
LE OTTO MONTAGNE
Zuzendaria: Felix Van Groeningen, Charlotte Vandermeersch.
Urtea: 2022.
Herrialdea: Italia.
Bizitza oso bat laguntasunaren ardatzaren bitartez kontatzea ez da inolaz ere erraza. Zinemak eta, oro har, narrazio estandarren alorrak maitasunera egokitzen diren kontaketak plazaratu ohi ditu, pasio eta barne bulkada helarazteko egokiagoak. Lagun(ar)en bitartez zoriontasuna lortzea, edo dramatikoki interesgarri den sufrimendua pairatzea zinez konplikatu suerta daiteke. Le Otto Montagne-k hausten duen lehenengo faktorea dela esan genezake, pertsonaien zoriontasun edo zorigaitza bigarren mailako faktore gisa adieraziko zaigu pelikulan, eta trukean bi gizonen arteko laguntasuna izango dugu erdigunean. Lagunak ez dira akaso gure patuaren arduradun, baina haiekin dugun hartu-emanak izan daitezke gure bizitzaren iparrorratzaren zeinurik berezkoena. Laguntasuna ez da, kasu honetan, pertsonaien bizitzen ardatza, bizitzok aztertzeko ikuspegia baizik.
Pietro eta Bruno elkarren artean ezberdinak dira, umetatik bertatik. Pietro (pelikularen protagonista, narratzailea den heinean) Turinen bizi den klase ertaineko haurra da, formazio akademikoa duten gurasoen semea. Alpeetako herrixka bateko mendi inguruetan uda pasatzen du, eta bertan ezagutuko du Bruno, inguruko ume bakarra. Azken hau mendira lotuta dago erabat, zuhaitz, abere eta harri bortitzei. Edonola, elkarrenganako miresmen eta laguntasuna tarteko, bizitza osagarri zintzo eta leialak izango dira.
Urte asko hartzen dituen filma da, elipsi handien bitartez eraikitzen dena, hiru aktore izango ditu pertsonaia bakoitzak kontatzen diren hiru hamarkada baino gehiagoko tartea irudikatzeko. Eta elipsi honek, hain zuzen ere, kontatze erritmoa izugarri baldintzatuko du, izan ere, Pietro uda garaian baino ez da mendira joango (neguak erabat izozten du zona), eta nolabait uda garaiko bizitza parentesi horiek izango dira ikusiko ditugunak. Berez urtean zehar gertatzen diren gertakariak (lana, maitasuna, arrakasta, familia…) eremuz kanpo interesgarrian geldituko dira, eta ikusleok, proposatzen zaizkigun elkarrizketa apurren bitartez (bi mutilek ez dute esplizituki hitz egiten haien bizipen edo sentipenetaz) eta susma dezakegun aldarte keinuen bitartez ulertuko dugu bi lagun hauek zein egoeratan dauden. Eta, ezustean, kontatuko zaiguna sinesgarri eta koherentea da berez, ondorioa eder bezain hunkigarria da. Lastima da hala, etengabe Pietroren voice over-ak irudiek sortzen duten magia zapuztea, berez ikusten ari garena era traketsean azpimarratuz.
Eta, jakina, pelikularen beste poloa, izatasun bisuala ematen diona, mendia bera da. Alpeetako gailur basati eta ederrak erlazioaren eszenatoki izango dira, nolabait gertatzen den ororen lekuko erraldoia, pertsonaia isil baina etengabea. Plano estetiko hutsean erabateko gozamena da Pietro eta Bruno kasik zeruan galtzen diren bidezidor estuetatik aurrera egiten (ume direla, Pietroren aitarekin glaziarraren amildegiaren inguruan ematen den eszena zoragarria da), edo plano pikatua gero eta gehiago irekitzen doan heinean pertsonaiak gero eta txikiagotuta dauden uneak, elurtearen erdian. Pelikulak baitan duen barne tentsio ederra da, hain zuzen, honakoa: pertsonaiak etengabeko bilakaeran ikusiko ditugu, bizitzaren gurpilak ematen dituen aldaketen erritmora; eta, aldi berean, mendia, bere adierazpen irmo eta basatian, betiereko eta aldaezin aurkeztuko zaigu, urtaroek eragiten dituzten bariantza apurrak, penduluaren moduan, ziklikotasunaren barnean dituela.
Mendiaren bitartez definituko dira, halaber, bi pertsonaiak: Pietrorentzat ihesaldi eta ideiak birformulatzeko kanpamendu base izango da, Brunok ordea bere nortasunari hertsia somatuko du ingurua, sustrai eta aldi berean katea. Eta, izenburuko zortzi mendi horien parabola ederrak ere bete-betean osatuko du pertsonaien eta mendiaren arteko lotura; nolabait gertuko edo urrutiko gailurrak igotzen aurki daitekeen zoriontasunaz ari da ekialdeko ipuin hori. Hala osatuko da laguntasun zintzo eta hunkigarriaren ikuspegitik osatzen diren bi istorio hauek, etengabe elkarri kateatuta egongo direnak.