«Interneteko salmentak ematen ez diona eman behar diozu bezeroari»
47 urteko ibilbidearen ondoren, datorren urtearen hasieran agur esango du Groseko Errenteria kaleko Deportes Tolosa denda historikoak. Arrantza artikuluak eta trofeoak saldu dituzte ia mende erdiz, baina erretiroa hartzeko garaia heldu zaio Javier Tolosari (Gros, 1957).

Noiz arte mantenduko duzu denda irekita?
Printzipioz, otsailaren bukaeran itxiko dut, orduan beteko baititut 67 urte eta erretiroa hartuko dut; ordurako, 47 urteko ibilbidea izango du egina dendak.
Ez du inork jarraituko negozioarekin?
Saiatu naiz negozioa transferitzen, baina ez da interesdunik agertu. Egia da pandemiaren osteko urteetan gaudela, eta egungo egoera ekonomikoarekin, gazteentzat ez dela batere erraza negozio bat irekitzeko maileguak lortzea, eta abar. Eta, gainera, negozio hau oso espezifikoa da, gaia pixka bat ezagutu behar duzu. Izan ere, arrantza artikuluak saltzeko, arrantzari buruzko ezagutzak izan behar dituzu, eta trofeoak saltzeko, urteekin egiten dituzun harremanak eduki behar dituzu. Azkenean, nik nire lekua egin dut trofeoen munduan, eta orain bezeroek erdi brometan esaten didate ezin dudala negozioa utzi; «zer nahi duzue, 80 urte bete arte hemen egotea, ala?», esaten diet [barrez].
Zer gertatuko da lokalarekin?
Lokala nirea da eta salgai dago. Denda ixten dudanean, hutsik geldituko da, eta batek daki zer jarriko duten hemen etorkizunean.
Goazen dendaren historia errepasatzera. Noiz ireki zenuten?
Negozioa nire aitak ireki zuen, 1977an. Trofeoen munduan beste kide batzuekin lan egitetik zetorren, eta berak horrekin jarraitu nahi izan zuen. Hasieran, trofeoak eta arrantza artikuluak ez ezik, bestelako kirol artikuluak ere saltzen genituen: futbolerako botak, kamisetak, galtzak, ehiza artikuluak, eta abar. Ordea, garaiak aldatzen joan ziren, eta espezializaziorako joera nagusitu zen. Horrela, guk trofeoen mundua eta arrantzarena ezagutzen genituen hoberen, eta bi horietan zentratzea erabaki genuen. 1990. urtearen inguruan hartu genuen espezializatzeko erabakia.
Honen aurretik, zer negozio izan zuen zure aitak?
Nire aita karrozaria zen berez, eta kale honetan bertan Carrocerias La Union negozioa izan zuen 40 bat urtez. Negozio horrez gain, beste bi kiderekin trofeoen inguruko negozio bat abiatu zuen, baina beste bi kideek ez zuten jarraitu nahi izan, eta denda hau ireki zuen berak.
Ni unibertsitate ikasketak egiten ari nintzen orduan, eta ikasketak eta dendako lana uztartzen hasi nintzen, unibertsitatea utzi eta hemen gelditu nintzen arte.
Arrantza artikuluak saltzeaz gain, arrantzalea ere bazara?
Aitak sartu zidan arrantzaren zaletasuna, bai. Hasieran, ibaian arrantzatzen nuen soilik, aita ibaiko arrantzalea zelako nagusiki; maila federatiboan ere oso sartuta ibili zen. Gerora, itsasoan ere arrantzatzen hasi nintzen, baina, zoritxarrez, ez dut denbora asko izan arrantzatzeko, dendako lana dela eta. Horregatik, espero dut orain, erretiroa hartzean, denbora gehiago edukitzea.
Ibaiko arrantzarako saldu izan dituzuen artikuluetako bat eltxoak dira. Eskuz egiten zituen zure aitak?
Ez. Bera ibaiko arrantzaren oso zalea zenez, hemendik kanpoko txapelketetara eta bestelakoetara joaten zen bakoitzean eltxo onak egiten zituen jendea bilatzen zuen, eta haiei erosten zizkien. Berak gero arrantzarako aparailuak muntatu ohi zituen hemen, bezeroei erraztasunak emateko.
Trofeoen kasuan, erosi egiten ditugu baita ere, eta hemen grabatuak eta pertsonalizazioak egiten dizkiegu.
Arrantza zaletasuna aldatu da ireki zenutenetik hona?
Nik uste dut egun garai batean baino jende gutxiagok duela zaletasuna. Ireki genuenean zortzi arrantza denda geunden Donostian, eta inguruko herrietan ere bazeuden. Orain, Donostian bi arrantza denda gelditzen gara, gu eta Costa Norte, eta inguruko herrietan denda solte batzuk baino ez daude. Orduan, lehen horrenbeste denda arrantzatik bizi baginen eta orain ez, zerbaitengatik izango da. Egia da orain jendeak Internet bidez asko erosten duela, baina, horrela ere, nik uste dut arrantzale gutxiago daudela. Belaunaldi erreleboa falta da arrantzan, segur aski, orain aisialdirako aukera askoz gehiago daudelako. Eta, normalean, arrantzatzen dutenek etxean arrantzaleren bat dutelako da.
Trofeoen negozioa egonkorragoa izan da urteotan?
Bai. Azkenean, guk gure lekua egin dugu mundu horretan, eta urte luzez bezero finkoak izan ditugu, gurekin konfiantza dutenak; federazio bateko presidentea aldatzen bada ere, federazioak gurekin jarraitzen du trofeoak egiten. Gainera, guk ez diegu hutsik egiten, eta mesedeak ere egiten dizkiegu: trofeoak eskatzen diguten lekura eramaten dizkiegu, zerbait ahazten bazaie egun batetik bestera lortzen diegu, eta abar.
Hori da merkataritza txikiaren ezaugarri nagusia, ezta?
Guk hori eman behar diogu bezeroari. Internet bidez erostea oso hotza da, baina zu saltoki txiki batera bazoaz eta Internet bidez erostea bezain hotza bada, horretarako etxetik erosten duzu. Aldiz, denda txiki batera bazoaz, eta ikusten baduzu arreta desberdin bat jasotzen duzula eta dituzun arazoak edo kezkak konpontzen dizkizutela, itzuliko zara. Gainera, trofeoen kasuan, behin harremana eginda, ez duzu zertan hona etorri behar trofeo bat behar duzun bakoitzean; telefonoz eskatzen didazu, eskatutakoa prestatzen dizut eta eramaten dizut. Eta arrantzarekin gauza bera, Internet bidezko salmentak ematen ez diona eman behar diozu bezeroari; aholkatu behar diozu, eta abar.
Nola aldatu da Groseko eta Donostiako merkataritza txikia hemen daramatzazun hamarkadotan?
Grosen saltokiak daude oraindik, baina garai batean baino askoz gutxiago; lokal huts asko daude eta betiko denda asko desagertu dira. Zergatik? Joerak aldatzen doazelako, eta orain jendeak gehiago erosten duelako saltoki handietan eta Internet bidez. Nik dagoeneko erretiroa hartuko dut, baina ez dakit zenbat iraungo duen merkataritza txikiak, zeren amildegirantz goaz zuzenean. Eta ez dakit zein den irtenbidea. Agian bideragarriagoa da nirearen moduko negozio espezializatu bat edukitzea, hona datorrenak badakielako zertara datorren. Ez dut esango sartzen diren guztiek zerbait erosten bukatzen dutela, baina gehien-gehienek bai, zerbaiten bila datozelako. Eta, hain zuzen ere, horregatik ditut Gipuzkoako beste hainbat herritatik, Nafarroatik eta mugaren beste aldetik etortzen diren bezeroak.
Baina lokal huts horiek guztiak betetzeko zerbait egin beharko da. Garai batean, tailer ugari eta industriaren arloko negozio asko zeuden Grosen, baina industriaguneak irekitzen joan ziren, eta hara joan ziren negozio horietako gehienak. Ordea, lokal horiek hutsik gelditzen dira, eta orain auzoan irekitzen dituzten negozio gehienak frankiziak eta halakoak dira.
Ospakizunen bat edo zerbait berezia egingo duzu denda itxi aurretik?
Besterik gabe, likidazioarekin jarraituko dut, eta agian urte hasieran prezioak are gehiago jaitsiko ditut, ahal bezain beste saltzeko. Ospakizuna izango da urteak beteko ditudala eta jubilatuko naizela. Eta arrantzatzera joango naiz!