Zakurrak ez al du zaunkarik egiten?
UN AMOR
Zuzendaria: Isabel Coixet.
Urtea: 2023.
Herrialdea: Espainia.
Saila: Sail Ofiziala.
Isabel Coixet lehen aldiz arituko da Urrezko Maskorraren lehian, Un amor, Sara Mesa idazlearen fenomeno literarioaren pantailaratzea den lanarekin. Mesak bere literatura bereizgarriarekin eraikitako desiren, beldurren, misterioen, aurreiritzien eta obsesioen nahasketa iluna baita filma: emakumezko baten desiretan egindako murgiltzea; botere maskulinoaren eta horri aurre egiten dion subertsioaren inguruko errelatoa.
Hiriko bizimodu itogarritik ihes eginda, Natek Espainiako landa eremuan aurkituko du babesa, La Escapa izeneko herri txikian. Erortzear dagoen etxe batean, zakur basati zakar batek lagunduta, bere bizitza berreraikitzen saiatuko da, bere etxejabearen etsaitasunari eta herriko biztanleen mesfidantzari aurre egin beharko dion bitartean. Andreas bizilaguna agertuko da orduan, era topaketa arraro eta ilun baten gisara hasten den hori, pasio obsesibo aseezina bilakatuko da.
Eleberri bat egokitu beharra beti da erronka, eta -liburua irakurri duen orok ulertuko du- istorio hau ezaugarritzen duten milaka ñabardurek eta pultsioek erruz zailduko zioten lana zuzendariari. Horrekin ere, Coixetek bere eremura eraman du istorioa, hutsik egin gabe. Are gehiago, bilatu nahi dituenarentzat, printza berriak gehituz.
Balio erantsi horren erantzule nagusia da tandem protagonistak egindako lan erraldoia. Sekulakoa, beste behin, Laia Costa; saria eskuratzeko posizioa hartuta. Eta haren ondoan, Hovik Keuchkerian; erraldoia, itzela. Haien elkartzeak pizten du, zalantzarik gabe, pantaila bibrarazten duen elementua. Horiekin batera ere azpimarratzekoak, filma tenebrismora hurbildu eta giroa ilundu eta gaiztotzen duten argazkia -Bet Rourich- zein musika apunte zehatzak.
Bestalde, kutsu nahasgarria eta alferrikakoa hartu diot filmaren itxierari. Bitxia kontua, hori baita Coixetek harturiko lizentziarik argiena.