"Gure mentalitatea bertikalean dago"
Ekainean abiatu zuten 'Bertikala' podcastaren proiektua Sara del Rio Loiartek (Intxaurrondo, 1996) eta Laura Re Lozanok (Lorca, Espainia, 1995), eta lehenengo lau saioek izandako arrakasta handiaren ondoren, bueltan dira, berritasun batzuekin. "Gure belaunaldiari gertatzen zaizkion gauzez hitz egiten dugu", diote. Hala egiten dute, modu arinean, umoretik eta ikuspuntu feministatik.
Kalean da ‘Espektatibak vs Errealitatea’ saioa.
Sara del Rio Loiarte (S.R.L.): Saiatu gara berrikuntzak egiten, baina esentzia mantentzen. Lehenengo saiora, adibidez, Kattalin Miner etorri da berriz, hemendik aurrera tarteka etorriko baita, eta bere atal propioa izango du.
Bestalde, berrikuntza gisa, lagun batzuek sintonia egin digute, eta azala ere egin behar digute, baina hori atzerapenarekin doa. Beraz, hori ere gaiarekin bat doa: azala lehenengo saiorako izateko espektatiba genuen, baina errealitatea ez da hori. Horrez gain, lehenengo saioan ez dugu gonbidaturik izan, erabaki dugulako denboraldi honetan gonbidatuak noizbehinka eta nahi dugunean ekartzea.
Nor da sintoniaren egilea?
S.R.L.: Artista emergente berria deitzeko esan digu.
Laura Re Lozano (L.R.L.): Ez dauka inizialik ere! Sekretua da.
S.R.L.: Lagun batzuek talde lanean sortu dute: pandero bat, kopla bat eta ahots batzuk. Etxeko grabazio da, baina gustatu zaigu. Bereziki gustatu zaigu denbora guztian errepikatzen duelako «masaileko bat nahiago, bihar lanera joan baino». Kontzeptua gustatzen zaigu, eta igandeetan entzuteko oso ondo dago.
L.R.L.: Gure bizitza da! [barrez].
Bi astean behin aterako dituzue saioak oraingoan ere?
L.R.L.: Horrela jarraituko dugu, bai, ez daukagulako denborarik saio gehiago egiteko. Era berean, presiorik gabe ariko gara, nahiko genituzke denboraldia hogei saio atera, baina gure bizitzek ez dute ematen horretarako. Eta, Aste Santuan, mundu guztiak oporrak hartzen dituenean, ziur aski, guk ere hartuko ditugu.
S.R.L.: Ostegunetan argitaratuko dira saioak, Youtubeko gure kanalean, 14:00etan. Bestalde, primizian, aurreko igandeko 21:00etan Naiz Irratian entzun ahalko da. Era berean, jarraituko dugu sareetara igotzen aurrerapenak, eta abar.
L.R.L.: Berrikuntza gisa, bideoa Spotifyra ere igoko dugu.
Nola azalduko zenukete zer den ‘Bertikala’?
S.R.L.: Guk eta gure ingurukoek podcast dezente entzuten ditu, eta ideia gustatzen zitzaigun. Ez da sinplea, irudia eta beste hainbat gauza dituelako, baina egingarria ikusten genuen. Horrela, erabaki genuen podcasta egitea, hainbat gauzaren inguruan umoretik, modu arinean eta euskaraz hitz egin nahi genuelako. Bestalde, podcasta grabatzen ondo pasatzen dugulako egiten dugu.
L.R.L.: Bai, horregatik edaten dugu grabazioan [barrez]. Hasieran, gure asmoa zen podcasta lagunekin eta lagunentzat egitea. Horregatik, izan dugun harrerarekin pixka bat beldurtuta gaude.
S.R.L.: Orduan, Bertikala dira bi emakume gertatzen zaienaz hitz egiten, kontraesan guztiekin, baina errealitate handiarekin. Eta, uste dut gure belaunaldiari gertatzen zaizkion gauza askoren inguruan hitz egiten dugula. Beti ere, umoretik eta gehiegi dramatizatu gabe.
L.R.L.: Hori Sararen lana da, nirea drama edonon jartzea baita [barrez].
Nabaritzen da gozatzen duzuela.
S.R.L.: Lehenengo saioak egitera gindoazenean, premisa honakoa zen: gertatu daiteke honek harrera ona izatea edo harrerarik ez izatea, baina berdin zaigu, hori ez da garrantzitsuena. Esaten genuen, ‘ea zer modu sentitzen garen hau egiten’. Eta, nola hain ondo pasatu dugun, grabaketa bakoitza hain dibertigarria den atzoko saioaren grabaketa ikustera, adibidez, 7-8 lagun etorri ziren, bada, aurrera jarraitu dugu. Gainera, grabaketaren ondoren denak batera goaz zerbait hartzera; erritual moduko bat da dagoeneko Bertikala-ren grabaketa.
L.R.L.: Arratsaldeko plana da, nolabait. Ordea, plan hori grabatu egiten dugu eta Youtubera igotzen dugu. Baina, podcasteko elkarrizketak badira lagun artean izaten ditugun elkarrizketak.
‘Estirando el chicle’-ren eragina argia da, ezta?
S.R.L.: Espainiako Estatuan hainbat podcast daude formatu horretan: Estirando el chicle bera, Deforme Semanal Ideal Total, La Pija y la Quinqui, eta abar. Gure formatua ere hori da: gai bat jarri, gure artean hitz egin, eta noizean behin elkarrizketaren bat egin.
L.R.L.: Mundu guztiak egiten baldin badu, zergatik ez dugu guk egingo?
Euskaraz izatea da gure bereizgarri handiena. Nire ustez, Euskal Herriak ere nahi du hau, baina mundu txikiago bat da, eta zaila da: baldintza jakin batzuk behar dituzu, lotsarik gabeko jendea (hau da, gu), eta abar. Beraz, apustu bat izan da guretzat, eta konplexurik gabe esaten dugu Estirando el chicle eta beste podcast batzuk direla gure erreferenteak.
Nondik dator podcastari ‘Bertikala’ deitzeko ideia?
L.R.L.: Hau nire gaia da. Sarak aipatu du gure belaunaldiari gertatzen zaizkion gauzez hitz egiten dugula, eta, hain zuzen ere, bertikaltasuna horrekin bat doa. Guk jasotzen dugun ia guztia mugikorretik jasotzen dugu; Instagrametik, Twitterretik edo dena delakotik, baina formatua bertikala da. Eta, hor badago lengoaia bat. Gero, jendeak esaten dit Youtuben horizontalean argitaratzen dugula podcasta. Bai, noski, Youtube beti izango delako horizontala! Baina, Instagram eta Twitter beti izango dira bertikalak. Gure mentalitatea bertikalean dago, baina bideoak horizontalean daude, noski, inor ez delako gai bost minutu baino gehiagoko bideo bat bertikalean ikusteko.
S.R.L.: Kultur kode eta erreferentzia aldaketei keinu bat eginez jarri genion izen hori, azken finean. Hortik dator, baita ere, Horizontalak atala, gustatzen ez zaizkigun gauzen ingurukoa.
Zer nabarmenduko zenukete aurreko lau saioetatik?
S.R.L.: Lehenengoa, Hasierak, proba bat izan zen, eta uste dut oso dinamikoa atera zela. Oso eroso sentitu ginen.
Bigarrena, lodifobiari buruzkoa izan zen. Biak gurutzatzen gaituen gai bat da, eta, orain arte, modu dramatikoan landu izan da. Guk umoretik jorratu genuen, baina eduki politiko handia du saioak.
L.R.L.: Sentimendutik, umoretik eta esperientzia pertsonaletatik dago eginda. Benetan sufritzen ditugun gauza batzuk kontatu nahi genituen, dramarik gabe.
S.R.L.: Hirugarrena folklorikoei buruzkoa izan zen. Kattalin Minerren alde ezkutu bat da hori, argitara atera nahi genuena. Horren atzean asko dago ikertzeko, eta grazia handia egiten zigun gai honi buruz hitz egiteak: Anariri Rosana deitzeak, adibidez.
Azken saioa Uda izan zen, gure lagun Alos Egañarekin, Miau DJ-arekin. Uda zen, Gladys Enean grabatu genuen… Saio horrek ez dauka hari zehatzik.
L.R.L.: EHZ jaialdiaren ondoren izan zen. Orduan, Sarita ahotsik gabe zegoen, ni gaizki eserita, gure lagunak hamaketan botata… Udako kanpaleku bat zen.
Zer harrera espero duzue orain?
S.R.L.: Ni pixka bat zain nago, ea zer gertatzen den. Orain arte izan duguna izugarria iruditzen zait. Bat-batean, saio guztiek 1.000 ikustalditik gora dituzte.
L.R.L.: Anbiziotsuak izan behar gara, ametsetan ibili behar gara. Baina, orain daukaguna mantentzen badugu, pozik geldituko naiz. Ikustaldiak gutxitzen badira ere ez da ezer gertatzen.
Pozik egoteko moduko datuak dira.
S.R.L.: Txosnetan ezagutzen gaituzte eta!
L.R.L.: Uda polita izan da, bai.
‘Estirando el chicle’-koek bezala, hurrengo pausoa Madrilgo Wizink Center betetzea izango al da?
L.R.L.: Poliki-poliki!
S.R.L.: Badaukagu asmoa aurten momenturen batean zuzeneko txikiren bat egiteko. Ikusi nahi dugu zer izan daitekeen zuzenean grabatzea, publiko gehiagorekin.
L.R.L.: Nire beldurra da zuzenean grabatzean zer gertatu daitekeen. Izan ere, 50 pertsonako publiko batekin, barreak biderkatu egiten dira, eta edozer gauza esaten bukatu dezakegu, kamiseta gabe, hankak mahai gainean… [barrez].
Jarraian, denboraldi honetako lehenengo saioa, Espektatibak vs Errealitatea, ostegunean argitaratutakoa: