Hiriko berdeguneak bertako espeziez bete nahi ditu Cristina Enea fundazioak
Cristina Enea fundazioak Haziberriak ekimena jarri du martxan, udaleko Parke eta Lorategietako Sailarekin batera. Ekimenaren helburua “Donostiako zuhaitzak eta basoak bertako haziekin berreskuratzea” da, hau da, hirian zehar sakabanatutako zuhaitz eta zuhaixken jatorria bertakotzea. Izan ere, fundazioko zuzendariak zehaztu du espezie horiek kanpokoak izan ohi direla, “batez ere” Holandakoak eta Italiakoak.
Horretarako, hiriko hamabi ikastetxerekin ari dira lanean, haurrak ere ekimen honen parte izan daitezen. Ekimenak hiru fase ditu, eta une honetan lehenengoan daude: Ametzagaina parketik zuhaitz haziak hartu eta udal mintegira eramaten dituzte, bertan ereiteko. Bigarren fasea otsailean eta martxoan zehar izango da, eta orain ereindako hazi horiek landatzean datza. Azken fasea mintegi horiek bisitatzea da.