156 egunetan egin du euria Donostian 2022an

Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoen sailak lurraldeko azken urte hidrologikoaren datuak eman ditu, Gipuzkoa osotik banatuta dituen hemeretzi plubiometroetatik ateratakoak. Datu orokorrek ondorio argi bat eman dute aditzera: 2021-2021eko periodoan baino euri gehiago egin zuen Gipuzkoan, baina egun gutxiagotan.
Hain zuzen ere, 1.791,5 litro bota zituen 2022an Gipuzkoan, aurreko urte hidrologikoan baino %8,8 gehiago, batez beste 1.639,8 litro bota baitzituen aurrekoan. Euria egin duen egun kopuruari dagokionez, Donostian kokatutako plubiometroaren datuak hartu dituzte oinarritzat, Igeldoko plubiometroarenak, alegia. Horrela, 156 egunetan egin zuen euria iaz, aurreko periodoan baino 29 egun gutxiagotan; 185 egunetan egin zuen euria 2020-2021eko periodoan.
Igeldoko datuekin jarraituz, plubiometro horren batez besteko historikoaren %3 azpitik egon dira 2022ko prezipitazioak: 1.507,3 litro bota zituen Igeldon 2022an. 2020-2021eko periodoarekin alderatuta, euri gutxien jaso duen plubiometroetakoa da Igeldokoa. Ibiurrekoak, Baliarrainen, Igeldokoak baino litro gutxiago jaso ditu: 1.265,5 litro. Hala ere, bere batez besteko historikoaren %4,5 gainetik daude datu horiek.
Bestalde, lau neurketa gunetan batez besteko historikoaren gainetik dauden datuak jaso dituzte 2022an: Eskasen, Artikutzan, 2.996,9 litro eta batez bestekoa baino % 15 gehiago; Arditurrin, Oiartzunen, 2.747,5 litro eta historikoa baino %23 gehiago; Elduainen, 2.068,5 litro eta batez bestekoaren %27 gainetik; eta Barrendiolan, Legazpin, 1.631,3 litro, batez besteko historikoaren %6 gainetik.
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak neurketen garrantzia nabarmendu du: “Zorroztasun zientifikoa eta gure ingurumenaren bilakaera ezagutzea ezinbestekoa da klima aldaketara hobeto egokitzeko eta lurralde erresilenteagoa eraikitzeko eszenatokiak aurreikusteko eta ekintza egokiak planifikatzeko”.
Era berean, aipatzekoa da Naturklima fundazioak klima aldaketak Gipuzkoan duen eraginaren inguruko txostenak osatzen dituela urtero, eta azken txostenak ondorioztatzen duela mende honetan ohi baino egun gutxiagotan egingo duela euria, baina modu biziagoan. Horrela, 2022ko datuek ondorio hori berresten dute.