Peña y Goñi kalea, auzo bizitza egoki baten faltan
Auzoa Eginez bizilagunen elkarteak kale hori oinezkoentzat jarri aurretik zegoen giroa berreskuratu nahi du. Izan ere, terrazetako zaratak eta ibilgailuek sortzen duten iskanbilak ez diete lorik egiten uzten, eta bertatik pasatzeko zailtasunak izaten dituzte.
Auzoa Eginez izeneko bizilagunen elkartea sortu dute Groseko Peña y Goñi kalean. Hamar urte bete dira kalea oinezkoentzako jarri zutenetik, eta nahiz eta teorian horrela izan, praktikan, bizilagunek bertatik pasatzeko askotariko arazoak dituztela diote. Garbiñe Egaña Auzoa Eginezeko lehendakariak eta Julen Bengoetxea elkarteko kideak azaldu dituzte beraien kaleko arazo nagusiak.
“Elkartea sortzea erabaki dugu ikusten dugulako ezin dugula lorik egin, eta ez soilik tabernengatik, baizik eta zaborrak jasotzeko eta kaleak garbitzeko ibilgailuak ere edozein ordutan pasatzen direlako. Karga eta deskarga ere badaukagu, eta horiek 08:00etan hasten dira berez, baina batzuetan 07:00etan hemen egoten dira dagoeneko”, azaldu du Egañak.
Zaratak loa kentzen diela eta, elkar ezagutzen zuten hiru auzotar batu ziren, eta udalari kexa horiek adierazteko elkarte bat sortzea erabaki zuten. “Azkenean, bost pertsona hasi ginen, eta orain hogei lagun baino gehiago gara”, adierazi du Egañak. Hala ere, gero eta jende gehiagok agertu du interesa beraien kexen aurrean: “Jendea gero eta gehiago ari zaigu galdetzen sare sozialen bidez. Gainera, ni betidanik bizi izan naiz hemen, nire seme-alabak bosgarren belaunaldia dira, eta auzotar guztiek ezagutzen naute. Eta ile apaindegian-eta esaten didate interesatzen zaiela gaia”, gaineratu du lehendakariak.
Bengoetxeak argi eta garbi du zein den beraien helburua: “Indarrean dagoen araudia errespetatua izatea”. Izan ere, hainbat jarduerek urratzen dute araudia Peña y Goñi kalean. “Kasu honetan, kanpotarrek autoa erabiltzen dute kale honetan eta ez dago inolako ordutegirik autoan bertatik ez pasatzeko. Horrez gain, tabernetako terrazek errespetatu beharreko eremua ez dute errespetatzen, eta kale erdian daude jarrita mahaiak eta aulkiak. Baina zarata da batez ere kezkatzen gaituena. Zenbait ordutan, neurriz kanpoko zarata egoten da, eta tabernek ez dute ixten itxi behar duten orduan. Horrez gain, goizean goiz, 08:00etatik aurrera, furgonetak pasatzen hasten dira. Kalea libre dago furgonetak aparkatzeko, eta zenbait momentutan espaloietatik ezin izaten dugu pasa, furgonetak bertan aparkatzen dituztelako”, adierazi du Bengoetxeak.
Zarata etxe barruraino
Egañak azaldu duenez, bere etxe atarian bi aldeetara ditu tabernak. “Nola eman daiteke baimena eraikin baten azpian bi taberna jartzeko? Hemengo etxe ia guztiak egurrezkoak eta zementuzkoak dira, eta zarata barrutik joaten da. Beraz, pentsa jende gehiegi dagoenean zarata nolakoa izaten den”, nabarmendu du.
Peña y Goñi kaleko lehenengo zatian, bost terraza daude bere etxe ataria dagoen aldean. “Bost terraza horietako bakoitzak, gutxi gorabehera, hamar mahai ditu, eta mahai bakoitzak lau aulki. Gainera, jende gehiago etortzen bada, familia handi bat adibidez, soinua areagotu egiten da. Horrez gain, taberna barruan dagoen jendea kanpora ateratzen da edatera, eta terrazako jendea batuta, sekulako zarata sortzen da”, nabarmendu du.
Jendeak kalean zutik edaten duela gehitu du Bengoetxeak, eta hori legalki “ezinezkoa” dela.
Gainera, tabernen ordutegiagatik lo egiteko denbora oso gutxi dutela salatu dute. “Baimena ematen diete neguan 01:30ak arte egoteko, eta udan 03:00ak arte. Beraz, ia ez dugu denborarik lo egiteko. 06:30ean garbiketakoak etortzen dira, 07:00etan karga eta deskargak hasten dira, 08:30etan mahaiak eta aulkiak jartzen dituzte terrazetan, eta jendea zarataka hasten da goizetik. Eguerdian berriro ere jendea etortzen da, eta arratsaldean ere bai. Eta horrela egunero”, salatu dute.
Hori gutxi ez, eta zerbitzariekin ere iskanbilak izan dituztela azaldu du Bengoetxeak: “Izenik esan gabe, taberna baten eta bere terrazaren arteko tartetik pasatzen bazara, zerbitzariak arreta deitzen dizu, eta berez, gure eskubidea da kaletik lasai pasatzea. Berez, bi metroko tartea egon behar da eraikinaren eta terrazaren artean, baina hor ez da errespetatzen. Ondorioz, bizilagunen eta zerbitzarien artean liskarrak sortzen dira, eta ez da bidezkoa”.
Auzo bizitza kaskarra
Egaña gurpildun aulkian dago, eta azaldu duenez, egoera horretan are zailagoa da auzoan behar bezala bizitzea. “Araudiak dio metro bat egon behar dela terraza baten eta bestearen artean, baina jende askok aulkia atzeraka botatzen du eta metro bat baino gutxiago egoten da libre. Ni aulkian egonda, hasi behar nahiz mesedez pasatzen uzteko eskatzen jendeari, eta nire atarira sartzeko ere berdin”, deitoratu du.
Horren aurrean, ezbaian jarri du tabernen autoritatea: “Dendei ere aurrean jartzen dizkiete mahaiak; beraz, norainoko indarra du ostalaritzak beste dendek ere beraiek bezala zergak ordaintzen badituzte? Ostalaritzak indar gehiago al du gainerako komertzioek eta bizilagunek baino? Lehen denetarik geneukan: arrandegia, harategia, prentsa eta, orokorrean, auzoko merkataritza. Ez bazenuen nahi kaletik kanpora irten erosketak egitera, ez zenuen irten beharrik, hor zegoelako dena. Orain ez”.
Udalaren “utzikeria”
Peña y Goñiko bizilagunek dituzten arazoen aurrean, udalaren “utzikeria” salatu dute. Udalarekin bilerak egin badituzte ere, ezer gutxi konpontzea lortu dute oraingoz. “Lehen hamasei banku geneuzkan, eta orain sei edo zazpi soilik geratzen zaizkigu, terrazak jartzeko kendu zituztelako. Bilera horietan, soilik banku bat berreskuratzea lortu dugu”, adierazi dute. Hala ere, Auzoa Eginez elkarteko kideak berriro jarriko dira udalarekin harremanetan, auzo bizitza berreskuratzeko asmotan.