"Esperimentazio gune bihurtu dugu jaialdia"
Azaroaren 30etik abenduaren 3ra egingo da hamazazpigarren Feministaldia, Tabakaleran. Plazandreok plataforma politikoak abiatu zuen jaialdi kultural feminista hau, baina, aurten, koordinazioan aldaketa bat izan denez, programa zabaldu eta jende gehiagorekin batera antolatzea erabaki dute Leire San Martin eta Laura Muelas koordinatzaileek.

Zein asmorekin sortu zen Feministaldia?
Leire San Martin (L.S.M.): Berez, Laura eta biok ez ginen Feministaldiaren sorreran egon. Jaialdiaren hamazazpigarren urtea da hau: nire bederatzigarren urtea koordinazioan, eta Lauraren hirugarrena. Jende asko pasa da koordinaziotik. Berez, jatorrian, Plazandreok plataforma politikotik abiatu zen, eta hiru pertsonak zuzendu zuten bere garaian: Ainhoa Guemesek, Maider Zilbetik eta Irene Ormazabalek. Duela hamazazpi urte, egoera ez zen gaur egungo bera, eta emakume artisten eta kulturgileen lanari ikusgarritasuna eman nahi zioten. Horrez gain, Donostian espazio feminista bat eraikitzea ere bazen helburua. Horrela sortu zuten Feministaldia Artelekun, gaur egungoa baino formatu txikiago batean.
Gaur egun, nolako jaialdia da Feministaldia?
Laura Muelas (L.M.): Nik uste dut gaur egun bi plano daudela. Alde batetik, uste dut erreferente bihurtu dela Donostian eta Euskal Herrian, feminista guztiek ezagutzen dutelako. Gainera, Feministaldian beti saiatzen gara kanpoko jendea eta ideia berritzaileak ekartzen. Bigarren planoari dagokionez, esan behar da koordinazioa aldatu egin dela, eta etorkizunean ere aldatuko dela.
L.S.M.: Garrantzitsua da aipatzea eraldaketa momentu batean gaudela. Orain arte, Plazandreokekin batera koordinatu eta osatu dugu programa. Arrazoi desberdinengatik, Plazandreok pixkanaka desagertzen joango da, eta, beraz, trantsizio urtea da guretzat. Aurten, aldaketa moduan, programazioa ireki dugu pixka bat. Momentu berritzailea da Feministaldiarentzat, erabaki genuelako programa ez genuela guk bakarrik pentsatuko, eta beste pertsona batzuekin batera egingo genuela. Horrekin lotuta, maiatzean, Azala kreazio espazioarekin kolaborazioan, asteburu osoko programazio gune bat eraiki genuen. Aurtengo programak eklektizismorantz jo du agian, baina gu oso pozik gaude, arriskatu egin garelako.
Nolako kultur lanak ikus daitezke Feministaldian?
L.M.: Denetarik. Aurten, gainera, oso frikia izango dela esan digute batzuk. Diziplinei dagokienez, performanceak, hitzaldiak, mistizismotik datorren artista bat eta kontzertuak izango dira, besteak beste, eta kulturalki nahiko jaialdi plurala dela esan daiteke.
L.S.M.: Beti sartzen ditugu oso formatu desberdinak. Diziplina aldetik zabala da, eta gaiak ere ez ditugu asko ixten.
Nola aukeratzen duzue programa?
L.S.M.: Azalarekin egin genuen kolaborazioan pentsatu genuen feminismoaren eta kultura feministaren arloan zein gai edo ildo diren garrantzitsuak gaur egun, politikoki edo kulturalki, adibidez. Gero, hori osatzen joaten gara beste profil desberdin batzuekin, literaturarekin, artearekin eta zinemarekin, adibidez.
L.M.: Gure gustuetatik eta interesatzen zaizkigun gauzetatik abiatzen gara, baina horrek ez du esan nahi horretan bakarrik fijatzen garenik. Oso interesgarria da programa beste pertsona batzuekin batera pentsatzea, izan ere, jende gehiago ezagutzeko eta mundua gehiago zabaltzeko aukera ematen du horrek.
Zein da aurtengo leloa?
L.M.: Ahoa narras da leloa. Azalan egon ginenean, oso gauza desberdinak egiten aritu ginen, ez hitz egiten eta eztabaidatzen bakarrik. Idoia Zabaletarekin egon ginen, erdi xamana da bera. Egun batean, paseo bat ematera joan ginen, eta, mendian, zulo batean sartu ginen. Oso esperientzia mistikoa izan zen denontzat, eta bertan hasi ginen pentsatzen Feministaldiaren markoa nondik norakoa izatea nahi genuen. Denok genuen buruan arrastaka ibiltzearen kontua, posizio bertikaletik horizontalera jaistea, eta, beraz, ahoa narras oso lelo iradokitzailea iruditu zitzaigun.
L.S.M: Ahoa, normalean, ez doa lurretik, eta gorputzaren inklinazioari buruz ere hitz egin nahi genuen. Gainera, arrastaka ibiltzearen kontuarekin Ekarri lagun bat egitasmoa jarri dugu martxan: gonbidatu batzuei nahi badute beste norbait ekartzeko esan diegu, izan ere, horrek jende gehiago ezagutzeko aukera ematen du. Oso interesgarria izango da.
Gaur egun, emakumeek kulturan zer toki dutela uste duzue?
L.S.M.: Nik uste dut feminismoaren subjektuak eztanda egin duela, eta asko zabaldu dela. Gaur egungo berezitasun bat da, eta Feministaldiaren programan ikusten da, Feministaldia ez dagoela soilik zis emakumez osatuta. Intersekzionalitatetik begiratu nahi dugu, eta beste gorputz batzuk ere sartu.
L.M.: Emakumeek kulturan duten tokiari dagokionez, desberdina da zirkuituaren arabera. Euskal kulturari dagokionez, esan daiteke emakume asko daudela, baina zein tokitan? Hedabideetan ere feminista asko dago, baina, gero, nork irabazten ditu sariak edo nor dago zuzendaritzetan? Horiek ere erabakitzen dute emakumeek duten lekua. Hala ere, emakumeez gain, beste gorputz horiek kulturan non dauden begiratu beharko genuke, eta Feministaldiak ere egin behar du lan bat zentzu horretan.
Zein dira jaialdiaren aurtengo erronka nagusiak?
L.M.: Autokonplazentzian ez erortzea eta zer falta den aztertzea. Hobetu dezakegunaren inguruko analisi bat egin nahi dugu.
L.S.M.: Bai, barne hausnarketa gisa, oso adi gaude programa berriak nola funtzionatuko duen. Programa zabaldu dugu, baina oso modu xumean, izan ere, aurrekontu aldetik zailtasun gehiago izan ditugu aurten. Ondo baloratu eta ikusi behar dugu programa benetan nola ireki behar dugun jakiteko. Bestalde, jendeak ondo pasatzea ere erronka handia da guretzat.
L.M.: Bai, eta datorren urtera begira, erronka ekonomikoa ere badugu Feministaldia finantzatzeko. Izan ere, eraldaketa honetan, elkarte berri bat sortu dugu, eta diru laguntzak eskatu behar dira.
Normalean, nolako harrera izaten du Feministaldiak?
L.S.M.: Nik uste dut normalean dezente harrera ona izaten duela. Jende askok agendan sartuta duen zerbait da, eta, Donostian behintzat, gune erreferentzial bat bihurtu dela iruditzen zait. Jende asko etortzen da, eta ez gure zirkuituetan dabilena soilik. Tabakaleran izango da gainera, eta nik uste dut horrek lagunduko digula publiko gehiagorengana iristen. Hala ere, ez dugu Feministaldiaren esentzia galdu nahi: programazioa ireki nahi dugu, baina espazio feminista batean gaudela ahaztu gabe.
Nola eboluzionatu du Feministaldiak hasi zenetik hona?
L.S.M.: Feministaldiak ere bat egin nahi izan du feminismoaren barruan dauden korronteekin. 2014an koordinazioan sartu ginenean, transfeminismoa sustatzeari ekin genion hasieratik. Formatuei dagokionez ere zabaldu egin da jaialdia, izan ere, asko esperimentatu dugu. Besteak beste, Feministaldian gertatzen den zerbait da jende askok esaten digula, azken urteetan batez ere, gauza berriak egiteko aprobetxatzeko. Uste dut hori ere eraldaketa bat izan dela, Feministaldiko plaza esperimentazio gune bihurtzea.
L.M.: Bertako jendeak asko ezagutzen du Feministaldia, baina kanpotik datorrenak ere zabaltzen du jaialdia. Beraz, nik uste dut influentzia horiek ere garrantzitsuak direla.