Zurriola hondartzako mikroplastikoak ikertu dituzte, eta egoera "kezkagarria" da
Mater Ontzi Museoarekin elkarlanean, bost ikastetxetako 219 ikaslek Groseko hondartzan dauden hondakinak bildu eta aztertu dituzte otsaila eta apirila bitarte.
Itsas Hondakinen Erronka unitate didaktikoaren barruan, Zurriola hondartzan mikroplastikoen egoera aztertu dute bost ikastetxetako 219 ikaslerekin. 130 partzela (metro karratu) aztertu dira, hondarra iragazteko galbaeekin. Proiektu honen helburua da ikasleak itsas hondakinen arazoari aurre egingo dioten konponbideak bilatzen inplikatzea da, sortzen diren hondakinen inpaktuari buruzko diziplinarteko prestakuntza, ikerketa eta sentsibilizazio prozesu baten bitartez. Proiektuak bigarren hezkuntzako ikasleak itsas-hondakinen arazoan sakontzea bultzatzen ditu, tokian tokiko egoera hobetzeko proiektuak bilatu eta sortzera bideratuz.
Pasaia Lezo Lizeoa, Telleri Alde, Bideberri BHI, Koldo Mitxelena eta Laskorain Ikastolako ikasleek parte hartu dute ikerketan. Guztira sei mikroplastiko analisi jarduera egin dira otsaila-apirila bitartean eta datuak oso adierazgarriak eta kezkagarriak dira, Mater Museoaren ustez, bereziki pette hondakinei dagokienez. 7.327 mikroplastiko jaso dira, 61,66 mikroplastiko/metro karratuko kontzentrazioarekin.