Altzan eta Aieten irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dituzte
Donostiako Udalak irisgarritasun lanak egiteko bi kontratu adjudikatu dizkio Urbycolan enpresari. Altzako eta Aieteko espaloi bana hobetzea da helburua.
Batetik, Herrera pasealekuko 49. eta 71. zenbakien artean dagoen eremua eta Harria parkea aldatuko dira, ingurune horretako irisgarritasuna hobetzeko. “Espaloia lekuz aldatzeko eta hobetzeko lanak dira”, azaldu du Eneko Goia alkateak. Obra bukatzeko epea lau hilabetekoa da, eta aurrekontua 377.688 eurokoa.
Bestetik, Marañon doktorearen pasealekuaren irisgarritasuna hobetuko dute. “Aieteko bizilagunen eta auzo elkartearen aspaldiko eskaera da. Espaloi estua du pasealeku horrek, eta bertatik igarotzeko arazoak daude”, esan du Goiak. Aieteko pasealekuaren eta Erramondegi eraikinaren aurrean dagoen aparkalekuaren arteko tartea da hobetuko dutena. Aparkalekua berriro banatu eta berrantolatuko dute, espaloietan eta txorkoetan egingo diren aldaketa berriekin bat etorriz. Lanak bukatzeko epea bi hilabetekoa da, eta aurrekontua 312.753 eurokoa.
Andoain kaleko horma
Horrez gain, udalak onartu du Andoain kalean ainguratutako horma egiteko proiektu berria. Aurrekontua nabarmen hazi dela aitortu du alkateak, guztira, %52ko igoera izan du kostuak. Horrela, 737.729koa da aurrekontua, eta lanak egiteko lau hilabetekok epea ezarri dute.