«Astoriara joatea pelikulak ikustera plan berezi bat zen»
Ane Astigarraga haur hezkuntzako irakaslea elkarrizketatu dugu. Urte asko daramatza Amara Berrin bizitzen, eta auzoari buruz eta bere bizimoduari buruz galdetu diogu.
Bizitza guztian zehar Amaran bizi izan zara?
Ez, beti ez. Urte asko eman ditut Amaran, baina garai batean Antiguan eta Igeldon bizi izan nintzen. Baina, bai, Amaran urte asko.
Amaran bizitzea gustatzen zaizu?
Asko gustatzen zait Amaran bizitzea. Denetatik daukagu, oso erosoa da.
Txikia zinenean, Amarako zein eskolatara joaten zinen? Garai hartan zeintzuk zeuden?
Ni txikia nintzenean, hemen, Santo Tomas eskolak gela batzuk zituen, eta hor hasi nintzen. Urumea ibai ondoan, Bizkaia pasealekua dago eta hango geletan hasi nintzen. Hara joan ginen euskara irakasten zutelako. Orain Amaran beste eskola asko daude: Katalin Erauso (garai hartan oraindik ez zegoen), El Carmelo, Amara Berri… Aukera asko, eskola asko daude.
Auzoko zein zona gustatzen zaizu gehien?
Egia esan, denetatik ibiltzen naiz baina gehien gustatzen zaidana ibaiaren ingurukoa da. Ibaiaren inguruan natura asko dago eta leku lasaiagoa da, zirkulazio gutxiago dago, eta oso ondo egoten da.
Parkeetara joaten zara atseden hartzera? Zein da zure gustukoena?
Parkeetara gutxi joaten naiz. Alaba txikia zenean bai, joaten nintzen, baina orain paseatzera edo Anoetara joaten naiz gehiago. Anoeta inguruan beti ikusten duzu jendea kirola egiten. Atseden hartu baino gehiago, paseatzea, lagunekin egotea, kirola ikustea… hori guztia nahiago dut.
Amaran biziko ez bazina, zein auzotan bizi nahiko zenuke?
Amaran oso gustura nago, baina Igeldon eta Antiguan ere oso gustura egon naiz. Orduan, edo Igeldora edo Antiguara gustura joango nintzateke.
Noiztik egiten duzu lan Katalin Erauso eskolan?
2017an etorri nintzen eskola honetara eta oso gustura nago zuekin.
Gustuko al duzu auzoko eskolan lan egitea?
Bai, erreza da, erosoa. Kalean ere ikusten zaituztet, eta niretzat oso atsegina da.
Non erosten dituzu eguneroko elikagaiak?
Elikagaiak eta dena saiatzen naiz auzoan bertan erosten. Guk erosketak egiten ditugunean, interesgarriena da etxetik gertu dirua uztea. Beraz, auzoko dendetan erosketak egitea da hoberena.
Astoriara joaten zinen pelikulak ikustera?
Bai. Hamabostean behin joaten nintzen Astoriara. Zineaz gain, beste plan asko zeuden: kirola egitea, mendira irteerak… Astoriara joatea pelikulak ikustera plan berezi bat zen; oso ondo portatu behar ginen pelikula bat ikusteko.
Kirolik egiten al duzu?
Oraintxe, kirol asko ez. Aspaldi kirola egiten nuen: palan jokatzen nuen, padela, saskibaloia, igeriketa… Lagunekin jolasteko modu oso atsegin bat zen.
Anoetara joaten al zara Reala ikustera?
Noizbait joan naiz. Baina futbolaz gain, beste kirol batzuk ikustea gustatzen zait, eta, hemen, Amaran, aukera asko dauzkagu: saskibaloia, errugbia, atletismoa… Bestalde, edozein egunetan jendea entrenatzen ari da, eta aukera ona da, askoz ere merkeagoa.
Elkarte bateko bazkide al zara? Zeinetakoa?
Bera Bera kirol elkarteko kidea naiz. Nire bikotekideak hor egiten du errugbia, eta hor egoten gara. Gauza asko daude elkarte horretan.
Hemendik urte batzuetara, jubilatuen elkartean parte hartzeko asmoa duzu? Nola?
Jubilatzeko urte batzuk geratzen zaizkit oraindik, baina uste dut aukera ona dela gauza asko egiteko: txangoak, bidaiak, parapentea… Inoiz ez dut egin, baina agian jubilatzen naizenean egingo dut.