Udalak eskubidea du salgai jarri duten Atotxako babes ofizialeko etxea erosteko

Atotxako babes ofizialeko etxe bat 637.000 eurotan salgai jarri duten pertsonekin harremanetan jarri da Donostiako Udala. Noticias de Gipuzkoa egunkariak argitaratu duenez, udalak jakinarazi du etxebizitza hori eskuratzeko lehentasuna duela, eta ezin dela merkatu librean salgai jarri.
Atotxan 388 etxebizitza eraiki ziren 2003an, guztiak ere babes motaren batekin –esaterako, 252 dira babes ofizialekoak–. Brues-Progrem eraikuntza enpresa izan zen sustatzailea, eta eraikitako 32 etxebizitzekin geratu zen. Hain zuzen ere, horiek dira prezio librean saldu daitezkeenak, eta horietako bat da Idealista atarian salgai jarri dutena. Ordea, udalak dio etxebizitza hori dagoeneko ez dagoela aipaturiko 32 horien artean.
Udaleko iturrien arabera, Atotxako babes ofizialeko etxe gehienak Donostiako Etxegintza udal erakundeari eskaini behar zaizkio lehenik, eskuratzeko preferentzia duelako, eta, gainera, ezarritako prezio finko batean. Etxegintzak etxe horietako bat erosiko balu, babes ofizialeko baldintzetan adjudikatu edo alokairuan jarri ahal izango luke.