Zirkun Zirko, Antiguako ilusio eta algaren harrobi
Izaskun Ruedak urteak eman ditu munduan zehar bidaiatzen eta zirkuaren modalitateen inguruan ikasten. Orain, bildutako esperientzia bizkarrean, bere bigarren eskola ireki du Antigua auzoan, etxeko txikienek diziplina artistikoa ezagutu dezaten.

Fantasia eta magiaren mundua Antiguara iritsi da Zirkun Zirko eskolaren bitartez. Akrobata, malabarista eta trapezista txikien topaleku bilakatu ez ezik, diziplina artistikoaren zale gazteen sormen gunea bilakatu da espazio berria. Apirilean, zirkuaren munduan murgiltzeko ateak ireki zituen Izaskun Rueda Zirkun Zirko eskolako zuzendariak, eta arreta handia bereganatu zuen hasieratik. «Lehen astean 40 haur etorri ziren probatzera», aitortu du gasteiztarrak. Geroztik, auzotar asko izan dira Erregezaintza kaleko 24 zenbakian ikusminaz eta informazio bila gerturatu direnak.
Egun, 70 ikasle edo artista txikik jasotzen dituzte eskolak astean behin, baina zuzendariak 250 ditu orotara. Antiguakoaz gain, Getxon du beste eskola bat eta lurraldeko hainbat txokotan ibiltzen da eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzen: «Aieteko ikastetxean nabil baita ere, eta Gipuzkoako udal batzuekin ere egiten dut lan». Zaletasuna hauspotzen eman ditu azken urteok, eta lan horren emaitzatzat du Antiguan sortutako gunea. Hori horrela, pozik agertu da izan duen harrerarekin: «Zortea izan nuen, Jakintza ikastolako eskaileren ondoan egoteaz gain, kulturari bideratutako eskaintza zabala duen kale batean kokatu baitut eskola», aitortu du. Doka eta hainbat dantza eskola ditu inguruan, baina lehiakortasunaz kezkatu ez, eta horrek gunea aberasten duela iritzi du Ruedak.
Astelehenetik ostiralera, ilusioz beteriko haurrek betetzen dute lokala eta jolasen bitartez sartzen dira zirkuaren mundura. Hiru adin tartetan banatuta dituzte eskolak: 3-5 urte bitartekoak, 6-9 urte bitartekoak eta 10 urtetik gorakoak. «Txiki-txikienekin ere denetarik lantzen dugu, baina haiei egokitutako materiala erabiltzen saiatzen gara eta txokoetan ibiltzen dira batik bat, modu libreago batean». Hain zuzen, oinarrizko mugimenduak sustatzea dute helburu 5 urtetik beherakoen artean: «Itzulipurdikoak egiten ditugu, buruz behera jarri, oinarrizko orekak landu… Haientzako jolasak baino ez dira, baina guk ondo dakigu zeharka psikomotrizitatea eta kontzentrazioa lantzen ari direla, besteak beste».
Etengabeko irakaspena
Adinean aurrera joan ahala, zirkuko hainbat modalitatetan sakontzen hasten dira, eta askotariko elementu eta euskarriak uztartzen dituzte: «Aireko eta lurreko akrobaziak, orekak eta malabarak egiten ditugu, esaterako. Zapiekin hasi eta mazetara eta uztailetara pasatzen gara, baita diabolora ere. Oreka, aldiz, monozikloan, zilindroetan edo bizikleta txikian lantzen dugu». Lehen mugimenduak kontrolpean dituztenean, bestalde, zailtasun maila berriak sartzen dituzte ikaskuntza prozesuko erronkak areagotzeko, eta modalitateak nahasten hasten dira: «Oreka eta malabarak aldi berean egiten ditugu. Uztailak monozikloarekin bateratzen ditugu, esaterako» .
Modu batean ala bestean, urteetan ikasitakoa islatzen du eskolan. Izaskun Ruedak Zirkuko Arteen ikasketak egin zituen Madrilgo Carampa Zirku Eskolan, eta bertako ikasketa prozesua «haurrekin berdin-berdin» errepikatzeko hautua egin du: «Zirku eskolan egiten nuen moduan, haurrekin ere diziplina ezberdinak jorratzen ditugu aldi berean, eta ikuskizunen aurretik prozesu sortzaile bat sustatzen dugu». Izan ere, antzerki eta clown ikastaro labur batean murgiltzen dira Ruedaren artista txikiak. Hala, aurkezpen ekitaldia «bere osotasunean» lantzen dute, Euskal Herriko antzoki batean ikasturte amaierako emanaldia egin aurretik.
Jasotakoa eskainiz
Zirkua irakaspen artistiko iturri amaigabea izateaz gain, barne mundua ezagutzeko akuilu gisa aurkezten du eskolako zuzendariak. «Oihal batean buruz behera jartzeak barruko beldur guztiak azaleratzen ditu», azaldu du. Era berean, modalitateen zailtasunak iraunkortasuna eta frustrazioak lantzeko bide ematen du, zuzendariaren esanetan: «Diaboloaren trikimailua ez baldin bada ateratzen, behin eta berriro saiatzen zara, ateratzen den arte. Zirkuan aurrera egiten da beti, eta irakaspen horiek bizitza pertsonalera eramaten dituzte ikasleek».
Hain zuzen, irakaspen horietako askoren bitartez harrapatu zuen zirkuak Rueda: «Zirku eskolak eta lana oso gogorrak ziren. Urteak eman nituen furgoneta batean bizitzen karparen aldamenean, eta semaforoetan sos batzuk ateratzen eskola ordaindu ahal izateko. Nolabait, zailtasun guztiei aurre egiten diezu, zirkuan ere hala gertatzen baita».
Hondarribian, 19 urte zituela gurutzatu zen zirkuarekin lehendabizikoz: «Nire buruari nire bizitza nola bideratu galdetzen nion garai batean kasualitatez egin nuen topo herriko malabarista elkartearekin». Haiekin trebatzeaz gain, asteburuero hiri eta herrietako topaketetara bidaiatzen hasi zen, Madrilera ikastera joateko erabakia hartu zuen arte. Ordutik, Espainia eta Frantzia osoko txokoak igaro ditu zirkuaren munduko topaketetan parte hartzeko, eta Madrilen egoteaz gain, Hego Amerikan ibili da, bere formakuntza osatzen: «Zirkuaren munduak badu zerbait berezia, eta ongietorria sentitzen zara atzerrian bazaude ere».
Azken urteotan, ordea, Euskal Herrian bilatu du bere txokoa: «Getxoko eta Donostiako eskolekin nahikoa lan dut, eta, horrez gain, nire ikuskizun bat prestatu nahi dut datorren urtera begira». Nolanahi ere, argi du zirkuaren aukera zabaltzea duela egungo helburu nagusi: «Gazte nintzela ez zegoen halakorik inguruan eta helduago hasi nintzelarik, beldur gehiago nituen. Hein handi batean, horregatik zabaltzen dut haurrentzako eskaintza. Aisialditik harago, beharbada, baten batek bere etorkizuna topatu dezakeelako hemen».