Ahanzturaren erresistentzian bi izen
'Modos de matar y morir. Víctimas del franquismo en Gipuzkoa' liburua aurkeztu du Javier Buces historialariak, eta 1970ean erregimenak hil zituen pertsonen istorioak bildu ditu: besteak beste, Jose Miguel Andueza eta Antonio Goñi nafarrenak.
1970ean hiru hildako zenbatu ziren Gipuzkoan frankismoaren polizia indarkeriak eraginda, horietatik bi Donostian. 40 urtetik beherakoak ziren biak, nafarrak, eta urteetan isilpean mantendu diren hilketak izan zituzten: 1970eko ekainean lehena, eta abenduan bigarrena , Burgosko Prozesuaren ostean dekretatutako salbuespen egoeraren baitan.
Jose Miguel Andueza Elizalde (1931-1970) izan zen urte hartako lehen biktima. Poliziak hiru aldiz tirokatu zuen artzain beratarra, Tolosa etorbidean izandako auto istripu baten ostean. Andueza, nafarra zen jatorriz, baina Ameriketako Estatu Batuetan igaro zituen bere lehen urteak. Atlantikoaz bestalde urte batzuk eman ostean bueltatu zen berriz ere Berara, eta handik hamar urtera hil zuten, Donostiara egindako joanaldi batean, 37 urte zituela.
Esteban Andueza ilobaren arabera, Infernu inguruan izandako istripu baten ondoren, liskarra sortu zen bertan aurkitzen ziren udaltzaineen eta kaltetuen artean, eta Guardia Zibilak esku hartzea erabaki zuen: «Antza denez, bi gidariak akordio batera iristen ari zirela iritsi zen Guardia Zibila, eta eztabaidatzen hasi ziren», aipatu zuen osabaren omenaldi batean. Hiltzailearen identitateak ezezaguna izaten jarraitzen duen arren, agente horietako batek hil zuen Andueza, hiru bala tiroz.
Garaiko Poliziak, baina, ondo lotu zituen hari mutur guztiak, indarkeriaren zantzu oro deuseztatu, eta biktima erasotzaile bihurtzeko. Bertsio ofizialaren arabera, Anduezak laban batekin mehatxatu zuen guardia zibila, eta agenteak bere buruaren defentsan jardun zuen. Era berean, biktimaren heriotzaren aktan, bala zauri guztiak isilean gorde zituzten, eta barne odoljario bat baino ez zuten aipatu heriotzaren jatorri gisa. Bestelako bertsiorik aipatu ez zedin, halaber, VI. Eskualde Militarreko komandanteak eta agente biktimarioaren kidego militarreko funtzionario batek egin zituen epaile instruktore eta lekuko lanak.
Hala, Anduezaren hilketa bazterrean gelditu zen urte luzez, eta familiak ez zuen aitortzarik jaso 40 urte pasatu ziren arte. 2012ko dekretu baten bitartez aitortu zuen Eusko Jaurlaritzak Andueza motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan izandako giza eskubideen urraketen biktima izan zela. Kasik hamar urte beranduago, baina, egin zitzaion aitortza instituzionala, Guardia Zibilak tiroz hil zuela 51 urte bete zirenean.
Torturen zauriak
Antonio Goñiren (1931-1970) kasua oso bestelakoa den arren, Poliziaren indarkeria du jatorrian ere. Goñi Igoa Etxarri Aranatzekoa zen jatorriz, baina Gros auzoan bizi zen Carmen Urmeneta emaztearekin, eta Valverde inprimategian egiten zuen lan.
1970eko abenduaren lehen egunetan, Brigada Politiko Sozialeko agenteek atxilotu zuten, Donostiako Parte Zaharrean. Liburuan azaltzen dutenez, bere atxiloketa Burgoseko prozesuaren aurkako manifestazio baten parte hartzeagatik izan zen, batzuen iritziz. Edurne eta Axun Goñi arreben aburuz, ordea, lanaldiaren amaitzerakoan atxilotu zuten kalez jantzitako agenteek identifikazioa eskatu ostean.
Goñi Igoa polizia etxera eraman zuten, Martuteneko kartzelara lekualdatu aurretik; «Gora Euskadi Askatuta» oihukatzea izan zen bere delitua. Polizia etxean eman zituen hemezortzi egun horietan inkomunikatuta mantendu zuten, eta zauri psikologiko latzak eragingo zizkion torturak jasan zituen.Lankideek 20.000 pezeta bildu eta kartzelatik ateratzea lortu zutenean, depresio handi batean izan zen, eta abenduaren 21ean bere buruaz beste egin zuen, emazteari ohar bat utzita; «Txakur hauek hil naute, barkatu, errezatu nigatik», esanez.
Bucesek zehaztu duenez, Eusko Jaurlaritzak Poliziaren zaintzapean hildako pertsonen kategorian gehitu duen arren, Goñi Igoaren heriotza da 1970ko hilketetatik ofizialki onartu ez duen bakarra. Hala, Nafarroako Torturatuen Sareak ia isilpean mantendu den istorioa berreskuratu du azken urteotan, antzeko kasu gehiago azaleratzeko. Biktima eta senideen plataformak mila kasu baino gehiago zenbatu ditu, eta horien «benetako aitortza eta erreparazioa» lortzeko ikertzen jarraitzeko eskatu dio EHUko Kriminologiako Euskal Institutuari.