Karmentxu belar dendak 53 urteko ibilbidea itxiko du
Datozen asteotan itxiko du atea behin betiko Erroteta Goiko kaleko Karmentxu belar dendak. Gozo denda gisa hasieran eta belar denda gisa ondoren, mende erdi bat darama irekita, eta familia bereko bi belaunaldi pasatu dira handik.
Josu Alvarezek (Altza, 1962) bizitza guztia darama Altzan: “Nire gurasoak Errotetako lehenengo bizilagunetakoak izan ziren, 1961ean etorri baitziren hona bizitzera. Ni 1962an jaio nintzen; altzatarra naiz”. Auzoan bizitzen ez ezik, auzoari bizitza ematen ere urte asko daramatza.
Izan ere, merkataritza txikia da auzoei bizitza ematen dien sektore nagusienetako bat, eta Alvarezek eta bere familiak mende erdi bat daramate Erroteta Goiko kaleko Karmentxu saltokiarekin. Orain, aldiz, denda ixtear da Alvarez, hainbat arrazoi direla medio.
Gozo dendatik belar dendara
Karmentxu saltokiaren historia 1969an hasi zen, Alvarezen amak, Karmentxuk, bere izena zeraman gozo denda ireki zuenean: “Ireki eta berehala, gozo denda oso ondo funtzionatzen hasi zen. Altzako betiko jendeari Karmentxu gozo dendarengatik galdetzen badiozu, denek esango dizute ezagutzen zutela, sekulako pastelak zituela, eta abar”.
Orduko lokala egungoa baino txikiagoa zen, gerora, ondoan zegoen erloju denda itxi zutenean, lokal hori erosi zutelako, Karmentxuren saltokia handitzeko (80 bat metro koadro ditu ordutik). Lokal txikia izanda ere “lan handia” egiten zutela nabarmendu du Alvarezek: “Asko saltzen genuen: edozein igandetan, 300 pasteletik gora saltzen genituen. Eta, egunero, 100 bat pastel ekartzen genituen, ondo saltzen baikenuen astean zehar ere”.
Alvarezek zehaztu duenez, ama zen nagusia, baina aitak, arrebak eta Alvarezek berak ere gozo dendan lan egiten zuten, ia atsedenik gabe: “Egunero-egunero etorri behar genuen. Urtean bitan baino ez genuen atseden hartzen: Okinaren Patroiaren egunean [San Honorato, maiatzak 16] eta Eguberri egunean. Eta, Eguberri egunean ez genuen guztiz ixten, 12:00etan enkarguak banatzera etortzen baikinen, hiru bat orduz”. Horrenbesteko lana zenez “nekatuta” zeudela azaldu du Alvarezek, eta, azkenean, gozo denda ixteko erabakia hartu zutela: “1991ko Errege egunaren ondorengo egunean itxi genuen. Izan ere, Errege eguna izugarria zen, asko saltzen zen: egun batean hilabetean bezainbeste saltzen genuen. Agian, 1.000 errege opil saltzen genituen goizean zehar”.
Gozo denda funtzionamenduan izan zuten azken bost urteetan, pixka bat goragoko kale batean belar denda bat ere izan zuten, eta 1991n, euren apustua belar denda izango zela erabaki zuten. Orduan, Karmentxu gozo denda Karmentxu belar denda bihurtu zen, eta Alvarezek hartu zuen gidaritza, gaur egunera arte.
Laster esango du agur
Gozo denda ireki zutenetik 53 urtera eta belar denda zabaldu zutenetik 31 urtera, saltokitik familia bereko bi belaunaldi pasatu ondoren, Alvarezek saltokia ixteko erabakia hartu du: “Ikusten ari naiz hau maldan behera doala, eta ez dagoela irtenbiderik. Orduan, nazkatuta bukatzen duzu. Lehen, baikorragoa nintzen, eta uste nuen merkataritza txikiaren egoerari buelta emango geniola, baina orain erabat ezkorra naiz”. Azaroan, oraindik irekita mantenduko du saltokia, eta agian abenduko lehenengo asteetan ere, likidazioa egiten ari baita, gelditzen zaizkion produktuak merkeago salduz: “Inbertitutakoa pixka bat errekuperatzeko, behintzat”.
Ixteko arrazoiei buruz galdetuta, alde batetik, “auzoa hilda” dagoela deitoratu du: “Lehen, Errotetak kristoren bizitza zuen: jende asko ibiltzen zen kaletik, ondo zebiltzan saltoki ugari zituen, eta abar. Ordea, duela hamabost bat urte, maldan behera goaz. Saltoki handiek dena jan dute, eta Internetek ere bai”.
Bestetik, agintarien politikak kritikatu ditu: “Politikariek ahoa betetzen dute merkataritza txikia oso garrantzitsua dela eta merkataritza txikirik gabe auzoak hiltzen direla esanez, baina gero ez gaituzte laguntzen. Garbera handitzeko, ordea, bai lagundu dutela”.
Era berean, Ticket Bai sistemak akabera eman diola gaineratu du: “Ondo ikusten dut dena kontrolatuta egotea, baina ez soilik merkataritza txikia kontrolatzea. Gainera, behartzen gaituzte kutxa berri bat erostera, dendan ordenagailu bat izatera software berriarekin, dendan wifia izatera… Azkenean, beste 3.000 edo 4.000 euro dira, eta nik orain ez dut hori irabazten, ezin dut inbertsio hori egin”.
Alvarezek badaki zer egingo duen etorkizunean: “Sukaldari trebea naiz, eta, ziur aski, eguneko menuak prestatzen hasiko naiz taberna batean”. Ordea, nolakoa izango da gure auzoen etorkizuna Karmentxuren moduko betiko dendak desagertzen jarraitzen badira?