«Liburua senideen, lagunen eta nire artean egin dugu»
1980ko maiatzaren 7an, Batallon Vasco Español talde parapolizial ultraeskuindarreko kide batzuek eraso egin zioten Maria Jose Bravo eta Javier Rueda Loiolako 16 urteko bikoteari; Bravo bortxatu eta hil egin zuten, eta Rueda handik zortzi urtera hil zen, erasoak eragindako zauriengatik. Xabier Susperregi idazleak (Errenteria, 1971) Bravori eta Ruedari buruzko liburua idatzi du.
Zergatik idatzi duzu liburua? Nola iritsi zinen istorio honetara?
Guardia Zibilak Zugarramurdin [Nafarroa] hil zuen Miguel Maria Iturbideren inguruko liburu bat idatzi nuen, eta lan hori bukatzen ari nintzenean izan nuen Maria Jose Bravoren kasuaren berri. Miguel Maria Iturbideren inguruko liburuan, beste kasu batzuei buruz ere hitz egin nuen, besteak beste, Mikel Zabalzari buruz, Joxi Zabalari buruz eta Jose Antonio Cardosari buruz; hain zuzen ere, Cardosaren anaia nire lagun onena zen.
Liburu hori bukatzen ari nintzela, emazteak erakutsi zidan Maria Jose Bravoren iloba Zuriñe Bravo agertzen zen albiste bat, eta, esan zidan, «ziur hau interesatzen zaizula». Dagoeneko ezin nuen liburu hartan sartu bere istorioa, baina neure buruari zin egin nion zerbait idatziko nuela horren inguruan. Gerora, Maria Jose Bravoren istorioa Javier Ruedarena ere bazela jakin nuen, eta aitortzetan desorekak egon direla egiaztatu nuen.
Nolakoa izan da liburua idazteko prozesua?
Senideekin hitz eginda idatzi dut. Hasieran, ez nekien nondik hasi, baina Zuriñe agertzen zen albiste horren egilearen bidez lortu nuen lehenengo harremana egitea Zuriñerekin. Ondoren, Loiolako jendearekin hitz egiten joan nintzen, eta, pixkanaka, Javiren eta Maria Joseren senide gehiagorekin hitz egiten joan nintzen. Haien gertuko jendearekin egon nahi nuen, pertsona horien bidez josten baitira bizitzako istorioak. Azken finean, halako omenaldi liburu batean, pertsona horiek bizirik zeudenean nolakoak ziren islatu nahi duzu. Liburuan idatzi ditudan poemak, adibidez, euren bizitzan oinarrituta daude.
Poemak, gertatutakoaren narrazioa eta ikerketa uztartu dituzu.
Liburuarekin, nolabait saiatu naiz gertatutakoa pixka bat ikertzen, baina zaila da, ez baitizute aterik irekitzen inon. Bestalde, liburuaren azken zatia beste herrialde batzuetako jendeak egindako poemez eta ilustrazioz osatuta dago. Kasuari buruz idatzita neukana eta nituen argazkiak pasatu nizkien Mexikoko, Argentinako eta beste herrialde batzuetako lagun batzuei, eta, testuan oinarrituta, euren poemak eta ilustrazioak egin zituzten. Horrez gain, liburuaren hasieran nik gaiari buruz idatzitako poema batzuk daude.
Liburuak islatzen du istorioa berreraikitzen bizi nuena. Azken finean, liburua bizitzen duzu bidean aurkitzen dituzun pertsonaien bidez, beraiekin izan duzun harremanaren bidez, kontatzen dizutenaren bidez. Gauzak kontatzeko beste modu bat da, pasarte batzuetan poesia ere sartzen delako, gertatutakoa kontatzeko eta salatzeko tresna gisa.
Nolakoa izan da ikerketa prozesua?
Ez da erraza izan. Guardia Zibilarekin eta militarrekin hitz egitea lortu nuen, baina ez Espainiako Poliziarekin. Militarrek esan zidaten kasua ez zela euren eskumenekoa, Espainiako Poliziaren eskumenekoa baizik. Eta, Guardia Zibilak ere ildo horretatik jo zuen. Dena dela, Maria Joseren arropa Gobernu Zibilera iritsi bezain laster, desagertu egin zen; interes handia zuten frogak desagerrarazteko.
Batallon Vasco Españolek, hilketa aldarrikatu zuenean, esan zuen ETAk aurretik guardia zibil bat hil zuelako egin zuela ekintza hori. Era berean, talde horrek esan zuen Maria Jose eta Javi salatariak zirela. Horrek ez dauka inolako zentzurik, gaztetxo batzuk baino ez baitziren, eta, gainera, ez ziren halako kontuetan sartzen.
2021ean, Bravoren omenezko plaka jarri zuten Loiolan, baina Ruedaren omenezko plakarik ez dago.
Biktimak ofizialki biktima moduan aitortzeak asko laguntzen die familiei. Orain, Eusko Jaurlaritzak biak aitortu ditu biktima gisa. Kalte ordainak ez dira berdinak, Maria Joseren kasuan bortxaketa bat ere badagoelako eta Javi handik zortzi urtera hil zelako, erasoaren ondorioz. Baina, gutxienez, aitortza jaso dute.
Liburuaren aurkezpenean, alkatea eta hiru alderditako zinegotziak egon ziren, eta plaka zuzentzearen eta Javiren izena gehitzearen ideiaren inguruan hitz egin genuen han.
Senide eta lagun ugarirekin hitz egin duzu, beraz, bakoitzak kasua nola bizi izan duen ikusiko zenuen.
Bakoitzak bere modura bizi izan du. Ilobak, adibidez, oso txikiak ziren guztia gertatu zenean, eta, beraz, tristuraz, ezintasunez eta ezjakintasunez bizi izan dute. Pixkanaka, etxean galdetzen joan ziren, eta pixkanaka, etxekoak gauzak kontatzen joan ziren. Azkenean, liburua senideen, lagunen eta nire artean egin dugu; argazkiak, esaterako, senideek eman zizkidaten.
Azaleko marrazkiak istorio berezi bat dauka, ezta?
Javik, hil aurretik, marrazki bat egin zuen, non bera eta Maria Jose agertzen ziren, mendian, bata besteari helduta. Izan ere, hori zen erasoa gertatu aurretik gogoratzen zuen azken gauza, Maria Joserekin mendian egotea, zigarro bat erretzen. Ondoren, oihu batzuk entzun zituen, eta ez zen beste ezertaz gogoratzen. Ordea, marrazki hori ez daukagu. Horrela, auzoan horretan oinarritutako eskultura bat jartzeko ideia zegoen: bikote bat elkarri helduta, petrilean eserita, ibaira begira. Eta, hori da liburuaren azalak islatu nahi duena. Artista mexikar batek egin zuen azaleko marrazkia, istorioan oinarrituta.
Kasuaren ezaugarri tristeenetako bat da inork ez duela ordaindu gertatutakoagatik.
Oso tristea da. Gainera, agerikoa da erasotzaileek inpunitatez jokatu zutela. Izan ere, Maria Joseren familiak dei bat jaso zuen, eta ahots ezezagun batek «zure alaba naiz, aita» esan zuen. Bestalde, Espainiako Poliziak egunero Javi gertakariaren lekura eramaten zuen, ea zerbait gogoratzen zuen. Zer nahi zuten gogoratzea? Zerbait gogoratzen bazuen isilarazi egin nahi zuten? Azkenean, Javiren arreba joan zen esatera ez zutela berriz eramango, nahikoa zela.
Froga guztiak suntsitu zituzten, baina egon beharko luke txostenen bat. Baina, posible da txosten hori ere suntsituta egotea edo inoiz ez ateratzea argitara.