Larrotxene Kultur Etxea martxoan irekitzea aurreikusten dute
Intxaurrondoko Larrotxene Kultur Etxea itxita dago udatik, eraikineko irisgarritasuna hobetzeko eta Larrotxene Bideo eremua txukuntzeko lanak direla eta. Hilaren bukaeran ziren lanak bukatzekoak, baina atzerapenarekin doaz.
Uztailaren 29an itxi zuten Intxaurrondoko Larrotxene Kultur Etxea, berrikuntza lanak egiteko. Bi helbururekin abiatu zituzten lanak: eraikinaren irisgarritasuna hobetzea eta Larrotxene Bideo zerbitzuko instalazioak eta ikus-entzunezko gailuak eta materialak berritzea. Irisgarritasuna hobetzeko, igogailua jarri behar zuten, komunak egokitu eta oztopo arkitektonikoak kendu. Lanak sei hilabeteko epean egingo zituztela jakinarazi zuen udalak, eta, beraz, aurreikusten zuten urtarrilaren bukaerara arte kultur etxea itxita egotea.
Ordea, epea ez da beteko, Donostia Kulturako Kultur Ekintzako zuzendari Jon Aizpuruak azaldu duenez: “Larrotxene baserri zahar bat da, eta, beraz, jartzen ari garen igogailua berezia da, ezin da ohiko igogailu bat jarri, eraikinaren barruko partea bere horretan mantendu nahi genuelako. Horregatik, atzerapen txiki bat izan dugu igogailuarekin, piezak atzerritik ekarri behar izan dituztelako, eta abar”.
Aizpuruaren arabera, igogailua jartzeko lanak “otsailaren erdialderako” bukatzea aurreikusten dute orain. “Behin igogailua jarrita, igogailuaren ondoko obra zibila egin beharko da”, gaineratu du zuzendariak. Aizpuruaren arabera, 500.000 euro inguruko kostua izan dute igogailua jartzeko lanek.
Igogailua jartzeko lanak eta obra zibila bukatzean hasiko dira Larrotxene Bideo zerbitzuko material berria jartzen: “Gailu berriak erosteko lehiaketa publikoa aspaldi egin genuen, atzerapenak daudenez, gailuak bermatuta izateko. Eta, aretoetarako altzariekin gauza bera, aspaldi egin genuen lehiaketa eta erosi genuen materiala. Orduan, igogailua eta obra zibila bukatzeko zain gaude, eta hori bukatzen dutenean, altzari eta gailu berriak instalatuko ditugu, dena prest baitugu”. Orotara, 830.000 euro inguruko kostua izango du proiektu osoak, Aizpuruaren arabera. 950.000 euroko aurrekontuarekin atera zuten lehiaketa publikora, baina adjudikazioen ondoren, kostua 830.000 eurokoa izango dela aurreikusten dute orain.
Horrela, “gutxi gorabehera martxorako” irekiko dute berriz kultur etxea, Kultur Ekintzako zuzendariaren hitzetan. Ordura arte, kultur etxeko ikastaroek aurrera jarraitzen dute: Larrotxene Bideoko ikastaroak Intxaurrondo Kultur Etxean egiten ari dira, eta gainontzeko ikastaroak Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteko (IZBE) lokalean, Intxaurrondo kaleko 54. zenbakian.
Larrotxene Kultur Etxearen historia
Larrotxene baserria zena da gaur egungo Larrotxene Kultur Etxea. 1984an Donostiako Udalak lau kultur etxe egiteko asmoa zuen, eta Intxaurrondo kaleko eraikinaren jabetza eskuratu zuen, Intxaurrondon kultur etxe bat egiteko.
Eraberritzeko eta egokitzeko obra batzuen ondoren, kultur etxe bihurtu zuten baserri zaharra, eta 1987an inauguratu zuten. 2011n Intxaurrondo Kultur Etxea inauguratu zuten Felix Gabilondo plazan, auzoaren hazkundeak eragindako beharrak asetzeko.
Atzerapenak atzerapen, lanekin pozik agertu da Aizpurua: “Lanak ondo doaz. Larrotxenek beste itxura bat izango du lanak bukatzean, orain arte ez geneukalako bermatuta irisgarritasuna, ez liburutegian, ezta Larrotxene Bideon ere. Gainera, Larrotxene Bideok arrakasta handia izaten duenez, material berria jartzeko aprobetxatu nahi genuen”.