala. Aurkezpenaren ondoren, pilotari guztiek barrene bat jokatu zuten auzoko frontoian.
24 pilotarik jokatuko dute gizonen kategorian, eta lauk emakumeen kategorian, eta zortzi jardunaldi jokatuko dituzte finalaren aurretik. Datorren asteartean hasiko dira jardunaldiekin, eta datozen asteetako astearteetan eta asteazkenetan jokatuko dituzte finalaren aurreko jardunaldiak: hilaren 9an, 10ean, 16an, 17an, 23an eta 24an, hain zuzen ere. 19:00etan izango dira, eta Antiguako Pilotazaleok elkartearen Youtubeko kanalean ikusi ahalko dira. Gizonen zein emakumeen finalerdiak hilaren 30ean eta 31n jokatuko dituzte, 18:30ean. Finala, aldiz, 11:00etan izango da, irailaren 3an.
Gizonek bikoteka jokatuko dute, bi kategoriatan banatuta: promesak eta elitekoak; kategoria bakoitza bi taldetan banatuta egongo da. Emakumeek, aldiz, banaka jokatuko dute, eta zuzenean finalerdiekin hasiko dira. Emakumeetan, Amaia Aldai, Olatz Arrizabalaga, Leire Garai eta Mirian Arraiza ariko dira. Gizonetan, Irribarria-Peñalver, Aranbarri-Lazkoz eta Apezetxea-Gabirondo bikoteak lehiatuko dira promesen lehenengo taldean, eta Zubizarreta-Landa, Amiano-Beloki eta Amondarain-Eskuza bikoteak bigarren taldean. Elitekoen kategorian, ordea, Julen Alberdi-Iztueta, Murua-Odriozola eta Igoa-Apezetxea bikoteek hartuko dute parte lehenengo taldean, eta Exposito-Ugartemendia, Mata-Lizeaga eta De la Fuente-Irurita bikoteek bigarrenean.
Argazki lehiaketa
74. Antiguako Pilota Txapelketaren barruan, Txirain elkarteak argazki lehiaketa antolatu du. Parte hartu nahi dutenek hilaren k9o, 10eko, 16ko, 17ko, 23ko, 24ko, 30eko eta 31ko partidetan ahalko dituzte egin argazkiak, eta ekintzak@txirain.eus helbide elektronikora bidali beharko dituzte, irailaren 1a baino lehen. Irabazleak 200 euroko saria jasoko du. Lehiaketaren oinarriak hemen kontsultatu ditzakezue.