Salvador Segui: beharrezko erreferente bat
Zinemaldi Alternatiboa hasteko atarian, jaialdiko kide Lander Arbelaitzek honela azaldu zion hedabide honi euren helburua: “Kulturak jendea aldatzen laguntzen du, eta jendeak mundua aldatzen du”. Bada, ostiralean hasi zen Zinemaldi Alternatiboa Intxaurrondoko Letaman gaztetxean, helburu horri argi eta garbi erantzuten dion dokumental batekin: Salvador Seguí, historia de un anarcosindicalista (Pewma Films, 2023).
Salvador Segui El noi del sucre (Lleida, Herrialde Katalanak, 1887 — Bartzelona, 1923) CNTko anarkosindikalista ezagun eta garrantzitsu bat izan zen Katalunian eta Espainiako Estatu osoan, besteak beste, La Canadiense enpresako langileen 1919ko grebaren liderretako bat izan zelako; greba horri esker, zortzi orduko lan jardunaldia ezarri zen estatuan —Sobietar Batasunaren ostean, hori egin zuen Europako bigarren estatua izan zen—. Seguiren hilketaren mendeurrenaren bueltan, Salvador Segui Fundazioak eta CGT sindikatuak aipatu dokumentala bultzatu dute, eta Euskal Herrian estreinakoz ikusi ahal izan zen ostiralean.
Seguiren bizitza eta ibilbide politiko eta sindikalista kontatzen du dokumentalak, hainbat adituren parte hartzearekin —Xavier Domenech historialaria eta Salvador Segui Fundazioko presidente Emili Cortavitarte, Letamanen egon zena—. Zenbait pasarte interesgarri ditu filmak eta ideia asko mahai gaineratzen dira, baina bi nabarmentzen da gainontzekoen gainetik: Seguik langileen antolakuntzari ematen zion garrantzia eta garaian garaiko egoera irakurtzeko izan zuen gaitasuna.
Izan ere, langileek alderdi politikoetatik at antolatu behar zutela irmoki defendatzen zuen, eta, hain zuzen ere, horrela lortu zuten La Canadiensekoek zortzi orduko lan jardunaldia ezartzea; baina Europatik zetorren faxismoaren mehatxuaren aurrean, argi ikusi zuen CNTk Fronte Popularraren alde egon behar zuela, adibide bat jartzearren.
Horrela, zenbait lezio uzten ditu dokumentalak eta Seguiren bizitzak: langileek antolatuta edozeri egin diezaioketela aurre, unean uneko egoera irakurri behar dela eta gizartea eraldatzeko iraultza behar-beharrezkoa dela, baina hori ezin dela antolakuntzarik gabe egin, iraultzaren hurrengo egunean gizarte eraldatuak jakin behar duelako zer egin behar duen eta zer bide hartu behar duen; oinarriak eta baldintzak eraiki behar direla, alegia.
Gaurkotasuna eta galderak airean
100 urte pasatu dira patronalaren pistolariek Segui hil zutenetik eta 100 baino gehiago zortzi orduko lanaldia lortu zutenetik, baina Seguiren borrokak gaurkotasunezkoa izaten jarraitzen du erabat, eta bere legatua ezin da ahaztu.
Izan ere, bere gidaritzapean zortzi orduko lanaldia lortu bazen ere eta gaur egun zazpi orduko lanaldiaz hitz egiten hasi bagara ere, langile askorentzat “kimera” bat da zortzi ordu baino gehiago lan ez egitea, dokumentalean dioten moduan. Horrek erakusten du konkista sozialak eta eskubideak ez direla ukiezinak, beste aldean daudenak langileak noiz despistatuko zain daudelako, lorpen horiei buelta eman eta atzerapausoak emateko.
Horrela, filmak eta Seguiren bizitzak hainbat galdera uzten ditu airean: zer gertatuko zen Segui hil izan ez balute? Zer gertatuko zen Seguiren erakundeak, CNTk, milaka militante galdu izan ez balitu 36ko gerran eta frankismoaren errepresioaren ondorioz —milioi erdi militante izatera heldu zen Seguiren garaian—? Eta, ildo beretik, bide batez gaia pixka bat donostiartuta, nolakoa izango zen egungo hiria Donostiako Komunak irabazi izan balu?
Galdera horiek ezin dira erantzun dagoeneko, baina gizartea eraldatzeko lanean jarraitu daiteke, modu askotan; hasierara itzulita: “Kulturak jendea aldatzen laguntzen du, eta jendeak mundua aldatzen du”.