Faxismoaren aurka gogor borrokatu zen herria
Plazara Goaz euskara batzordearen ekimenez, Intxaurrondon 1936ko uztailaren 18 eta 28 artean jazotakoa aztertzeko ibilbide historikoa egin zuten joan den larunbatean. 'Herri memoria lantzen 1936ko gerra Intxaurrondon' izeneko bisita Josetxo Otegi historialariak gidatu zuen.
Ibilaldi gidatua 10:30ean hasi zen, Lauaizeta ikastetxearen parean. Josetxo Otegik mikrofonoa piztu, eta denek adi-adi entzun zituzten bere azalpenak. Lehenengo, ibilbideak landu zuen une historikoa denboran eta espazioan kokatu zituen. “Ingurura begiratu eta ahaztu ezazue Intxaurrondo hau, ez zelako existitzen. Oso bestelakoa zen, baserriz eta larrez beteta. Guztiz euskalduna. Horrez gain, Intxaurrondo ez zen Donostia, Altza baizik”, azaldu zuen. 1936ko otsailean kokatu zen ondoren, hauteskundeak izan baitziren orduan. “Badakizue Errepublika ez zela beti talde berdinen menpe egon, koalizio errepublikar sozialista hasi zen, gero bi urtez egon zen eskuinaren eskuetan, eta gero berriz fronte popularrak hartu zuen gidaritza. Azken hori fronte zabal bat zen, eta konpartitzen zutena ez zen Errepublikaren proiektua, faxismoaren aurka zeudela baizik”, esan zuen.
1936ko otsailetik uztailera egin zuen salto ondoren Otegik, eta Donostia eta Intxaurrondo dardararazi zituen hamar egunen inguruan hitz egin zuen. “Uztailaren 18tik 28ra bitartean gertatu zena azalduko dugu. 18an Afrikako armada altxatu zela zioen albistea iritsi zen. Oso gauza gogorrak entzuten ziren: fusilamenduak, Sevillan ere liskar gogorrak, Afrikako armada zela indartsuena… Era berean, Iruñean Mola generala altxatu egin zen, eta gauzak ez zeuden argi. Donostian aurretik konspirazioa eginda zegoen, baina, zorionez, zalantzan egon ziren atera edo ez atera. Jende guztia adi zegoen ea zer gertatuko zen kuartelarekin”, azaldu zuen.
Tiroketak Donostian
Bitartean, tiroketak zeuden Donostian han hemenka, eta nahasmena sekulakoa omen zen. Uztailaren 20an, zutabe bat antolatu zen Gasteiz askatzera boluntarioki joateko. Atera bezain pronto, hilaren 21ean, faxistek pentsatu zuten orduan zela Donostiara sartzeko momenturik onena, ondoen armatuta zeudenak joan egin zirelako. “Maria Cristina hotela hartu zuten, gaur egungo udaletxea ere bai, garai batean kasinoa zena, eta nautikoa eta gobernu militarra ere bai. Intxaurrondoko Gabriel Aresti ibilbidea gerra fronte bilakatu zen eta sekulako liskarrak izan ziren hemen”, adierazi zuen.
Uztailaren 21etik 22rako gauean, soldaduen zutabe bat atera zen kuarteletik, 04:00etan, beste faxistek hartuta zituzten beste eraikinetara iristeko. Larramendi kalean, El Nido taberna dagoen tokian, CNTk bere egoitza zeukan, eta bertan gotortu ziren faxistei “sekulako erresistentzia” eginez. “Hiru orduz, militar profesionalen kanoiekin fusilekin eta ametrailadoreekin aritu ziren, eta besteak, ba, ahal zutenarekin. Gogo handiz, hori bai”, azaldu zuen.
Faxistek Donostiako toki gehienak zituzten menpean, eta, ez zirudien Fronte Popularrak aukerarik zuenik faxisten aurka irabazteko. Gasteizera joan zirenei faxistak sartu zirela abisatu zieten, eta, Donostiara itzultzeko, Bilbotik zetorren beste zutabe batekin elkartu ziren. Bi taldetan banatzea erabaki zuten, Donostian zerekin topo egingo zuten jakin gabe. Talde batek, nahi gabe, Larramendi kaleko anarkisten kontra borrokatzen ari ziren atzeragoardiekin egin zuen topo. “Hori ikusita, korrika alde egin behar izan zuten armamentu astuna bertan utzita”, esan zuen. Hori gertatu ostean, urruneko zurrumurru bat hasi zen entzuten, gero eta ozenagoa: milizianoak ereserki internazionala abesten ari ziren Aldapetatik jaisten.
Errepublikazaleen garaipena
Hortik aurrera, tiroketek eta sarraskiek ez zuten etenik izan. Maria Cristina hartuta zuten faxistek hilaren 23an alde egin zuten, amore emanda, eta 24tik aurrera militarrei setioa jarri zitzaien. 27an Hondarribiko Guadalupe gotorlekuko kanoi erraldoia ekarri zuten Donostiara, eta lau tiro bota zituzten. “Uztailaren 28ak jaieguna izan beharko luke; izan ere, Donostiako herriak faxismoa garaitu zuen eguna da”, adierazi zuen Otegik.
Intxaurrondoko sarraskiak
Hasierako kokapen horren ostean, Gabriel Aresti kaleko Udaraberri etxearen ingurura abiatu zen bisita. Bertatik oso ondo ikusten da Loiolako koartela eta Gabriel Aresti ibilbidea. Bertan eta inguruko baserrietan izandako borrokak azaldu zituen Otegik. Jarraian, Polloe hilerriko sarrerarantz jarraitu zuten, Gabriel Aresti kaleko sarrerarantz hain zuzen ere, inguruko baserrietan ere borroka ugari izan baitziren.
Ondoren, Irolako biribilgunera joan ziren. Bertan, Ametzagaina mendian izandako pertsona baten ehorzketari buruz hitz egin zuen Otegik. “Ametzagaina parkean, gaur egun, haurrentzako sare batzuk daude jolasteko. Hortik aurrera jarraituta, gotorlekua egongo litzateke, abandonatua. Testigantza baten arabera, 1936ko uztailan pertsona bat lurperatu zuten bertan. Eusko Jaurlaritzak Aranzadi elkarteari ehorzketa hori ikertzeko eskatu zion, eta testigantzen arabera, uste da horko puntu batean zegoela gorpua. Hala ere, ez zuten ezer aurkitu. Kontua da, Iñaki Egaña historialariak egindako ikerketen arabera, urte batzuk beranduago, gorpu hori atera egin zutela, eta beste toki batera eraman. Egañaren arabera, hor egon zen gorpua Santanderreko guardia zibil batena izan zitekeen. Izena ez dakigu, baina bere iniziala bai: C.A.R. Donostian akuartelatua zegoen, baina ez dakigu argi Errepublikaren alde edo kontra borrokatu zen”, adierazi zuen.
Irolako biribilgunetik Sibilia kalera jarraitu zuten, eta ostean, Basotxiki eta Zarategi kaleak elkartzen diren izkinan geratu ziren. Bertako Basotxiki baserrikoa zen Luis Irisarri. 1936ko azaroan frankistek atxilotu egin zuten Zubiarreko tabernan, eta hilaren 10ean (ustez) Hernanin edo Oiartzunen fusilatu zuten.
Jarraian, Jose Elosegi alkatearen hiribidera iritsi zen taldea, eta bertan, La Asuncion elizan izandako txekaren ingurukoak azaldu zituen Otegik. Txekak errepublikazaleek kontrolatutako espetxe informalak ziren. Bertatik, Txaparrene pasealekura abiatu ziren. Han, agintari frankistek Altzak (Intxaurrondo auzoa barne) Donostiarekin bat egitea erabaki zuten, auzokideei kontsultatu gabe, eta pasealeku horretan egin zen bateratze horren zeremonia sinbolikoa.
Ategorrietako hilketak
Azkenik, ibilbidea amaitzeko, Ategorrietako erlojuaren parera joan ziren. Bertan, 1931eko maiatzaren 27an, Errepublika jaio berri zenean, Pasaiatik zetorren arrantzaleen manifestazio baketsu baten aurka sarraskia burutu zuen Guardia Zibilak. Zazpi hildako izan ziren liskar haietan, eta istorio hori 1936ko gerratik pixka bat aldentzen bada ere, Intxaurrondok bizi izan zituen sarraski guztien parte izan zela esan daiteke.