Matxiñene, Loiolako historiaren lekuko
Patxillardegi eta Astiñene baserriekin batera, auzoko arkitektura tradizionalaren azken aztarnetako bat izan da Matxiñene, eta inguruko kale bati eman dio izena. XVIII. mendeko baserria, ordea, azken egunotan eraitsi dute, Loiolako Lorategi Hiriaren proiektua abiarazteko.
Loiolako Matxiñene baserria auzotarren oroimenean biziko da soilik hemendik aurrera, izan ere, irailaren 27an eraitsi zuten eraikin historikoa, aldameneko kultur etxea hedatzeko. Inguru horretan, Loiolako Lorategi Hiria proiektua dute martxan, eta 264 etxebizitza (%40 babestuak) eta ekipamendu publikoko gune bat aurreikusten da.
Urumea ibaiaren bazterrean eta egungo trenbidearen artean kokatua, 300 urteko historia izan du Matxiñene baserriak. Eraikinaren jatorriaz ezer gutxi ezagutzen den arren, Donostian gelditzen ziren 1813 aurreko eraikin bakanetakoa zela baieztatu du Ancora elkarteak. Hiriko ondarearen babesten duen elkarteak gainera, baserriaren eraisketa deitoratu du, «balio historiko-arkitektoniko» handia zuela iritzita. Elkarteak bildutako lehen datuen arabera, 1720ko prozesu juridiko batean aipatzen da baserria lehen aldiz. Azaldu dutenez, «Errotaberriako errotaren, Matxinea etxearen eta bere jabetzaren errentamenduari buruzko auzia» bideratu zuten orduko jabeek Gipuzkoako Korrejidorearen aurrean.
Hurrengo urteetan topatu diren datuen arabera, landa bizimodua eramateko etxebizitza izan zen XVIII. eta XIX. mendeetan. 1950eko hamarkadan, aldiz, auzoaren topagune bilakatu zen, El Filipino tabernarekin, hasieran, eta Atxiki erretegiarekin ondoren. «Taberna-merendero gisa prestatuta zegoen, eta pilotaleku bat zuen aldamenean», azaldu du Ancorak.
Familia ugariren bizitoki
300 urteko historian, familia askoren etxebizitza izan da Matxiñene, jatorrizko jabeen informaziorik ez dagoen arren. «Ez dakigu nor zen Matxin, etxe honi izena eman ziona», azaldu du Ancorak. Azken urtetan, ordea, auzoko hainbat familia bizi izan direla azaldu du Iñaki Koloma Loiolako bizilagunak. Kolomaren familia izan da, hain zuzen, baserrian bizi izan den azkena: «Azken hamabi urteak igaro ditugu baserrian eta gure bi alabak hemen jaio dira». Hasieran, baserria hutsik zegoela ikusita, okupatu egin zuela onartu du Kolomak: «Etxebizitza beharrean nengoen, eta beste hainbat lekutan bezala saiatu nintzen». Kanporatua izan zenean, ordea, jabeekin akordio batera iristea lortu zuen: «Gutuntxo bat bidali nien Arloz de Aragon familia madrildarrari, eta hilabete baten buruan, alokairu kontratua egin genuen».
Geroztik, baserria baldintza egokietan mantentzeko lan handia egin duela adierazi du Loiolako bizilagunak. Erreka aldeko fatxada birmoldatzeaz gain, teilatua ere konpondu behar izan dute urte hauetan: «Lehen urteetan, 15 bat kubo jarri behar izango genituen ganbaran, eta Loiolako bidegorria egiterakoan 30era ere iritsiko ziren», gogoratu du Kolomak.
Baserriaren egitura
Eraikinari berari dagokionez, beheko solairuak, lehenengo solairuak eta ganbarak osatzen zuten barrualdea. Bigarrena zen nagusia, egongelarekin, hiru logelekin, eta bi sukalderekin. «Bere garaian bi familia egongo ziren, alde bakoitzean sukalde bat zuen eta», azaldu du bizilagunak.
Kanpoaldea ere «probetxua ateratzeko modukoa» zen. Eskubi aldera, lorategia egin zuten: «Eremu guztia aurretik zegoen tabernako kristalez beteta zegoen hasieran, baina lorezaina naizenez, sekulako lorategia sortzeko aukera izan dugu, baratzea eta guzti». Atzealdean, txabola eta oilategi bana ere egin zituen azken urteetan. «Ahuntzak, poniak, ardiak eta antzarak izan ditugu; denetatik pixka bat», adierazi du barre artean.
Azken urteak
2015ean, proiektuaren berri izaterakoan, baserria berritzeari utzi zion. EH Bildu Donostiako Udal Gobernuan zela abiatu zen hirigintza proiektua, eta 2017an jaso zuen behin-behineko onarpena. «Besteengandik espero duzu, agian. Baina EH Bilduren proiektuarengatik nire etxetik atera behar izateak min handia egin dit».
Ancorak Donostiako 70 baserriren katalogazioa eskatu zuen orduan, banakako fitxetan oinarrituta. Horrez gain, 1813 baino lehenagoko eraikin urriei balioa emateko irizpide kronologiko bat sartzea proposatu zuen. «Bi proposamenak ezetsi ziren», deitoratu dute elkarteko kideek.
Inolako babesik gabe zegoenez, eraikina bota dute azken egunotan, eta batzuen berotasuna izan zen lekuan, hondakinak baino ez dira gelditzen egun. «Gure bizimodua eta bizi proiektua genuen baserrian. Orain, ordea, ez dago ezer» adierazi du Kolomak, nabarmen penatuta.