Hamar urteko bidea, produktuaren kalitatea helburu hartuta
Gross garagardoak hamar urte bete ditu, eta lantaldeak urteurrena ospatzeko jai bat antolatu du hilaren 23an, Galarreta frontoian, hainbat jarduera antolatuz: besteak beste, erremonte txapelketa, DJ-ak, taloak eta, nola ez, Gross garagardoa.
Pilotegi bideko 8 zenbakian dago Gross garagardoaren fabrika eta taberna. 2013an sortu zuen marka Andoni Galdosek (Gros, 1981), eta urte hauetan guztietan egindako lanari esker, produktuak Gipuzkoatik irtetea eta Euskal Herri osora iristeaz gain, estatuan ere bere lekua egitea lortu du, Bartzelonan eta Madrilen, esaterako, eskuratu daitekeelako. Europan ere, dozena bat herrialdetan dute Gross edateko aukera.
Galdos beti izan da garagardo zalea, eta beti probatu izan ditu kanpotik Donostiara iristen ziren garagardoak. Ordea, 2011n piztu zitzaion garagardoarekiko interes berezia. «Donostian garagardotegi artisau bat zabaldu zuten, eta bertan probatu nituen gero modan jarri ziren IPA garagardo modernoak. Garai hartan, nekatuta nenbilen lanean, aspertuta eta zerbait berria egiteko gogoarekin. Momentu horretan ere Discovery Max katean garagardo fabrika bati buruzko reality show bat ematen hasi ziren, eta garagardoaren kontu honekin maitemindu nintzen», azaldu du Galdosek.
Horiek horrela, Interneten informazioa begiratuz eta jendearekin hitz eginez ikasi zuen nola egin garagardoa, eta lokal txiki batean hasi zen bere garagardoa ekoizten. «2013an Gross marka sortu nuen, baina beste garagardotegi batzuetan egiten genuen hasieran kaleratu genuen produktua. Izan ere, hasiera batean ez genuen instalazio propiorik», adierazi du Grossen jabeak.
Denborarekin, enpresa handitzen joan zen, eta hein horretan, lankide gehiago batu ziren proiektura. «Gaur egun, hamabi pertsonako lantaldea dugu. Adibidez, Beñat da gaur egungo garagardogilea, eta Grossen lan egiteko ikasketak egin ditu espresuki. Enpresa hazten joan den heinean, jende profesionala sartu da», nabarmendu du.
Hiru garagardo mota finko
Urte guztian zehar, hiru garagardo mota egiten dituzte Grossen: Frisbi, lager motakoa; Sticky, IPA motakoa, eta Bixi, pale ale motakoa. Garagardoaren arabera, batzuk hamar egunean egiten dituzte, eta beste batzuk sei astean. Hala ere, hiru mota horiez gain, astero gutxi gorabehera, berritasun bat ateratzen dute. «Berritasun horien artean denetarik egoten da. Normalean, gehien egiten ditugunak IPAk dira, baina denetarik egiten dugu», azaldu du Galdosek.
Enpresako jabearen arabera, lana da berritasun horiek kaleratzea, errezeta, diseinu eta izen berri bat pentsatu behar izaten dituztelako aldiro. Errezetari dagokionez, «merkatuak markatzen du nondik jo». Eta laten diseinu erakargarriak egiteaz Imanol Costas kidea arduratzen da. «Berak egiten du Grosseko irudi guztia eta astero gutxienez etiketa berri bat ateratzen dugu, beraz, lana badauka», adierazi du Galdosek, barrez.
Batez ere, produktuaren kalitatean jartzen dute indarra eguneroko lanean, eta horrek gainerako garagardoekiko «aldea markatzen» duela dio Galdosek. «Orain, fabrikak eman dezakeen produkzio guztiaren %100ean gaude ia, eta gure asmoa da marka gisa pixka bat egonkortzea, tokikoagoak izatea, ahalik eta gertuen saltzea ekoizten dugun guztia, eta Donostian ahal bada, hobe. Batez ere, kalitatea lantzen jarraitu nahi dugu, eta urte batzuetan dugun fabrikarekin jarraitzea eta egonkortzea da gure asmoa», azaldu du.
Fabrikaz gain, garagardoaz gozatzeko taberna bat dute lokal berean, eta iturrietatik ateratzen den garagardoa fabrikatik zuzenean iristen da edalontzira. Gross garagardoaz gain, jateko hainbat jaki saltzen dituzte: saiheskia, hanburgerrak, natxoak, eta orokorrean, street food estiloko jana. «Gero, noizbehinka, festak ere egiten ditugu. Adibidez, Oktoberfesta dela eta, iaz Grosstober festa egin genuen, eta Gabonetan beste bat egin genuen, Gabon Beltza izenekoa. Gainera, DJ-ak ere ekartzen ditugu tarteka», azaldu du.
Grossek merkatuan bere lekua egitea lortu badu ere, Galdosen arabera, «momentu nahasia» bizitzen ari da garagardo artisauen merkatua: «Duela bost urte inguru izan zuen gorakada handi bat, gero pixka bat egonkortu zen eta orain momentu nahasian dago. Egia da produktua ezin dugula merke kaleratu, ekoiztea garestia delako. Eta urte hauetan guztietan bizi izan ditugun egoera guztiengatik merkatua arraro samar dago: pandemian tabernen itxierak, Ukrainako gerragatik lehengaien prezioen igoera, energiaren egoera… Gu egonkortu gara, baina merkatua arraro samar dago».
Hamargarren urteurreneko festa
Orain arte Grossek egin duen bidea ospatzeko asmoz, festa bat antolatu dute jabeek Galarreta frontoian, hilaren 23an. «Buru-belarri» dabiltza jaia antolatzen, eta ziurtatu dutenez, egun osoko festa izango da hamargarren urteurrenekoa. «Erremonte partidak, janaria saltzeko furgonetak, talogileak eta DJ-ak egongo dira. Erremonte partidak ohikoak baino grosseroagoak izango dira, informalagoak alegia», azaldu du Galdosek.
Interesa duenak, jaialdirako sarrerak Grossen fabrikan bertan eta Gross.beer webgunean eskuratu ditzake.
Gross garagardoak babestutako edukia