Herria tabernak salatu du berriz ere banderak lapurtu dizkiotela

Parte Zaharreko Herria tabernak sare sozialetan salatu duenez, “ezezagun batzuek” establezimenduaren kanpoaldeko banderak lapurtu dituzte, berriz ere. Euskal presoen herriratzearen aldeko ikurra daraman ikurrina eta arrano beltzarena izan ohi dituzte zintzilik, eta iaz gutxienez zazpi aldiz salatu zuten lapurtu zizkietela.
Oraingoan, azaldu dutenez, pasa den ostiraleko gauean (hilak 24) gertatu zen lapurreta: “Goizaldeko 04:30ak aldera, hamar pertsonako talde bat agertu zen eta saiakera egin zuten ikurrina kentzera igotzeko. Bizilagun batek ikusi eta atentzioa deitu zien, eta haiek Loiolako kuarteletako militarrak zirela erantzun zioten. Ertzaintzaren patruila bat agertu zen, eta haiekin hitz egin zuen. Handik denbora batera Herriako ikurrina eta beste taberna bateko banderak lapurtu zituzten ezezagun batzuek”.