
All the beauty and the bloodsheed
Zuzendaria: Laura Poitras.
Urtea: 2022.
Herrialdea: AEB.
Veneziako Nazioarteko Jaialdian Urrezko Lehoia eskuratu zuen dokumental honek Laura Poitrasen gizarte salaketen azken urratsa dakarkigu, gure errealitatean geroz eta egonkortuago dauden medikuntzari lotutako opioideen negozioaren aurkako salaketa zuzena eginez.
Hala, pelikularen izenburua agertu baino lehen, bere diskurtsoko sarrera eszena bat dugu. Hamarnaka pertsona plastikozko poltsetatik ontzi laranja txikiak ateratzen; mobilizazio bat prestatzen ari dira. Lurrean etzango dira, OxyContinak eragindako kalteak salatzen dituzte, eta urmael bat farmako honen ontziz beteko dute. Baina zerbait arrotz egiten zaigu… New Yorkeko Metropolitan museo entzutetsuko atrioan gauzatzen da ekimena. Zer dela eta artearen mundua eta opiazioekiko adikzioa nahastu? Bada, edertasunaren eta minaren arteko lehen katea eraikiko zaigu hemen, izan ere, Sackler sendiari egin nahi diote eraso ekintza honekin. Minaren aurkako botika hau saltzen duen Purdue Pharma enpresa farmazeutikoaren jabetza du familia honek; baina, bestalde, munduan ezagunak dira Sacklertarrak, arte mezenasgoaren ordezkaririk esanguratsu ere badirelako.
Pelikulak, hala, bi poloren inguruko topaketa eta kontraste mekanismoaren bitartez egingo du aurrera, pasarte bakoitzak nolabait bere ‘edertasun’ eta ‘min’ propioa izango balu bezala. Eta nolabait pelikularen gidaria Nan Goldin argazkilaria izango da, bere bizitzaren bitartez hainbat bidaia egingo ditugu, OxyContin-aren aurkako borroka atzealdeko oihalean dela. Bere aurkezpen hitzaldian bertan esango zaigun bezala, eraikitako errelatoaren eta oroitzapenaren arteko muga horren inguruan mintzatuko da Nan Goldin. Adieraziko digu, errelatoak ez bezala, oroitzapenak ez duela zertan zentzurik izan, eta horregatik mingarria suertatzen zaiola, nahiz eta azken garaian gogoratutako pasarte horiek nahiago dituen. Poitras beraren diskurtso dokumentalera ere bidera daiteke arrazoiketa hau, eraikitako gauza gutxi baitago pelikulan, errealitatearekiko hetsita dagoen kontaketa denaren konpromezua bailitzan.
Kapituluetan ordenatua, Nan Goldin-en bizitzako iparrorratzak markatuko du pelikularen jarioa. Aldizkatuko dira Goldin-en haurtzaro eta gaztaroko pasarteak eta gaurkotasunekoak, Goldin Sackler sendiaren aurkako aktibista bilakatu den garaikoak. Iraganeko urteak pantailaratzeko baliabide itxuraz idorra hautatzen du Poitrasek, nahiz eta zentzuzkoa izan. Goldinen argazki (eta bideo apurren bat ere badago) artxiboko irudiak plazaratzen dizkigu eta voice over-arekin lerrokatu egingo dira. Hala ezagutuko ditugu Goldinen familia eta batez ere bere lagunak, 70. hamarkadako New York-eko kontrakultura underground horretako kideak. Argazkilariaren bizitza eta obra erkatzen dira hala (Goldinen obra fresko eta ausartaren nolabaiteko erakusketa osatzen du filmak), baina tamalez, tresna agortu egiten zaionaren sentsazioa dugu. Izan ere, istorioa luze eta zabal kontatuko zaigu, pertsonaia askoren inguruan mintzatuko da eta identifikazioa lortzea zaila da. Edonola ere, argazki ibilbide emankor honetan, batez ere The Ballad of Sexual Dependency liburuaren argazki horien naturaltasunean, egiten den esplorazioagatik jada merezi du bidaiak, edertasun kanonikoaren birkonfigurazio erabatekoa proposatzen duen heinean.
Orainaldiko pasarteak desberdinak dira, PAIN elkartearen prozedurak kontatzen dira museoetan egiten diren ekimenen bitartez. Irudi eder eta boteretsuak badira (NY-eko Guggenheim museoan egiten den errezeta ekaitza, goiko solairutik botatako paperen bitartez), baina konbentzional samarrak ere suerta litezke. Eta bestalde arazoaren muinaren inguruko mamiaren azalpen gehiago egongo balira estimatuak lirateke. Esango zaigu OxyContinaren ondorioz milioi erdi pertsona inguru zendu direla AEBen, baina detaileak urriak dira eta jakinmina pizten bazaigu ere, zenbaitetan gaia aktibismoa bera dela ematen du, ez aktibismo hori sorrarazten duen jatorria. Hortaz gainera, Sackler sendiak ez du parte hartu nahi izan (hori iradokitzen da). Hau ez da berez Poitrasen arazoa, baina diskurtso korronte bakarrekoa da sortzen dena.
Berez pelikularen bertute nagusia edertasun(en) eta min(en) arteko joko zirraragarriaren plazaratzean dago. Zergatik ez, baita gazteriaren erritmo geldiezin eta hedonista ederraren eta zahartzaroaren oinaze eta erru mingarrien artean dagoen distantzia markatu horretan. Edo Goldinek dioen bezala, kontakizun sortuen eta benetako oroitzapenen artean. Eta hala, zentzuz beteko da filma hain zuzen ere minez beterik dauden pasarteetan: HIESAk eragindako lagunen heriotza, edo mutil-lagunaren tratu txarrek eragindako zauri eta orbain lazgarriak. Bere gordintasun eta barne lirismoan, paradoxikoki, filmak dituen pasarterik ederrenak ere badira. Muturreraino mingarri den horretatik edertasuna lortzea da Poitrasek (Goldinen bitartez) erdiesten duen gailurrik nabarmenena.