Teknologiaren euskalduntzean jarriko dute fokua Euskararen Egunaren bueltan
Gertu dago Euskararen Eguna, eta Jon Insausti Donostiako Udaleko Euskara zinegotziak hirian egun horren bueltan prestatu dituzten egitasmoen berri eman du. Nabarmendu duenez, teknologian jarriko dute fokua aurten: “Jar dezagun teknologia euskaldunon alde izango da leloa, badakigulako gizartea eraldatzen ari dela, teknologiak eraldaketa handiak izan dituela eta euskarak ere bere lekua behar duela esparru horretan”.
Insaustik azaldu duenez, arlo horretan oraindik lan handia dago egiteke oraindik, eta horregatik erabaki dute fokua hor jartzea. Hiru lan ildo zehaztu dituzte: “Lehenik, jendea animatuko dugu telefono mugikorra euskaraz konfiguratzera; bigarrenik, nabigatzailea euskaraz konfiguratzera ere animatuko ditugu herritarrak eta, hirugarrenik, jarduera bereziena izango dena, ahotsak euskaraz grabatzeko eta datu base handi batean sartzeko aukera eskainiko dugu”.
“Garrantzitsua da euskarak bere tartea edukitzea teknologiaren arloan, eta, horretarako, enpresak konturatu behar dira guk eskatzen ditugula euren produktuak euskaraz”. Ahotsak grabatzeko, abenduaren 2an (13:00-20:00) eta 3an (11:00-19:00) karpa bat jarriko dute Bulebarrean, eta nahi duen orok bere ahotsa grabatu ahalko du. Halaber, hainbat auzotan ere jarriko dituzte ahotsak grabatzek espazioak. Era berean, hiriko KZ guneetan ere ordenagailuak jarriko dituzte ahots grabazioak egiteko.
Ahots horien grabazioak Gaitu.eus webgunean gordeko dituzte, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak abiatutako Gaitu kanpainaren harira kanpainaren harira sortutako webgunean. Eremu digitalean euskararen presentzia handitzea du helburu kanpaina horrek.
160 jarduera auzoetan
Ohiko legez, Donostiako auzoetan ere jarduera ugari antolatu dituzte Euskararen Egunaren harira; zehazki, 160 jarduera egingo dituzte auzoetan, azaroaren 18tik abenduaren 3ra. Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Grosen, Ibaetan, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Morlansen eta Parte Zaharrean egitarau propioak prestatu dituzte, eta Donostiako Euskara Zerbitzuaren webgunean kontsultatu ditzakezue.
Teknologiarekin lotutako jarduerez gain, kultur ekitaldiak, euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak eta haurrentzako jarduerak antolatu dituzte auzoetan